Alaine Agirre: “neure amari zuzendutako maitasun-adierazpen bat da”

Alaine Agirre

Belaixe estudioa

Alaine Agirre idazle bermeotarrak helduentzako hirugarren nobela kaleratu berri du: Bi aldiz erditu zinez nitaz, ama. Idazleak aurreko eleberrietan erakutsi dituen dohainak agerian daude lan honetan ere: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikaltasuna bilatzea, sentimenduak leungarririk gabe espresatzea… horiek guztiek ematen diote intentsitate eta emozio berezia kontakizunari. Proiektu honek irabazi zuen 2016ko Joseba Jaka beka.

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama kaleratu berri duzu. Zure hirugarren nobela heduentzat, eta Joseba Jaka beka irabazi zuena. Esanahi bereziren bat du honek?

Nire hirugarren nobela da, esan duzun bezala, baina horrez gain uste dut ziklo bat ixten dudala: aurreko bi nobelekin (Odol mamituak eta X hil da) nolabaiteko batasuna osatzen duela: neure bizitza, beldurrak, obsesioak kontatzen ibili naiz, eta hemendik aurrera beste era bateko idazkera landu nahi nuke, ez dakit lortuko dudan baina. Jaka Sariari dagokionez, berriz, ohore bat izan da, zalantzarik gabe, eta laguntza eder bat, asko eskertzen dudana.

Eta zer da nobela honek kontatzen duena?

Ez da erraza 180 orriko liburu bat berba bitan laburtzea. Funtsean, esango nuke neure amari zuzendutako maitasun-adierazpen bat dela, eta horrekin batera familia bateko historia, bertako kideen harreman sarearen bitartez, baita beste hainbat kontu ere.

Autofikzioa egiten duten egileetakoa zara?

Ez ditut batere maite etiketak, eta hori bereziki gorroto dut. Nobelistek betidanik erabili izan dute beren bizitza eleberriak sortzeko orduan, eta nik ere horixe egiten dut, ez dut mundu berririk deskubritu. Baina inportantea testua da, eta testuan kontatzen diren ekintzek nire bizitzarekin duten lotura ez zaio inori axola; aldiz, hor kontatzen diren gauzak irakurlearengana iristen diren edo ez, hori da inporta duena; aurreko nobela batean esaten nuen bezala, “nitaz aritzea da zutaz aritzeko nire modua”.

Kapitulu laburrak erabiltzen segitzen duzu…

Irakurleek beti aipatzen didate erritmoa dela nire kontakizunen ezaugarri nagusietako bat. Pasarte laburrak idazten ditut, teknika desberdinak konbinatzen ditut, elkarrizketak eta deskribapenak txandakatu… ez dakit, ez da aurrez kalkulatutako zerbait, intuizioz ateratzen zaidana baizik.

Eta liburuaren egitura?

Hori pentsatuago dago. Printzipioz, hiru parteko nobela bat egin nahi nuen, kontzertu klasiko baten hiru parteen antzera: lehen parteko gaiak hirugarrenean garatzen dira, eta bigarrenak beste tempo bat dauka, baita beste gai bat ere. Gero, nobela amaitutzat eman ostean, beste zeozer erantsi beharra sentitu nuen, eta horregatik dauka epilogo labur bat.

Eta 100 ataltxo izatea, kasualitatea da?

Ez zen derrigorrezko baldintza bat, ez neukan planeatuta, baina hor nonbait ibiliko nintzela ohartu nintzen, eta zenbaki biribilak badute zerbait, ezta?

Eleberrian, emozioak eta sentimenduak nagusitzen direla esan liteke.

Bai, dudarik gabe. Beharbada ni neu ere sentimental hutsa naizelako. Baina, horrez gain, liburuaren amaiera aldera, pertsonaiaren maskarak erantzita azaltzen naiz irakurleen aurrean, nire kezkak, beldurrak eta itxaropenak agerian utziz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina