Bilboko Liburu Azoka gaurtik ekainaren 11 arte

Gaur irekiko ditu ateak Bilboko liburu azokak. Areatzako ibilbidean izango da Liburu Azoka ekainak 1-11 bitartean, 55 erakuslerekin. Liburu aurkezpenak, hitzaldiak, sariak, tailerrak eta liburu sinadurak osotuko dute Azoka.

elkar-en standean elkar Taldeko argitaletxeetako ondorengo idazleak izango dira euren lanak sinatzen, ondorengo egunetan:

Alaine Agirre

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (Joseba Jaka beka)

Ekainaren, 3 eta 4an

12:00etatik 14:00etara

(Irakurri +)

Alaine Agirre: “neure amari zuzendutako maitasun-adierazpen bat da”

Alaine Agirre

Belaixe estudioa

Alaine Agirre idazle bermeotarrak helduentzako hirugarren nobela kaleratu berri du: Bi aldiz erditu zinez nitaz, ama. Idazleak aurreko eleberrietan erakutsi dituen dohainak agerian daude lan honetan ere: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikaltasuna bilatzea, sentimenduak leungarririk gabe espresatzea… horiek guztiek ematen diote intentsitate eta emozio berezia kontakizunari. Proiektu honek irabazi zuen 2016ko Joseba Jaka beka.

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama kaleratu berri duzu. Zure hirugarren nobela heduentzat, eta Joseba Jaka beka irabazi zuena. Esanahi bereziren bat du honek?

Nire hirugarren nobela da, esan duzun bezala, baina horrez gain uste dut ziklo bat ixten dudala: aurreko bi nobelekin (Odol mamituak eta X hil da) nolabaiteko batasuna osatzen duela: neure bizitza, beldurrak, obsesioak kontatzen ibili naiz, eta hemendik aurrera beste era bateko idazkera landu nahi nuke, ez dakit lortuko dudan baina. Jaka Sariari dagokionez, berriz, ohore bat izan da, zalantzarik gabe, eta laguntza eder bat, asko eskertzen dudana. (Irakurri +)

Alaine Agirreren “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” liburuaren aurrerapena

Zure amak ez zuen ama izan behar, agian, baina ama izan zen eta zeu jaio zinen.

Zuk ez zenuen ama izan nahi, ez guztiz behintzat, baina ama izan zinen, eta horri esker ari naiz ni orain hau idazten.

Nik ama izan nahi nuke, baina uste dut ez dudala ama izan behar, ez zaidala komeni, eta nahi ere, ez dakit zenbateraino nahi dudan benetan ama izan.

2
–Asumitzen nabil ez naizela inoiz ama izango.
–Zergatik diozu hori?
–Neure gaixotasunagatik.
–Baina sendatu ahal zara.
–Edo ez.
–Eta, gaixotasunarekin ere, asko dira haurra izatea erabakitzen dutenak.
–Medikazioa utzi beharko nuke.
–Aldi baterako bakarrik.
–Eta diozun aldi horretan erotzen banaiz?
–Ez jarri beti txarrenean.
–Eta leihotik behera botatzen badut neure burua?
–Ez jartzeko beti txarrenean, A.
–Gainera, umeari gaitz hau transmititzen badiot?
–Nork esan dizu genetikoa denik? –diost W doktoreak. (Irakurri +)