Alaine Agirreren “Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama” liburuaren aurrerapena

Zure amak ez zuen ama izan behar, agian, baina ama izan zen eta zeu jaio zinen.

Zuk ez zenuen ama izan nahi, ez guztiz behintzat, baina ama izan zinen, eta horri esker ari naiz ni orain hau idazten.

Nik ama izan nahi nuke, baina uste dut ez dudala ama izan behar, ez zaidala komeni, eta nahi ere, ez dakit zenbateraino nahi dudan benetan ama izan.

2
–Asumitzen nabil ez naizela inoiz ama izango.
–Zergatik diozu hori?
–Neure gaixotasunagatik.
–Baina sendatu ahal zara.
–Edo ez.
–Eta, gaixotasunarekin ere, asko dira haurra izatea erabakitzen dutenak.
–Medikazioa utzi beharko nuke.
–Aldi baterako bakarrik.
–Eta diozun aldi horretan erotzen banaiz?
–Ez jarri beti txarrenean.
–Eta leihotik behera botatzen badut neure burua?
–Ez jartzeko beti txarrenean, A.
–Gainera, umeari gaitz hau transmititzen badiot?
–Nork esan dizu genetikoa denik? –diost W doktoreak.

3
Nire ama nitaz erditu zenean, ez ninduen besoetan hartu nahi izan. Edo, hobeto esanda, ezin izan zuen.
Sudurra tolestuta nekarren, alde batera plazentarekin itsatsita, eta aitak jarri zidan bere lekuan, eta garbitu, eta ukitu, eta laztandu; eta neure izenez deitu ninduen, belarrira.
Nire ama nitaz erditu zenean, negar egin zuen. Nire amak negar egin zuen hamabi ordu luzez erditu ezinean egindako indarrek akituta utzi zutelako; negar egin zuen azkenean mina bukatu zelako eta aldi berean ez zelako bukatu; negar egin zuen bere barrutik irtendako ume plazenta txixa kaka odol eta batek daki zer gehiagorekin batera maitasunaren antzeko sentimendu indartsu bat atera zitzaiolako, gelako leihoak lurruntzeraino, gelako zarata aldarri agindu intziri ziztu oro isilarazteraino; negar egin zuen, bere bizitzan lehenengo aldiz, ama izan zelako; negar egin zuen, ama izan arren, ez zekielako nola izan ama; negar egin zuen bat-batean lotzen gintuen zilbor-hestea nork ebaki ez zegoelako, eta beti eskegita izango zuen kate herdoildu bihurtua zela konturatu zelako; negar egin zuen zoriontasunez; negar egin zuen ikararen ikaraz; negar egin zuen maite zuen gizona, nire aita, bere alboan zegoelako, baina, aldi berean, gehiago behar zuelako haren presentziatik, gehiago, are gehiago; negar egin zuen, ezin zuelako hitz edo pentsamendu forman zizelkatu sentitzen zuena; negar egin zuen, negar egin zuen, negar egin zuen.

Baina nik, ama, badakit zergatik egin zenuen negar. Une hartan, zure ama ez zegoelako zurekin egin zenuen negar, gehienbat. Eta, aldi berean, ni, zure alaba, han nengoelako, azkenean, zure titietatik hozka tira zupa eginez, bizitza eskatuz bezala, zu xurgatu zurrupatu zupatu nahian, eta intzirika negarrez, zuk bezalaxe, neuk ere, momentu hartan, ez neukalako nire ama alboan; ez behintzat behar nuen moduan.

Jaitsi aurrerapena (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina