Zabalik da Martin Ugalde bekarako proiektuak aurkezteko epea

Egunkaria-k eta Berria-k genero gaietan izan duten eragina ikertzeko aukera emango du aurtengo beka deialdiak. Uztailaren 31 arte aurkeztu daitezke proiektuak, eta irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana urtebeteko epean garatzeko. Nobedade bezala, aurten, bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da.

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde bekaren deialdi berria egin dute 2017rako. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du bi urtean behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera; euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera. Aurtengoa gaiak, Egunkaria eta Berria euskarazko egunkariek genero gaietan izan duten eragina ikertzeko aukera emango du.

Deialdiaren oinarriak:

1.- 2017rako beka deialdiaren gaia izango da ‘Egunkaria, Berria eta generoa. Euskarazko egunkariak izan duen eragina genero gaietan: hizkuntza mailako ekarpena, gaien aukeraketa eta trataera, …’.

2.- Bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da. Deialdira aurkezten denak argi adierazi beharko du zein euskarritan landuko duen emaitza, eta dokumentazioa horren arabera aurkeztu beharko du.
Emaitza idatzizko euskarrian izango bada, lanak gutxienez 150 orrialde izan beharko ditu; eta, ikus-entzunezkoa bada, gutxienez 30 minutuko iraupena izan beharko du.

3.-Proiektuak aztertzean, puntu hauek hartuko dira kontuan, besteak beste: azalpen testuaren kalitatea, informazioaren zehaztasuna, ikerketaren berritasuna, iturrien aberastasuna, azterketaren alde kualitatiboa…

4.- Banaka nahiz taldean aurkez litezke parte hartzaileak. Proiektu bakoitzaren egileak honako hauek aurkeztu beharko ditu, posta elektronikoz atxikitako dokumentuan:

a) Egilearen edo egileen curriculum laburra, orri banatan, egindako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
b) Egin nahi den lanaren azalpena, 4-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz.
c) Idazlanaren edo gidoiaren lagina, 15-20 orrialde bitartekoa.

5.- Proiektuak 2017ko uztailaren 31ra arte bidal daitezke, helbide honetara: beka@kulturparkea.eus. Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi helbide berera.

6.-Bekaren deitzaileak diren eragileetako bakoitzak eta erakunde laguntzaileak izendatutako ordezkari banarekin osatuko da epaimahaia, eta www.kulturparkea.eus helbidean jakinaraziko da nork osatuko duen, lanak bidaltzeko epea amaitu aurretik.

Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikideek.
Epaimahaiak aholkua eman ahalko dio irabazleari, proiektua osatu eta hobetze aldera. Irabazleak konpromisoa hartu beharko du aholku horiek aintzat hartzen saiatzeko.

Era berean, deitzaileek prestasuna adierazten dute eskura dituzten informazioak irabazlearen eskuetan jartzeko, ikerlana gauzatu ahal izateko.

Bekaren irabazlearen berri 2017ko azaroaren 11n jakinaraziko da, Martin Ugalde kultur parkean.

7.-Bekaren irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana egiteko (legez egin beharreko atxikipenak barne). Bekako diru kopuruaren erdia izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, lana amaitua entregatu eta epaimahaikideek onespena emandakoan.

8.- Irabazleak, gehienez, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du lan amaitua antolatzaileei helarazteko. Antolatzaileek eta epaimahaiak erabaki dezakete epe hori luzatzea, horretarako arrazoiak ikusiz gero; inoiz ez sei hilabete baino gehiago.

9.- Irabazleak lana entregatuko ez balu, edo haren izaera eta kalitatea, epaimahaikideen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaskarragoak balira, irabazleak itzuli egin beharko luke jasotako dirua.

10.- Diru laguntza jasotako lanaren jabetza egilearena izango da. Egindako lanaren zabalkundea eta dibulgazioa helburu, Martin Ugalde kultur parkeak argitaratuko du idazlana edo ikus-entzunezkoa, gainerako deitzaileekin batera, eta egile eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikideek onespena ematen dutenetik sei hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua edo ikus-entzunezkoa, eta, bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.

Helburua dibulgazioa dela kontuan hartuta, lanaren tamainaren arabera, idatzizkoaren kasuan, deitzaileek erabaki ahal izango dute paperezko argitalpena, lan osoarena izan ordez, laburpen batena izan dadin paperean. Hori horrela egingo balitz ere, lan osoa modu digitalean gizarteratzeko konpromisoa hartuko da.

11.- Beka deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horiek ulertzeko zalantzarik balego, epaimahaikideei dagokie erabakitzea, eta, epaimahaikideek egin ezean, antolatzaileak erabakiko du.

(Kulturparkea.eus webgunetik hartutako informazioa)

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina