Olatz Mitxelenak irabazi du Igartza saria

Olatz Mitxelena Larreta idazle oiartzuarra izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hogeita lau urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamabi proiektu aurkeztu dira, eta “Arrakalak” izeneko ipuin-bildumaren proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.

ELKARRIZKETA:

Aurkeztu iezaguzu zeure burua: nor da Olatz Mitxelena?
Nortasun Agiriko datuetatik hasita, Olatz Mitxelena Larreta naiz, oiartzuarra, 1989an jaioa, Martin eta Lourdesen alaba. Gehixeago esateko, ez dakit… zalantzatia naiz, Filosofia ikasi nuen, eta galdera handia da egindako hori… Euskara irakaslea naiz Bigarren Hezkuntzan, kultur zalea, bidaia zalea, sentibera, burugogorra, hitz gutxikoa baina hitzaren zalea, lotsatia. Eta beste gauza batzuk.

 

Idazten aspalditik zabiltzan arren, honakoa izango da argitaratuko duzun lehen liburua, ezta?
Aspalditik idazten dudala baino idaztearekin aspalditik dudala harremana esango nuke; joan-etorriko harremana, intermitentea. Gaztetxotan literatur lehiaketei lotuagoa; Azkue eta Urruzuno lehiaketetan sari batzuk irabazi nituen. Filosofia ikasten ari nintzela, pentsamenduari eta lan akademikoagoei lotua. Ondoren, Bergarako Idazle Eskolan ere ibili nintzen. Tartean eta geroztik, beti izan dut koadernoren bat edo beste inguruan, baina inoiz ez dut ez maiz ez asko idatzi. Aurten -erabaki kontzientea izan zen-, urte hasieratik izan ditut bi koaderno ondoan. Eta horietatik sortu da, neurri batean, ipuin-liburu hau; argitaratuko dudan lehena.

Ipuin-liburua izango da “Arrakalak”. Entrenatuz joateko motxean aritzea erosoagoa delako, ala ipuin-generoaren zalea zarelako?
Bigarrena. Irakurtzeko, egia esan, nobelak eta ipuinak, biak ditut gogoko. Baina idazteko, ipuin-generoa dut gustuko, edo ipuinen tankerako zerbait ateratzen zait, edo ipuina dakit, izatekotan, egiten. Ez dut inondik ere entrenamendutzat, nobela idazten hasteko aurreko pausotzat edo. Nire buruan ez da nobelarik kabitzen. Eszenak etortzen zaizkit burura, pentsamendu zatiak, irudiak, esaldiak; pieza txikiak. Horiei forma ematen saiatzen naiz gero.

Ipuinak idatziko dituzu, baina ez duzu estetika oso zehatz bat erabiltzen, era askotako istorioak dituzu esku artean…
Gai aldetik ezberdinak dira, eta estilo aldetik ere bai. Lehiaketara ere hala aurkeztu nuen proiektua: nik behintzat, bi multzotan ikusten ditut estilo aldetik, arrakalari begiratzeko bi begirada: jolastiagoa, bata, absurdora edo surrealismora gehiago hurbiltzen dena; intimoagoa eta hausnarketari lotuagoa, bestea. Ez da hautu bat izan, egia esan, bietara ateratzen zait; agian ni ere bi horien artean mugitzen naizelako.

Eta tartean fantastikoak, errealismoa ia ildo bakartzat nagusitu den garaian…
Gustatzen zait artearen eta literaturaren paper jolastia eta gozatzen dut jolas egiten duen literaturarekin. Horrekin lotuta dago ipuin batzuek duten puntu surrealista edo fantastikoa. Baina jolasaren eremu horretatik harago, edo jolasari berari esker, hain justu, konturatu naiz gauza batzuk esaten lagundu egiten didala horrek; errealitatetik pixka bat urruntzeak eta distantzia hartzeak errealitateaz hobeto pentsatu eta hitz egin ahal izatea ematen didala. Errealista izateko modu bat da, beraz, fantasiara jotzea, agian.

Ipuinen askotariko gai eta tekniken atzetik, zerk lotzen ditu, egile bera izateaz gain?
Proiektuari izena ematen dion kontzeptua da, nagusiki, ipuinak lotzen dituena: arrakalak; gure baitan, gogo eta gorputzetan, zein gure arteko harremanetan sortzen direnak. Batzuk, arinagoak: eguneroko kezkak, komunikazio falta, kontraesanak…; sakonagoak, beste batzuk: obsesioak, miseriak, amatasuna, heriotza…

Arrakala horiek, zenbateraino dira zureak, pertsonalak, eta zenbateraino orokorragoak, gu guztionak edo kolektibo batenak?
Abiapuntuan eta oinarrian, nireak dira: nire arrakala propioak izan dira idaztera eraman nautenak, nire arrakalak dira paperean jarri ditudanetako batzuk eta nire arrakaletatik begiratzen diet ingurukoenei ere. Baina, oinarrian hori egonagatik, ingurukoenak ere badira, noski. Esan nezake, nireen bidez, ingurukoen arrakaletan miatzen eta behatza sartzen ari naizela. Alde horretatik, ingurukoei ia barkamena eskatzeko behar bat ere ari naiz sentitzen, baimenik eskatu gabe beraien lokatzak ari naizelako idazten.

Bada nirea den joera bat, gauzen alde iluna ikustekoa, baina bada, kasu honetan behintzat, bilatutako zerbait ere: bizitzaren eta pertsonen alde ilun horiek azpimarratu nahi ditut, horiek bakarrik ez baina horiek ere badirelako. Eta batzuetan joera bat ikusten dut alde ilunago hori ezkutatzekoa edo salbuespen edo akzidente bat balira bezala begiratzekoa. Eta uste dut bizitzari serio, zintzo begiratzeko, beharrezkoa dela hori presente edukitzea.

Bidaia kronikak idatzi izan dituzu, eta bidaia artean harrapatu zaitugu orain. Horrek badu islarik zure idazkeran? Non girotzen dira zure istorioak?
Gorputzean eta etxean, Oiartzunen, Euskal Herrian, girotzen dira ipuinak. Zentzu orokor batean bizitzaz ari naiz idazten, eta ni Oiartzunen bizi naiz; hori da nire eta nire ipuinen sorlekua.

Egia da bi urtetan Berriak antolatutako Bidai eta Mendi Kroniken Lehiaketan saritu nautela; 2018an irabazle eta 2019an finalista. Bikotea eta biok oso bidaia zaleak gara eta urtero egiten dugu bidaia handiren bat; horien kronikak idatzi nituen, oso gustura egia esan. Ez nuke esango, dena dela, bidaiek eta kronikek ipuin hauekin loturarik dutenik, nahiz eta batzuen eta besteen idazkeran suma litekeen agian antzekotasunik. Begirada eta kokalekua ezberdinak dira, baita helburua edo asmoa ere. Bestetik, esan duzun moduan, aurten urte berezia dugu, oporrak luzatu eta abuztutik urtarrilera bitartean kanpoan bizitzeko oparia egin diogulako gure buruari. Markaren bat utziko du horrek seguruenik, baina ez dut uste idazkera markatuko duenik.

Igartza saria irabazi berri duzu; sariaren historia kontuan hartuta, zerbait sentiarazi dizu horrek?
Lehenengo, izugarrizko poza, eta, ondoren, kristoren errespetua, bertigoa, kezka. Izen handiak daude Igartzaren zerrendan eta lekuz kanpo ikusten dut nire burua horien ondoan. Baina ez nioke horri gehiegi begiratu nahi; sari bat sari bat da, ez gehiago eta ez gutxiago: momentu jakin batean, lan jakin batzuen artean, epaimahai jakin batek nire proiektua saritu du. Proiektu hori gauzatzea tokatzen da orain, eta horretan zentratu nahi nuke, ahal bada, gozatuz.

Eta orain, amaitzeko konpromisoa eta epe bat edukita, zer da hori: akuilua? presioa?
Esandako horri lotuta, banuen eta badut presio bihurtzeko beldurra eta, era berean, horrek nolabait blokeatzekoa. Presioa bada; hori ezin da ukatu. Baina, esan behar dut, normalean presioa akuilu izaten dudala eta konpromisoak, egin beharrak, epeak… egiten eta sortzen laguntzen didatela. Eta, oraingoz, egia esan, horrela ari da izaten.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina