Lur eta Amets pantaila handira

Aski ezagunak dira Lur eta Amets Euskal Herriko gaztetxoen artean. Gure historian barrena eraman dituzte azken urteotan, liburu, ipuin eta mahai-jokoen bidez. Oraingoan pauso bat aurrera egin eta animazio-luzemetraia bilakatu dira. Euskal Herriko historia inoizko erakargarrien azalduko zaigu otsailetik aurrera.

Aspaldiko ametsa errealitate bihurtu da. Izan ere, badira hamar urte filma egiteko ideia sortu zenetik. Ezinezkoa zirudien ilusio hura, pausoz pauso, errealitate bihurtzen hasi zen. Ipuinak, kontsulta liburua eta mahai jokoa etorri ziren lehenengo. Azkenik, 2017. urtean, filma egiteko prozesua abian jarri zuten. Orain, bi urte igaro ondoren, luzemetraia bukatzear dago. Lehenengo aurkezpen publikoa Durangoko Azokan izango da eta zinemetan 2020ko otsailaren 7an egingo da estreinaldia.

Lur eta Amets titulupean argitaratutako liburu eta ipuinak dira Elkar, Katxiporreta, Ikastolen Elkarteak eta Lotura Filmsek ekoitzitako animazio luzemetrai honen mamia. Gure historian barrena hara eta hona ibili eta abentura gazi-gozoak biziko dituzte Lur eta Amets neba-arreba bikiek, bere amona Andere eta Baltaxar katuaren botereei esker. (Irakurri +)

53 DA! – ‘Poza’ aurkeztu dute Saguganbaran (abenduak 8)

Poza‘ bertsoz eta ilustrazioz osatutako album ilustratua da, pozari kantatu eta dantzatzeko liburua. Etxeko txikienak nahiz adinekoak gozatzeko modukoa. Uxue Alberdik idatzia, Eider Eibarrek ilustratua eta Iban Urizarrek musikatua.

Uxue Alberdik ezin izan du etorri baina Eider Eibar izan dugu Saguganbaran album ilustratua aurkezten.

Hemen dituzue liburuari hasiera eta bukaera ematen dieten poemak eta behean, aurkezpenaren bideoa. 

   

“Zer da plazer txiki hau 

bertso berrietan? 

Xomorroak al zaizkit

hasi errietan? 

Azkura eginez oin

eta gerrietan…

Urduri jartzen dira 

Udaberrietan! 

“Pozak badaki hegan

Guk baino gorago!

Hanka ugari ditu…

Edo bat gehiago!

Ezkutatuko balitz,

xomorro, pikaro…

Zuk ikusi ez arren

beti hortxe dago. 

 

(Irakurri +)

Uxue Alberdi: “Jende gutxirekin konpartitutako ideiak garatzeko aukera eman dit fikzioaren distantziak”

Argazkilaria: Jonathan Mccallum

Nagore Vargas du pertsonaia nagusi Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa) eleberriak, haurtzarotik molde askotako borrokatan eta disidentziatan zaildutako neska gaztea. Ziurtasun dogmatikoetatik urruti, gai askoren inguruko pentsagaiak zabaltzen dituzte hala Nagoreri gertatutakoek nola Nagorek gertatzen zaizkion horiei emandako erantzunek.

“Arima otxenteroa” duela dio Nagore Vargasek, nobelako protagonistak. Borrokalaria da (“Borrokan bizirik sentitzen naiz”, dio; “bakean, hilda”), baina ez soldadu baten antzera, disidente petoa baita, errebeldea. Zerk bultzatu zaitu horrelako pertsonaia bat sortzera?

Haurtzaroko baldintza makurrek eraginda identitate gotorra eraiki behar izan duen pertsonaia sortu dut, errebelde bat: Nagore Vargas Espainiako migratzaile ezkertiarren ondorengoa da, tabernarien alaba, klase-kontzientzia eta zapalduaren identitatea bereganatzen dituena txikitatik. Langile-auzo bateko kaleetan eta gurasoen taberna otxenteroan iniziatuko da eta oso gazterik hartu beharko ditu heldu bati legozkiokeen ardurak eta erabakiak. 80ko eta 90eko hamarkadetako krispazio-giroak bat egiten du Nagoreren egitura emozionalarekin: justizia-grina du, biolentziarako predisposizioa, autoritatearen kontrako jarrera, gainezka egindako amorrua, arbasoak mendekatzeko premia… Baina, gutxien espero duenean, goitik behera amilduko zaio bere buruaz sortu duen irudia, identitate zaharrak hondamenera baino ezin eraman dezakeela ohartuko da, eta berriro marraztu beharko ditu klasearen, aberriaren eta sexuaren koordenatuak. Identitatearen berrasmatze prozesu bat da Nagorerena, gorputzari lotua, oso intimoa eta, aldi berean, Euskal Herriaren ibilbide identitarioaren ispilu izan daitekeena.  (Irakurri +)

Uxue Alberdi: “Besarkada bat osatu nahi izan dugu poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean”

_DSC5033 Nola deskribatuko zenuke Besarkada ipuin ilustratua?

Album ilustratu bat da, nire koplez eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioz osatua. Besarkada bat osatu nahi izan dugu poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean. Haragizko besarkadan nola, bat egiten dute mundu sinbolikoak eta fisikoak, intuiziozkoak eta poetikoak. Bidaia bat da biltzearen eta askatzearen artean, bizitzaren eta heriotzaren arteko kulunkan.

Besarkada kantua ere bada: koplekin abesti bat sortu dugu; eta bizia ere bada: Maiteren ilustrazioak animazio bilakatu baititugu. Dena bildu dugu liburu txiki batean. (Irakurri +)

Apirilak 2 Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna

Apirilaren 2a haur literaturaren eguna izaten da urtero, eta aurtengoan aukera paregabe hau aprobetxatu nahi izan dugu Elkar argitaletxeak aurtengo udaberrian kaleratuko dituen haur literaturako altxorrak aurkezteko. Beste hainbatetan aurkeztu izan den bezala, argitaletxeak adin ezberdinetako haurrentzako bildumak ditu bere katalogoan. Aurtengo udaberrian aurkeztuko ditugunen artean daude Kuku, Eta zer? eta Xaguxar bildumak.

Kuku bilduma:
(8 urtetik gorakoentzat)

Bi kobazulo    

Bi kobazulo
Uxue Alberdi eta Antton Olariaga

 Hodei eta Argi bikiak elkarrengandik aparte bizi dira tximista batek euren kobazuloa erdibitu zuenetik. Anai-arrebek ez daukate elkarren berri, euren iragana erabat ahaztu baitute. Mundu zatituak eta pertsona zatituak batasun bila abiatuko dira istorio honetan, eta, horretarako, iluntasunean bidaiatu beharko dute eta amildegien aurrean, jauzi egin. Gure beldurrei buruzko ipuina da, gure barne hausturei buruzkoa, fantasiaz eta magiaz kontatua.

 Ama gaiztoaren ipuina    

Ama gaiztoaren ipuina
Antxiñe Mendizabal eta Aritz Eiguren

“Bazen behin ama gaizto bat…” horrela hasten den ipuinik ez zenuen irakurriko. Izan ere ipuinetako amak, guztiak dira onak. Txanogorritxoren ama ez ote zen, baina, arduragabe samarra? Eta Ahatetxo itsusiarena koldar antzekoa? Eta Hansel eta Gretelena gaiztoa baino gaiztoagoa? Eta zuk, zer uste duzu? Ba al dago ama gaiztorik ipuinetan? Eta benetan? “Hala bazan, ez bazan…”, ipuin hau nola bukatu, zuk esan.

Eta zer?:
(8 urtetik gorakoentzat)
(Irakurri +)

Uxue Alberdi: gure beldurrei buruzko ipuina da, gure barne-hausturei buruzkoa

Bi kobazuloUxue AlberdiUxue Alberdi idazle ezagunak ibilbide oparoa darama euskal literaturan. Dagoeneko urteak pasa dira Aulki bat elurretan lehen ipuin-bilduma argitaratu zuenetik. Geroztik, helduentzako zein gazteentzako lan ugari kaleratu ditu. Oraingoan, Antton Olariagaren marrazkiekin ilustratua haur literaturako Bi kobazulo liburua kaleratuko du.

Zer kontatzen duzu ipuinean?

Bi umeri buruzko ipuina da, eta bi munduri buruzkoa. Hodei eta Argi bikiak dira, baina tximista batek euren kobazuloa erdibitu zuenetik elkarrengandik aparte bizi dira, bi kobazulotan. Jakin, ez dakite hor nonbait euren bikia badenik ere, iragana erabat ahaztu dute. Hodeiren kobazuloa mundu euritsu eta hotzean dago; Argirena, aldiz, paraje sargori eta eguzkitsuan. Argik ez daki euriaren berri; Hodeik ez daki eguzkia zer den. Ipuin tristea da, baina amonak esaten dien bezala, badu amaiera zoriontsuago bat ume ausartentzat. Mundu zatituak eta pertsona zatituak batasunaren bila abiatuko dira istorio honetan, eta horretarako, iluntasunean bidaiatu beharko dute eta amildegien aurrean, jauzi egin. Gure beldurrei buruzko ipuina da, gure barne-hausturei buruzkoa, fantasiaz eta magiaz kontatua. (Irakurri +)