Apirilak 2 Haur Literaturaren Nazioarteko Eguna

Apirilaren 2a haur literaturaren eguna izaten da urtero, eta aurtengoan aukera paregabe hau aprobetxatu nahi izan dugu Elkar argitaletxeak aurtengo udaberrian kaleratuko dituen haur literaturako altxorrak aurkezteko. Beste hainbatetan aurkeztu izan den bezala, argitaletxeak adin ezberdinetako haurrentzako bildumak ditu bere katalogoan. Aurtengo udaberrian aurkeztuko ditugunen artean daude Kuku, Eta zer? eta Xaguxar bildumak.

Kuku bilduma:
(8 urtetik gorakoentzat)

Bi kobazulo    

Bi kobazulo
Uxue Alberdi eta Antton Olariaga

 Hodei eta Argi bikiak elkarrengandik aparte bizi dira tximista batek euren kobazuloa erdibitu zuenetik. Anai-arrebek ez daukate elkarren berri, euren iragana erabat ahaztu baitute. Mundu zatituak eta pertsona zatituak batasun bila abiatuko dira istorio honetan, eta, horretarako, iluntasunean bidaiatu beharko dute eta amildegien aurrean, jauzi egin. Gure beldurrei buruzko ipuina da, gure barne hausturei buruzkoa, fantasiaz eta magiaz kontatua.

 Ama gaiztoaren ipuina    

Ama gaiztoaren ipuina
Antxiñe Mendizabal eta Aritz Eiguren

“Bazen behin ama gaizto bat…” horrela hasten den ipuinik ez zenuen irakurriko. Izan ere ipuinetako amak, guztiak dira onak. Txanogorritxoren ama ez ote zen, baina, arduragabe samarra? Eta Ahatetxo itsusiarena koldar antzekoa? Eta Hansel eta Gretelena gaiztoa baino gaiztoagoa? Eta zuk, zer uste duzu? Ba al dago ama gaiztorik ipuinetan? Eta benetan? “Hala bazan, ez bazan…”, ipuin hau nola bukatu, zuk esan.

Eta zer?:
(8 urtetik gorakoentzat)

 Bihotza lo daukat, eta zer?    

Bihotza lo daukat, eta zer?
Alaine Agirre eta Jokin Mitxelena

Martinak bihotza lo dauka; bera ere ez da gauza bere bihotzaren taupadak entzuteko, haren zurrungak baino ez ditu entzuten. Eta horregatik, erdi-lo dago askotan, ametsen munduan. Amari, halako batean, ideia bat bururatuko zaio alabaren bihotzak taupada berreskuratu dezan: etxez aldatuko dira.

 Ez naiz barazkijalea, eta zer?    

Ez naiz barazkijalea, eta zer?
Txani Rodriguez eta Iosu Mitxelena

Mikel barazkijalea da, gurasoek, haren hobe beharrez, horrela erabakita. Egun batean, ordea, aitita Xalbadorren baserrira joanda, aurreneko aldiz dastatuko du Mikelek txorixo puska bat, eta handik aurrera gauzak aldrebesten hasiko zaizkie, berari eta baita gurasoei ere.

 Xaguxar:
(8 urtetik gora)

 Hau ez da zoo bat    

Hau ez da zoo bat!
Alaine Agirre eta Iratxe Lopez de Muniain

Malenek betidanik nahi izan du animaliaz inguraturik bizi, baina kaleko pisu batean ez da erraza, eta gurasoek ez dituzte ikusten eragozpenak baino. Oztopoak oztopo, Malenek aurrera egingo du. Lehenengo, ikasgelako landare eta animaliak zainduz. Gero, andereño Anak oparitutako arrain parea gobernatuz. Eta ondoren etorriko direnak…

 Puka, erleak eta traktorea    

Puka, erleak eta traktorea
Jokin Mitxelena

Egun-pasa doa Puka bere familiarekin. Aitona-amonen baserrira doaz, ondo jan eta hobeto pasatzeko asmoarekin, baina burugabe samarrak dira denak ere, arriskuez ohartzen ez direnak, eta Pukak, bere usaimenari esker, bataren eta bestearen atzetik ibili behar, gizaki arraio horiek deskalabrurik ez izateko.

 errotondan-bueltaka    

Errotondan bueltaka
Leire Bilbao eta Eider Eibar

Urko, egunero bezala, autobusera igo da eskolara joateko. Eta, egunero bezala, autoz betetako errotonda batean geratuko da autobusa. Urkok izugarrizko txizagura du eta autobusaren geldialdia aprobetxatuko du jaitsi eta errotondan pixa egiteko. Baina autobusak ihes egingo dio eta hantxe geratzea beste erremediorik ez du izango. Gauza harrigarriak ezagutuko ditu bertan. Lewis Carrollen Alizia herrialde miresgarrian liburua motxilan sartuta iritsi da Urko errotondara. Irudimenez eta fantasiaz gainezka egiten duten pasadizoak biziko ditu bertan eta, irtetean, zer pentsatua emango dioten hainbat kontu eramango ditu berarekin.

 bihotzak dun-dun    

Bihotzak dun-dun
Antxiñe Mendizabal eta Aritz Eiguren

Learen aita langabezian geratu, eta goiko Ixidro zaharra zaintzen hasi da. Neskatxoak harreman hori, eskolako gorabeherak, familiako kontuak, lagunen arteko abenturak eta abar kontatuko dizkigu, baita noizean behin izaten dituen “bidaiak” ere. Bidaia horietan amets bera izaten du beti: oraindik zein den ez dakien lore bat topatu beharra. Urtaroen haritik eta hainbat testu mota erabiliz –gutunak, poemak, igarkizunak, kantak…– ume sentibera baten eguneroko bizimodua kontatu digu Miren Agur Meabek.

 Elefante bat hegan  

Elefante bat hegan
Patxi Zubizarreta eta Aitziber Alonso

Munduaren historian uholde asko gertatu arren, bakarra izan zen Uholde Unibertsala. Berrogei egunetan izan zen euria, urak lur oso-osoa estali zuen eta Noek itsasontzi miresgarri bat eraiki zuen… Hori jende guztiak daki; baina elefante bakarra salbatu zela, eta arkan Jafet zuela adiskidea, Noeren semea, hori oso jende gutxik daki. Orduko gertakari harrigarriak ezagutu nahi badituzu, elefante bat hegan ikusi nahi baduzu, hementxe duzu aukera paregabea, aukera zirraragarria…

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina