Uxue Alberdi: gure beldurrei buruzko ipuina da, gure barne-hausturei buruzkoa

Bi kobazuloUxue AlberdiUxue Alberdi idazle ezagunak ibilbide oparoa darama euskal literaturan. Dagoeneko urteak pasa dira Aulki bat elurretan lehen ipuin-bilduma argitaratu zuenetik. Geroztik, helduentzako zein gazteentzako lan ugari kaleratu ditu. Oraingoan, Antton Olariagaren marrazkiekin ilustratua haur literaturako Bi kobazulo liburua kaleratuko du.

Zer kontatzen duzu ipuinean?

Bi umeri buruzko ipuina da, eta bi munduri buruzkoa. Hodei eta Argi bikiak dira, baina tximista batek euren kobazuloa erdibitu zuenetik elkarrengandik aparte bizi dira, bi kobazulotan. Jakin, ez dakite hor nonbait euren bikia badenik ere, iragana erabat ahaztu dute. Hodeiren kobazuloa mundu euritsu eta hotzean dago; Argirena, aldiz, paraje sargori eta eguzkitsuan. Argik ez daki euriaren berri; Hodeik ez daki eguzkia zer den. Ipuin tristea da, baina amonak esaten dien bezala, badu amaiera zoriontsuago bat ume ausartentzat. Mundu zatituak eta pertsona zatituak batasunaren bila abiatuko dira istorio honetan, eta horretarako, iluntasunean bidaiatu beharko dute eta amildegien aurrean, jauzi egin. Gure beldurrei buruzko ipuina da, gure barne-hausturei buruzkoa, fantasiaz eta magiaz kontatua.

Amona eta iloben arteko harremana aukeratu duzu oinarrizko gai bezala.

Hiru amona ageri dira ipuinean, baina bat bera dira. Amona jakinduria da, eta konplizitatea, eta memoria. Bidea erakusten dien argia da. Pertsonaien ipuin modura irakurri daiteke “Bi kobazulo”, edo interpretazio psikologikoagoa egin: gure baitako amona, gure baitako biki apartatuak, gure baitako kobazuloak, amildegiak… Ipuin sinbolikoa da, baina abenturazko ipuin modura ere funtzionatzen du. Irakurle bakoitzak erabakiko du zein interpretazio egin.

Nondik nora sortu zaizu ipuin honen ideia? Inspirazioa nondik dator?

Andoni Bastarrika azpeitiarrak kontatu zidan ipuin honen ernamuina, eta kontakizun hura moldatu eta idatzi dut. Berak kontatu zidanean oso “neurea” sentitu nuen ipuina eta nik idatzia irakurri duenean “oso berea” sentitu du Andonik. Ipuin magikoa dela iruditzen zait: umetatik zerbait galdu izanaren kontzientzia lausoa dugunontzat, behinik behin. Nire kasuan, zerbait hori literaturaren bitartez aurkitu nahian ari naizela sentitzen dut.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin