Uxue Alberdi: “Besarkada bat osatu nahi izan dugu poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean”

_DSC5033 Nola deskribatuko zenuke Besarkada ipuin ilustratua?

Album ilustratu bat da, nire koplez eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioz osatua. Besarkada bat osatu nahi izan dugu poesiaren eta artearen bidez, samurtasunaren eta fintasun kromatikoaren artean. Haragizko besarkadan nola, bat egiten dute mundu sinbolikoak eta fisikoak, intuiziozkoak eta poetikoak. Bidaia bat da biltzearen eta askatzearen artean, bizitzaren eta heriotzaren arteko kulunkan.

Besarkada kantua ere bada: koplekin abesti bat sortu dugu; eta bizia ere bada: Maiteren ilustrazioak animazio bilakatu baititugu. Dena bildu dugu liburu txiki batean.

Nori eskainitako besarkada sortu nahi izan duzue?

Koplak idatzi nituenean besarkada jakin bat nuen buruan, eta aldi berean nire bizitzan jaso eta eman ditudan besarkada guztiak, baita jaso eta eman gabe gelditu zaizkidanak ere. Besarkada liburuak eta kantuak izan nahi lukete besarkada bat eskaini nahi duenarentzat, besarkatua izan nahi duenarentzat edo, besterik gabe udazkeneko besarkada baten lekuko izan nahi duten irakurle zein entzuleentzat.

Zure koplak Maite Gurrutxagen irudiekin batera doaz. Musikan berriz, Ruben Caballeroren laguntza izan duzu. Nolakoa izan da diziplina ezberdinen arteko lana?azala

Maiteri koplak bidali nizkionean segituan egin zituen ilustrazioak, eta liluratuta gelditu nintzen. Uste dut Maiteren estiloa ezin hobeto egokitzen zaiola poema honi: zehaztasuna, xehetasuna, goxotasuna, txikitasuna, sugerentzia… bilatu nahi izan ditugu bai hitzetan bai irudietan. Bestalde, niretzat Besarkada beti izan da kantatua, koplak idazten ditudanean beti doinuren baten gainean sortzen baititut. Rubenek ezin hobeto harrapatu eta birsortu ditu Besarkadaren giroa eta tonua.

Bitxia, eta aldi berean erritmikoki oso lasaigarria egiten da testuaren irakurketa, audioa eta irudien arteko uztarketa. Hori bilatu al duzue?

Guretzat besarkada bat den hori birsortu nahi izan dugu: beste gorputz batera abandonatzea, hari lotzea eta askatzea. Mugimendua bilatu dugu: ixtea eta irekitzea, sortzea eta hiltzea, irtetea eta barneratzea, bat izatea-bi izatea… kulunka hori.

Zein publikori zuzenduta dago?

Den-denok gara besarkadak ulertzeko eta estimatzeko gai. Hitzez, irudiz, kantuz… azala hainbat eratan zeharkatzen ahalegindu gara, ea norengana iristen den.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

1 Comment

  1. Eskerrik asko marrazkilari, musikari, bertsolari, animatzaile, argitaratzaile… lanetan ari zaretenei opari samur eta goxo honengatik.

Iruzkin bat egin