Euskaraz gehiago!

“Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” mezuarekin bat eginda milaka lagun atera da Bilboko kaleetara, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde eginez. Oldarraldiaren aurrean, euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko unea dela esateko atera da jendea kalera, hizkuntza politikan jauzia egiteko garaia dela esatera. Sinestarazi nahi diguten kontrara, euskara ez da segregazio eta bazterketarako tresna; guztiz kontrakoa. Euskarari dagokion lekua eman eta behar den hizkuntza politika egiten bada, euskara  kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbestekoa da, Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak, Idurre Eskisabelek ondo adierazi izan duen moduan.

Euskal Herriko eragile eta norbanakook euskaraz gehiago egiteko baldintzak sortzen, eta euskaraz gehiago egiten jarri behar ditugu indarrak. Beharrezkoa da hizkuntza politika sendo baterako akordioak egin eta haiek sustatzea. Kontseiluak Batuz Aldatu dinamikari esker zehaztu duen moduan, euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea da helburu nagusia. Horretarako, hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatu beharko dira, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik izan. Hala izan dadin, hizkuntza politika egokia behar da, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskara eroso erabiltzeko espazioak sortzea, garatzea eta elkarlotzea eragingo duen hizkuntza politika. Euskararekin bat egitea da norabide horretan jartzea.

Eta eragileek hizkuntza politika indartsu baterako oinarriak jartzen dituzten bitartean, ezin norbanakoak geldirik egon. Norbanako bakoitzak ere badu egitekoa, egoerak askotan lagunduko ez badu ere, norberaren esku ere bai baitago euskaraz gehiago egitea.

Euskaldunek euskaraz egiten duten neurrian, euskaraz ariko den herria lortzera begirako hizkuntza politika eragiten ariko dira, eta oldarraldiari galga jartzen. Norbanakoak hori du eskura, euskara gehiago egitea: hizkuntza erabiliz dakienak eta ikasiz, berriz, oraindik ezagutza murritz duenak.

Euskaraz egin etxean, lanean, lagunartean, euskaraz bizi eta euskal kulturari lotu, horiek dira norbanakoaren esku daudenak, norbere euskalduntzea indartzearekin batera euskararen aldeko dinamikan eragiteko. Euskaldunen euskararekiko konpromisoa alde guztietan igarri behar da, igarri da kalera ateratzerakoan, eta igarri behar da euskaraz hitz egin edota euskal kulturaren alde egiterakoan ere, euskaratik eta euskal kulturatik sortutako ekitaldi, antzerki, pelikula, liburu, musikaren hautua eginez. Euskal kultura aukeratzen denean, euskal sormena sustatzen da eta euskal kultur egitura indartzen da, etorkizunerako oinarriak sendotuz.

Euskara gehiago behar du euskara falta duenak, horrela bakarrik ikasiko baitu eta lortuko baitu hizkuntza gaitasun egokia euskaraz egiteko. Eta euskaraz gehiago egin behar du euskara egiteko aukera duenak. Horrek bakarrik ez du egoera irauliko, esan da aurretik hizkuntza politika egokirik gabe zaila dela behar diren urratsak egitea, eta hori aldarrikatzea eta eragitea denon lana da, baina norberak euskaraz gehiago egitea ere garrantzi handikoa da, eta ahal den guztietan egin beharrekoa.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina