Euskaraz gehiago!

“Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” mezuarekin bat eginda milaka lagun atera da Bilboko kaleetara, euskaraz bizitzeko eskubidearen alde eginez. Oldarraldiaren aurrean, euskararen normalizazioan eta biziberritzean eragiteko unea dela esateko atera da jendea kalera, hizkuntza politikan jauzia egiteko garaia dela esatera. Sinestarazi nahi diguten kontrara, euskara ez da segregazio eta bazterketarako tresna; guztiz kontrakoa. Euskarari dagokion lekua eman eta behar den hizkuntza politika egiten bada, euskara  kohesiorako, berdintasunerako eta justizia sozialerako ezinbestekoa da, Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusiak, Idurre Eskisabelek ondo adierazi izan duen moduan. (Irakurri +)

Kaixomaitia.eus kontaketa erotikoen lehiaketaren oinarriak

Kaixomaitia.eus atariak bere xedeen artean du, besteak beste, euskarazko edukiak sortzea eta zabaltzea; esaterako, pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualarekin dituzten orotariko gaiak, nahiz kontaketa edo ipuin erotiko laburrak. Sinetsita baitago euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak direla euskarazko edukiak sortzea eta sarean ere zabaltzea.

Aipatu helburu horiei jarraiki, aurten lehen aldiz Kaixomaitia.eus -ek abian jarri nahi du Elkar Argitaletxearekin elkarlanean euskarazko kontaketa erotikoen lehiaketa, ondorengo oinarriekin:

1. Lehiaketan parte hartzeko:
Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute 18 urte edo gehiagoko herritarrek.

Izen-abizenak, posta elektronikoa eta harremanetarako telefono bat zehaztu beharko ditu parte-hartzaileak.

Parte-hartzaileak ezizen edo izen propioarekin parte hartuko du, baina azken 8 finalisten artean suertatuz gero, izen-abizen errealak erabili ahalko dira sari banaketa eta komunikazio lanetarako.
(Irakurri +)

Aritz Gorrotxategiren “Amua” poesia-liburuko hainbat poema

Munduaren mekanika

Harresirik gabe dabil argia
berde minaren mugan,
txorimalo gisa zintzilik
arropen artean.
Eguzkirantz hazten da
haragia, laztan bila,
katuka ia, isil,
jolasean dabil
zure gorputzari
nabar ukitua emanez.
Egun berria dugu deika.
Asteazken gordin.
Lanera zu, lanera ni.
Itsasgorak irentsiko du
izaretan biok
utzitako hutsunea. (Irakurri +)

Klika euskarari, Klika etorkizunari, Klika konpromisoari!

Atzo, apirilak 9, euskararen herri eragileek eta erakundeek konpromisoak sinatu genituen euskararen alde jarduteko. 

2018ko azaroaren 7an aurkeztu zen 21. KORRIKA. AEK-k argi utzi zuen bezala, KORRIKAk “esanetatik konpromisoetara jauzi egitea aldarrikatu nahi du, euskararen hurrengo fasea klikatzea da, aktibazioarena, alegia; fase horretan, euskara unibertsala bihurtzea nahi dugu”, eta azpimarratuz azken urteotako euskararen aldeko ekimenen bilakaerak argi utzi duela herri-gogoa badagoela, herritar askok Klika egin dugula; gogoeta eta portaera-aldaketa eragin dituen klik bikoitza. 

(Irakurri +)

“Nora goaz euskalduntasun honekin?” liburuaren laburpena 23 ideiatan

Joxe Manuel Odriozolak Nora goaz euskalduntasun honekin? (Elkar) liburua kaleratu berri du. Hizkuntza, kultura, identitatea, nazioa, elebitasuna eta kultura-bitasuna, diglosia, ideología, hegemonía, folklorizazioa… hainbat kontzeptu jorratzen ditu Odriozolak, hango eta hemengo autoreen aipuetan oinarrituta, zorroztasun intelektuala eta herrien aldeko jarrera militantea uztartuz.

Autoreak 23 ideiatan laburtu du lan berri hau:

– Liburu honetan azken hamarkadetan EAEn aplikatu den hizkuntza politika aztertu nahi izan dut nazionalismoaren teoriko batzuek landu dituzten tesien argitan.

– Eusko Jaurlaritzak indarrean daukan hizkuntza politikak sortu duen euskalduntasunaren gabeziak azaleratu nahi izan ditut.

– D ereduaren emaitza txarrak izan ditut akuilu, EAEn akademikoki ikasi bai baina euskara oso gutxi erabiltzen den hizkuntza delako.

– Ebidentzia soziala da D ereduak sortu dituen belaunaldi euskaldunen euskalduntasunak ez duela funtzionatzen; edo, hobeki esanda, euskarak eskolako hizkuntza akademiko formal gisa baizik ez duela funtzionatzen.

– Sortu dugun euskalduntasunak ez du balioa euskara normalizatzeko, ez du erabilerarik sustatzen eta bermatzen, ez du ikasleen euskal identitatea garatzen, ez du balio euskaraz bizitzeko.

– D ereduko ikasleen euskalduntasunak oinarrizko bi eskakizunetan huts egiten du: a) batetik, ez ditu behar adinako gaitasun komunikatiboa (erraztasuna) duten hiztunak sortzen; eta, bestetik, eskolak sortzen dituen erdal elebidunen identitate eta atxikimendua ez da euskaltzaletasunean oinarritzen. (Irakurri +)