Bilboko Liburu azoka ekainaren 4tik 14ra

Bilboko azoka

Ekainaren 4tik 14ra, Bilboko Liburu azoka egingo da, urtero bezala Areatzan. Egun horietan zehar, Elkar eta Ttarttalo argitaletxeekin kaleratutako ondorengo idazleak izango dira euren liburuak sinatzen:

MIKEL AYLLON Ez tiro egin anbulantziei
Eguna: ekainak 5, ostirala, 18:00etatik aurrera.
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

KATIXA AGIRRE Atertu arte itxaron
Eguna: ekainak 14, igandea, 12:00etatik 14:00etara.
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

ALEJANDRO FERNÁNDEZ ALDASORO Aversiones
Eguna: ekainak 6, larunbata, 12:00etatik 14:00etara
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

BEGOÑA PRO URIARTE El anillo del leal
Eguna: ekainak 7, igandea, 18:00etatik aurrera
Lekua: Bilboko Areatzan, elkar liburu-dendako erakusmahaian.

Katixa Agirreren “Atertu arte itxaron” liburuaren aurrerapena

Atertu arte itxaronErrepide bat. Eta kotxe bat errepidean. Lerro zuzena han. Lerro zuzena berriketarako, isiltasunerako, zoramenerako. Lerro zuzena eta amaiezina. Lerro zuzena eta bat-batean makurra. Lerro zuzena iparralderantz. Errepidea, bazterrak. Errepidea eta seinaleak, autostopisten mamuak, marra jarraituak eta etenak, gasolindegiak, plast! haizetakoaren kontra zomorroak. Odola, izerdia eta malkoak: aurrera, aurrera beti.

Restop. Restaurante El Figón. Travel Club. Club La Boheme. Peaje. Toll.

Go on. Go on.

Errepidea eta bidaia, asfaltozko metafora, auto-ezagutza, penitentzia, deserria, basamortuan zehar egindako ibilbidea. Itaka. Literaturaren historian tradizio oparoa duen generoa. Zer uste zenuen ba. Gauza hauek fundamentuz egiten dira. Aurreko literaturaren errebisio batez. Status quaestionis.

On Quixote, errepideak asfaltozkoak ez ziren garaikoa. The Road, asfaltozko errepideek dagoeneko ezertarako balio ez duten apokalipsiaren osteko garaian. Edo bestela, erdibidean, On the road, klasiko bat. Edo Suminaren mahatsak, beste klasiko bat. Eta ez ahaztu Lolita. Zer esan Lolitaz. Lo-li-ta.

Bai, Iparramerikako literatura nagusi. Eurek asmatu zituzten errepideak eta. (Irakurri +)

Katixa Agirre – “Atertu arte itxaron” – elkarrizketa

Katixa AgirreBi ipuin-liburu eta haur eta gazte-literaturako hainbat istorio idatzi eta gero, helduentzako bere lehenengo eleberriarekin datorkigu Katixa Agirre: Atertu arte itxaron. Errepide eta bidaiei buruzko istorio honetan, bikote baten inguruko gora beherak ehundu ditu unibertsitateko irakasle gasteiztarrak. Euskal Herrian zehar errepide sekundarioak eta bide malkartsuak zeharkatuz, harremanen arrakalak aurkituko ditugu kontatzailearen trebezia erakusten duen liburu honetan; komunikazio-arazoak, ongi gordetako sekretuak edo ama-alaba arteko tirabirak.

Zure lehen eleberria idaztera animatu zara. Nolakoa izan da genero berrirako jauzia? Zailtasun berezirik aurkitu al duzu?

Bai, alde izugarria somatu dut. Ipuinak 3-4 astetan idaztera ohituta nengoen, liburu oso bat osatu nahi baduzu ere, atalka egiten den lana da, ipuin bat amaitu eta satisfazio txiki bat lortzen duzu, edo ez, baina porrot egin baduzu ere ez da drama handirik gertatzen, zaborrontzira doa ipuin hura eta listo. Eleberria idaztea prozesu luzea izan da, etsigarria maiz, etenaldi luzeekin, eta gainera epe luzerako balizko satisfazio batean oinarritu behar zara. Nobela bat idaztea denbora eta ahalegin inbertsio arriskutsu samarra da. Dena den badu alde onik, niri konpainia handia egin dit istorio honek, nirekin egon delako urteetan, idazten ez nebilenean ere buruan nerabilen, nolabaiteko konstantea izan da nire bizitzako aro aldakor samar batean. (Irakurri +)

Elkar argitaletxeko udaberriko nobedadeak

Elkar argitaletxeak dagoeneko prest du uda aurretik kaleratuko dituen liburuen zerrenda. Literatura, PoesiaAteko bandan, Xaguxarrak, Eta zer?, Kuku, Lurra eta jendea, Iparluma eta Histoire bildumen barruan kaleratuko dira hurrengo nobedade hauek:

LITERATURA

Ukabilak eta loreak– Julen Belamuno

Ukabilak eta loreakSenarraz aspertuta, abentura zirraragarri batean katramilatu den emakumea; arrakastaren gazi-gozoetan, aspaldi galdutako aitaren oroitzapenari aurre egin behar dion zinemagilea; errebantxa-konbatearen aurrean, bizitzaren borrokan ere zirt-zart egin behar duen boxeolaria…

Pertsonaien barrenean sartzeko abilezia aparta erakusten du Julen Belamunok estilo zehatz bezain dotore batean idatzitako istorio hauetan: izaki bakartiak gehienetan, bizitzak edo inguruak gaizki tratatuak sarri, bere burua gobernatzen ere asmatzen ez dutenak… Gizajoen katalogo bat, sakon-sakonean gutako edozein ere izan daitekeen bezalakoak.

 

 

 

Ez tiro egin anbulantziei – Mikel Ayllon – Igartza saria

Ez tiro egin anbulantzieiKartzelan azaldu da bat-batean Gerard, zergatik ez dakiela. Sartu duten mundu krudel hori ulertu ezinik emango ditu egunak, banaka desagertzen hasiko diren kidez inguraturik: Fred, Karim, Telmo, Montag… Guztien arteko lokarria eta egoera ulertzeko giltza dirudi Sylviek, Gerardek arestian ezagututako emakume misteriotsuak. Nor dira mundu zaharra lurperatu nahi luketen horiek? Mundu berria jaio ezinik dabilen argi-ilun honetan, ez ote da munstroz beteko ingurua? Eleberri ausart bezain aberatsa gauzatu du Mikel Ayllonek Igartza sariaren laguntzaz. Izua eta desolazioa nagusi diren gizarte distopiko batean, elkartasunaren ametsari eta edertasunaren ilusioari eutsi nahi liekete pertsonaiek, nahi horrek nora ezean ibiltzera bultzatzen dituen arren. Atzekoz aurrera ordenaturik dago kontakizuna: kartzela eta heriotzatik abiaturik, haien aurreko maitasun istoriora eta borroka asmoetara. Horrela, amaierara iristen denean historiaren hasieran egongo da irakurlea. (Irakurri +)