Ines Osinagak jasoko du Joseba Jaka Beka, elkar Fundazioaren eskutik

Bi urtetik behin elkar Fundazioak ematen duen sormenerako Joseba Jaka beka Ines Osinagak jasoko du aurten, eta urte beteko epea izango du bere sormen lana egiteko, disko bat. 

elkar Fundazioko lehendakaria den Joxemari Sors-ek azaldu duenez, 2016an jarri zen Joseba Jaka beka berriro martxan, eta orduan erabaki zen sormen beka izatea eta deialdi bakoitzean erabakitzea zein kultur adierazpidetarako sormena lagunduko den. Aurreko ekitaldietan literatura eta antzerki sormenerako izan da beka eta aurtengo deialdia musika proiektuak laguntzeko izan da.18 lan aurkeztu dira guztira.

“Itsasoa da bide bakarra” proiektua aurkeztu zuen Ines Osinagak, eta hiru lagunez osatutakotako epaimahaiak erabaki du aurkeztu diren lanen artean, horrek izango duela 10.000 euroko beka, urte betean lana egin dezan. Epaimahaia osatu dutenak izan dira: Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategi eta Jon Eskisabel Urtuzaga.

Sara Zozaya eta Jon Eskisabel izan dira agerraldian, eta honela arrazoitu dute beka Ines Osinagari ematea, “Itsasoa da bide bakarra” diskoa egiteko: “Proiektu bizia dela baloratu dugu, aldez aurretik itxita ez dagoena, sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko dutena. Oso kontuan hartzeko ezaugarria iruditzen zaigu beka baten formatua duen dirulaguntza ematerakoan. Proiektu anbiziotsua eta artistikoki interesgarria iruditu zaigu. Batetik, duela zortzi urte argitaratutako Gosariak diskoarekin joan-etorriko bidaia edo harreman dialektikoa planteatzen du, disko hartako kantuak testuinguru ezberdin batean birsortu eta berrinterpretatzea proposatzen duelako. Proiektuaren beste hanka berriz, hamar kantu berrik osatzen dute, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabatutakoak. Disko bat egitetik haragoko proiektua da, Kubako kultura, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukera emango duelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, oso garrantzi handia dute proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti berrien protagonistak eta diskoan parte hartuko duten musikariak emakumeak dira. Azkenik, proiektuaren atzean dagoen musikariaren esperientzia eta maila artistiko egiaztatua”.

Beka jasoko duen Ines Osinaga agerraldian izan da eta beka baliatuta landuko duen proiektuaren berri eman du. Sariak sormen prozesuan sekulako bultzada emango diola azpimarratu digu: “Sormen prozesua ez da erraza izaten, batzuk uste dute bapateko kontua izaten dela eta ez da hala. Zailtasun eta krisialdi asko izaten da tartean; emaitza ona lortzeko aurretik hamar zirriborro zaborretara bota behar izaten ditut nik behintzat. Zentzu horretan, beka honek ematen didan aitortza oso garrantzitsua da niretzat”. 
Proiektuaren lehen zatia Kuban garatu da, duela gutxi Habanan izandako egonaldian. Honek emakume musikari asko eta oso interesgarriak ezagutzeko aukera eman diola aipatu du Inesek, eta bertatik jasotzen ari den kolaborazio eta bertsioekin osatzen joango da lana.

Beka lortu duen proiektuak hiru zati dituela aurreratu digu: lehena, ikerketa eta sormen lanerako izango da; bigarrnena, materiala lantzeko erabiliko du, eta honen ondoren diskoaren A eta B aldeak aterako direla aipatu du musikariak. 

Bukatzeko, Ines Osinagak eskerrak eman dizkio elkar Fundazioari, Joseba Jaka beka sortzeagatik, eta baita Joana Barbier, Sara Zozaya Apalategik eta Jon Eskisabel Urtuzagak osatutako epaimahaiari ere, bere lana aukeratzeagatik. Bere agerraldia “Sormena da bide bakarra” hitzekin amaitu du.

Egileak 10.000 euro jasoko ditu eta urte beteko epea izango du diskoa egiteko. 5.000 euro jasoko ditu musikariak sormenerako eta gainerakoa Elkar estudioko orduetan emango da, kantak bertan grabatzeko. 

Ohikoa den moduan, beka ematea maiatzean elkar Sariak banatzeko ekitaldiaren barruan egingo da.

Irabazlearen kontaktua: 608348617 (Mikel Lizarribar) / itsasoadabidebakarra@gmail.com

Argibide gehiagorako: Joanmari Larrarte (635707039) / josebajakabeka@elkar.eus

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina