elkar Sariak 2022

Atzo arratsaldean elkar sarien laugarren ekitaldia ospatu zen elkar Fundazioaren Adunako egoitza berrian. elkar Taldeko Zuzendaritzako eta elkar Fundazioko Batzorde Eragileko kideek ekitaldira inguratu ziren gonbidatuak hartu zituzten arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Kultur ekimena laguntzea da egitasmo honen helburu nagusia, baina baita, komunikazio ikuspegi batetik, elkar egiten ari den lana ezagutzera eman eta Euskal Herriko eragileekin partekatzea ere. Aurten, gainera, 50. urteurrena baliatu dugu egoitza berria inguratutako guztiei erakusteko.

Aurtengo ekitaldiak bi zati izan ditu. Lehen tartean Ibilbideari elkar saria eman zaie aurten baita ere 50 urte betetzen dituzten Elhyuyarri eta Udako Euskal Unibertsitateari (UEU), eta ondoren, bi urtetik behin ematen den Joseba Jaka beka eman zaio Ines Osinaga musikariari. Ekitaldia amaitzeko, Inesek berak kantu pare bat eskaini dizkigu zuzenean. Behin ekitaldia amaitutakoan, nahi zuenak aukera izan du eraikin berria ezagutzeko Mikel Esnal zuzendari kudeatzaileak gidatuta.

Ibilbideari elkar saria:

Elhuyar-i elkar Saria

Aurten bi sari eman dira, elkar-ek bezala, 50 urte bete dituzten bi erakunderen ibilbidea eta lana gogoratu eta eskertzeko: Elhuyar eta UEU (Udako Euskal Unibertsitatea).

Elhuyar ingeniaritza ikasten aritutako euskaltzaleen eskutik sortu zen 1972an eta lehen urratsak zientziari lotuta eman zituzten, zientziarako euskara-eredua eta terminologia lantzen. Irakaskuntzarako euskarazko materiala argitaratzeari. Hiztegigintzan ere lan oparoa egin du Elhuyarrek, erreferente nagusietakoa izan baita urte luzez, adibidez, Elhuyar hiztegia. Irakaskuntza materialaren lanketan eta hiztegigintzan hainbat urtez elkarlanean aritu izan dira elkar eta Elhuyar. Euskararen normalizazioa helburu duen erakunde garrantzitsua dugu, beraz, 50 urteko ibilbide luze eta arrakastatsua egin duen Elhuyar.

UEU-ri elkar Saria

UEU euskal unibertsitatea sortzeko asmoz sortu zen duela 50 urte, euskarak unibertsitatean ere zuen presentzia eskasaren aurrean, ikusi zutelako euskarak, eremu guztietara naturaltasunez zabaltzeko bidean, unibertsitatea behar zuela. Euskal unibertsitatea helburu, nagusiki hiru eremutan egin du eta egiten du lan UEUk: euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzen; euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzen; unibertsitate gaiak ekoitzi eta gizartera bideratzen. 50 urteko lan luze eta emankorra erakunde honena ere.

Bi erakunde, bi egiteko, bi ibilbide eta, finean, helburu bera: euskararen normalizazioa, Euskal Herria euskalduna.

Elhuyar-en izenean Jon Abril eta Lurdes Ansak jaso dute saria, eta UEUren izenean aldiz, Ane Sarasuak, Joxemari Sors eta Jon Jaka, elkar Fundazioko lehendakaria eta idazkariaren eskutik. Gotzon Huegun artegile lasartearrak egindako artelan bana jaso dute sari gisa.

Joseba Jaka beka:

Joseba Jaka Beka Ines Osinagari

2016an fundazioak Joseba Jaka beka berpiztu zuenean, erabaki zen beka sormenerako izango zela, eta deialdi bakoitzean erabakiko zela zein kultur adierazpidetara bideratu. Aurten, lehen aldiz, musika sormenerako izan da. Ines Osinagak Jon Jakaren eskutik jaso du “Itsasoa da bide bakarra” proiektua lantzeko.

Joana Barbier, Jon Eskisabel eta Sara Zozayak osatu dute epaimahaia, eta azken honek arrazoi hauek eman ditu beka Ines Osinagaren proiektuari emateko: proiektu bizia dela baloratu du, aldez aurretik itxita ez dagoena, sormen prozesuko unean uneko bizipenek, gertaerek eta esperientziek forma eman eta edukiz osatuko dutena.

Bestalde,, proiektu anbiziotsua eta artistikoki interesgarria iruditu zaio epaimahaiari. Batetik, duela zortzi urte argitaratutako Gosariak diskoarekin joan-etorriko bidaia edo harreman dialektikoa planteatzen du, disko hartako kantuak testuinguru ezberdin batean birsortu eta berrinterpretatzea proposatzen duelako. Proiektuaren beste hanka berriz, hamar kantu berrik osatzen dute, proiektuaren garapen prozesuan zehar sortu eta grabatutakoak.

Bestetik, disko bat egitetik haragoko proiektua da, Kubako kultura, historia eta gizartea hobeto ezagutzeko aukera emango duelako hamar emakumeren istorioen bidez. Emakumeek hain zuzen, garrantzi handia dute proiektuan: proiektuaren sortzailea, abesti berrien protagonistak eta diskoan parte hartuko duten musikariak emakumeak dira.

Ekitaldia Joxemari Sors, elkar Fundazioko lehendakariaren hitzekin itxi zen. elkar-en 50. urteurrena ekarri zuen gogora, eta lehenik Joseba Jaka eta bere ekarpena aipatu zituen. Paradigma aldaketa batean sartuta gaudela aipatu zuen: “digitalizazioak dakarren aldaketa euskarrietan, edukian eta merkaturatze prozesuan; kontsumo kulturalaren aldaketa eta aukera berriak; kulturaren desmaterializazioa eta balio galtzea; euskal kulturaren ikusgarritasun falta eta abar. Mundu globalizatu batean sartuta gaude, eta hori ez dugu guk aldatuko, mundu hori momentuz gelditzeko etorria da. Beraz, aldaketa horiekin lan egin beharra daukagu”. Urteurren honetan, indarrean eta balioan jarri nahi izan ditu Sorsek gaur egun elkar Taldean arduna postuetan dauden pertsonak. “Sortzaileok belaunaldi berri baten esku utzi ditugu ardurak eta beraiei eskertu behar zaie, lankide kolektibo guztien laguntzarekin, elkar-en gaur eguneko egoera. Belaunaldi aldaketa egin izana da elkar-eko beste baloreetako bat, jarraipena ziurtatu baita etxean”. Eta amaitu zuen esanaz hasierako balore eta helburu berdinekin jarraituko duela taldeak lanean, ahalik eta urte gehien betetzen, ahal bada, beste 50.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina