Arantxa Urretabizkaia “Senak gobernatzen nau idazterakoan, ez aldez aurretik finkatutako asmoak”

Gorabehera handiko bizimodua izan ondoren zahartzaroa lasai bizi nahi duen emakume bat du protagonista Arantxa Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) Azken etxeanobelak (Pamiela).

Gaztetan Parisen, gero Buenos Airesen eta aurrerago Bordelen bizi izan ondoren, zahartzaroa Hendaian eman nahi du nobelako prota gonistak. Zerk eraman zaitu pertsonaia hori sortzera?

Auskalo. Asmo jakinik ez. Hori da atera zaidana. Hasierako txinparta, gehienetan gertatzen zaidanez, errealitatetik etorri zitzaidan. Lagun bati beste lagun bati buruz galdetu eta esan zidan azken etxearen bila ari zela, buru-belarri. Hori izan zen abiapuntua. Zahar bat irudikatzen dugunean, zahar tradizionala dugu buruan, baina asko dira bizitza tradizionala eraman ez dutenak eta eraman nahi ez dutenak. Zahar guztiok ez gara berdinak, gazte edo heldu guztiak berdinak ez diren bezalaxe.

Zaharra izan arren, oraina du kezka pertsonaia nagusi horrek, ez da lehenaldira begira bizi. Zahartzaroari buruzko topikoak jarri nahi izan dituzu zalantzan, 3 Mariak nobela idatzi zenuenean bezala?

Ez dut asmo zehatz hori izan. Baina pozten naiz hori lortu badut. Begi bistakoa da zahartzeko modu tradizionala desagertu egin dela eta orain modu berri bat asmatzen ari garela. Lehen aldiz gizadiaren historia guztian, belaunaldi oso bat ari da abiatzen laurogei urtetatik aurrera eta dituen mapak iraungiak daude, baliogabetuak.

Orainaldian kontatu duzu dena, pertsonaien arteko elkarrizketa zuzenik gabe, informazioa dosifikatuz. Kontatzeko moduaren aldetik zer bilatu duzu eta zer zailtasun aurkitu duzu bidean?

Aspaldikoa dut elkarrizketak zeharka kontatzeko nahia, egunerokoan egiten dugun bezala. Nik ezetz esan nion eta berak erantzun zidan… Zailtasunik handiena orainaldiarena izan da. Historia irakurleak irakurri ahala gerta zedin nahi nuen eta euskarak mugak ditu horretarako, sarritan orainaldiak iragan puntu bat duelako.

Baduzu une honetan erreferentziazko idazlerik, libururik, mugimendurik…? Ala eklektikoa zara alde horretatik?

Eklektikoa. Senak gobernatzen nau idazterakoan, ez aldez aurretik finkatutako asmoak. Eguneroko bizitzan nahiko arrazionala naizela uste dut. Ez, ordea, idazteko orduan.

Berrogeita hamar urte dira, aurten, literatura, argitaratzen hasi zinenetik (San Pedro bezperaren ondorengoak poema bilduma). Espero zenuten orduan hasten ari zineten idazleek euskal literatura gaurko mailara eta egoerara iristea?

Banekien, aspalditik, zaharra nintzela. Baina zeregin honetan mende erdi baino gehiago daramadala egiaztatzeak zirrara eragin dit. Nik behintzat ez nuen, hasi ginenean, honaino helduko ginenik espero. Iruditzen zait euskarazko literaturak sekula ezagutu duen unerik hoberena bizi duela. Mendetan ez zaio hemen egiten zena inori interesatu, ezta, ia-ia, geuri ere. Orain, beste hizkuntzetara itzultzen dira gutako hainbaten lanak, adostua dugu hizkuntza estandar bat, argitaletxeak ditugu, kritikoak, katedratikoak… eta irakurle taldeak. Azken hauek dira aspaldian gertatu zaigun gauzarik hoberena. Irakurleak ditugu, hasi ginenean ez bezala eta, gainera, irakurle antolatuak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina