Iñaki Irasizabalen “Zorioneko familia”ren lehen kapitulua

MIRINDEN GARAIETAN

Sagarrak euripean ostu dituzten guztiei

Aita lapurra zen, ama mozkorra eta ni gezurtia.

–Seguru zaude, ume? –aulkian aurreratu zen galdera egiteko, eta nik, sen hutsez, atzera egin nuen nire eserlekuan. Mahoizko prakak eta alkandora koadroduna zeramatzan jantzita. Orbainez jositako beso eta esku haiek langile batenak ziren; hala ere, garbi neukan hura zela agintzen zuena. Ez alboan zutik, haserre itxurarekin zeukan emakume iharra, ezta ipurdia altzari baten aurka bermaturik zegoen trajez jantzitako gizon lodia.

Kontainer handia baino ez zen bulego hura portuan zegoen, eta bertatik garabiak eta langileen orroak entzun genitzakeen esfortzurik gabe denok isilik geundenean. Baietz egin nuen buruarekin. Astiro eta kontzentrazio handiz. Gela hartan zeuden beste hirurek begiradak trukatu zituzten, eta ondoren, agintzen zuen gizonak atera begiratu zuen. Ate haren atzean aita zegoen.  Dantzalekuaren atarian lotuta utzi duten astoa, barrura sartu ezinik. Ez zen egoera berria berarentzat, eta aulki batean lasai asko eserita imajina nezakeen. Zetozkeenei antzeman nahirik aurrea hartzeko.

–Baina, zu ez zara hamar eta erdietan esna egongo –emakumeak esku biekin heldu zion idazmahaiari, eta niregana zertxobait makurtu zen hitz egiteko–. (Irakurri +)