Aritz Gorrotxategi: “Sakontasuna eta arintasuna uztartu nahi nituen. Irakurlea poeman berehala sartzea, eta hartatik maldan behera bezala jaistea”

Aritz Gorrotxategiren  Amua  nagusitu da,  euskarazko poesia alorrean, Irun Hiriko Kutxa literatura sarietako 43. edizioan. Zortzi urte dira idazle donostiarrak   bere bakarkako azken poema sorta kaleratu zuenetik, eta  Amuarekin indartsu itzuli da euskal literaturaren plazara. Gaietan zabal datorren poetika berritu batekin.

“Amua”  idatzi duzu, zure ibilbide poetikoan azkena den liburua. Zertan da “Amua” zure aurreko poema-liburuen jarraipena eta zertan da desberdina?

Gai eta kezken aldetik jarraipen bat dagoela esan daiteke, gai unibertsalak dira gehienak: bizitza, heriotza, maitasuna, natura… Oraingo honetan, ordea, gai sozialek pisu handia dute, eta ahapaldi laburragoak eta biziagoak egiten saiatu naiz.

Kutxak antolaturiko Irun Hiria saria irabazi duzu poema-bilduma honekin. Ordain ekonomikoaz gain, zer ematen dio eta zer kentzen dio idazleari holako sari batek?

Batez ere konfiantza, lanean ondo ari zarelako seinalea. Lehiaketena erlatiboa da; bidalitako lanak ona behar du izan, baina unean uneko epaimahaikideen gustuak erabakigarriak dira. Zorte alderdi bat ere badute lehiaketek. Oraingoan alde izan dut, baina ez da beti horrela izaten. Bestalde, uste dut ideia oso ona dela saritutako lana hemengo argitaletxe batekin kaleratzea. Batez ere, zabalkunde handiagoa izango duelako. (Irakurri +)