Aritz Gorrotxategi: “Sakontasuna eta arintasuna uztartu nahi nituen. Irakurlea poeman berehala sartzea, eta hartatik maldan behera bezala jaistea”

Aritz Gorrotxategiren  Amua  nagusitu da,  euskarazko poesia alorrean, Irun Hiriko Kutxa literatura sarietako 43. edizioan. Zortzi urte dira idazle donostiarrak   bere bakarkako azken poema sorta kaleratu zuenetik, eta  Amuarekin indartsu itzuli da euskal literaturaren plazara. Gaietan zabal datorren poetika berritu batekin.

“Amua”  idatzi duzu, zure ibilbide poetikoan azkena den liburua. Zertan da “Amua” zure aurreko poema-liburuen jarraipena eta zertan da desberdina?

Gai eta kezken aldetik jarraipen bat dagoela esan daiteke, gai unibertsalak dira gehienak: bizitza, heriotza, maitasuna, natura… Oraingo honetan, ordea, gai sozialek pisu handia dute, eta ahapaldi laburragoak eta biziagoak egiten saiatu naiz.

Kutxak antolaturiko Irun Hiria saria irabazi duzu poema-bilduma honekin. Ordain ekonomikoaz gain, zer ematen dio eta zer kentzen dio idazleari holako sari batek?

Batez ere konfiantza, lanean ondo ari zarelako seinalea. Lehiaketena erlatiboa da; bidalitako lanak ona behar du izan, baina unean uneko epaimahaikideen gustuak erabakigarriak dira. Zorte alderdi bat ere badute lehiaketek. Oraingoan alde izan dut, baina ez da beti horrela izaten. Bestalde, uste dut ideia oso ona dela saritutako lana hemengo argitaletxe batekin kaleratzea. Batez ere, zabalkunde handiagoa izango duelako.

Liburu honetan hainbat gai lantzen dituzu; horietako batzuei buruz galdetuko dizut ondo iruditzen bazaizu. Adibidez, presentzia nabarmena du itsasoak. Itsasoak oro har, gure Kantauri itsasoak ere bai, eta Mediterraneoak.

Gure txikitako etxebizitzak itsasora ematen zuen. Itsaso zati txiki bat ikusten zen leihoetatik. Gros auzokoa naiz, eta itsasoaren eragina oso handia zen auzoan, nahiz eta orduan ez zuen gaur egun duen distira, Gronx ere esaten zioten auzoari. Pentsa nola aldatu diren gauzak… Nolanahi ere, nire haurtzaroarekin oso lotuta dago Kantauri itsasoa. Olatu handiak saihestea zen gure jolas kutunetako bat. Kontua da zeru hodeitsu eta euritsuak gero eta gutxiago atsegin ditudala. Ez naiz oso malenkonia zalea. Nahiago dut Mediterraneoko argia eta hango urdina. Txantxetan esan ohi dut iparraldeko baten gorputzean harrapatutako hegoaldetarra naizela. 

Erotismoak ere badu bere lekua, eta maitasunak oro har.

Biak bat dira nire buruan. Maitasun poemak idazten ditudanean haragia oso presente dago, maitasunaren ondorio bat delako. Elkarren ondoan dauden bi gorputzen konplizitatea… Askotan munduari zentzua ematen dion gauza bakarra da.  

Badira poema sozialak ere, hainbat arazo jorratzen dituztenak: migrazio berriak, gure gatazka zaharra…

Greziako egoera hartu dut abiapuntutzat. Grezia klasikoko mitoak eta gaur egungo gertakariak erkatu ditut. Siriarren karabana luzeak… Halakoetan zailena panfletoan ez erortzea da, lirikotasunari eustea. Asmo onek bakarrik ez dute poema on bat eraikitzen. Gainera, ironia tanta batez lagundu ditut poemak, eta gustura geratu naiz emaitzarekin. 

Heriotzarentzat ere hartu duzu tokia…

Azken urteotan ama eta arreba galdu ditut. Aita galdu nuen aspaldi. Etxean sei ginen, eta hiru baino ez gara geratzen. Beti kezkatu izan nauen gaia da, eta buelta asko eman dizkiot. Liburuaren azken atalean omenaldi bat egin nahi izan diet joan zirenei.

Hainbeste gai ukituta, zer da liburu honetan denei batasuna ematen diena?

Doinu moduko batek zeharkatzen ditu gai eta atal guztiak, ahots poetiko batek. Edozein poema hartu, eta berehala igartzen da poeta bera dagoela guztien atzean.

Badago agian halako heldutasun bat, bizitzan hainbat gauza ezagutu, eta talaia batetik begiratzea bezala…

Adinean aurrera joan ahala, gauzak beste modu batera ikusten dira. Bizitza ulertzen zoaz, baldin eta horrelakorik esan badaiteke. Izan ere, ez dakit inoiz ulertzera iritsiko garen… Dena den, idazten hasi nintzenean irakurtzen nuena izaten nuen oinarri nire idatzietan. Azken lanetan, ordea, bizitakoak pisu handiagoa izan du.

Eta geratu zaizu gairen bat, landu nahi zenukeena baina denbora, espazio edo inspirazio faltaz kanpoan geratu zaizuna?

Ez zait boteprontoan ezer bururatzen. Egia da itsasoarekin batera igeriketak presentzia handia duela liburuan. Azala ere omenaldi moduko bat da. Etxean igerilariak izan gara beti. Azken urteotan ordu dezente sartu ditut igerilekuan eta itsasoan igerian. Irudi gisa, asko gustatzen zait igerilariaren bakardadea. Itsasoaren erdian dago, kostatik aldenduta, nora helduko den guztiz jakin gabe. Urrutitik ikusita mantso doala dirudi, olatuek irentsia, baina aurrera jarraitzen du, aurrera egitea posible dela frogatzeko, igerilaria bera Ariadnaren seinale bihurtuta.      

Gaietatik tekniketara pasatuz, oso zaindua duzu lerroen eta ahapaldien erritmoa, oreka eta harmonia-sentsazioa ematen duena.

Hori izan da nire obsesio handiena beharbada. Aurreko liburuetako ahapaldiak luzeagoak ziren, eta prosazko pasarteak tartekatu nituen. Oraingo honetan beste zerbait nahi nuen. Sakontasuna eta arintasuna uztartu nahi nituen. Irakurlea poeman berehala sartzea, eta hartatik maldan behera bezala jaistea, baina, aldi berean, arrastoa uztea.    

Poeta gisa aurkeztu zaitugu, baina nobelak idazten hasi zinen, eta ipuin-liburuak idatzi dituzu azkenaldian? Zer ematen dizu genero bakoitzak? Zer zailtasun topatzen diozu bakoitzari?

Genero bakoitzak bere trikimailu eta arauak dauzka. Nobelak erabat lotzen zaitu, eta ez zaitu bakean bizitzen uzten. Maratoi moduko bat da. Hala ere, sarritan pentsatzen dut: zertarako idatzi berrehun orrialdeko nobela bat ipuin batean gauza bera indar handiagoz esan badezakezu? Gero eta gehiago dut sentipen hori, baita motzean jokatzeko joera handiagoa ere, izan poemak edo izan ipuinak. Bi genero horiek muinera doaz, alferrikako luzamendu eta betelanetan ibili gabe. 

Eta orain, zertan zabiltza, esaterik baldin badago?

Zirriborro pare bat daukat esku artean, baina ezer landurik ez. Editore lanetan ere buru-belarri nabil.  Ipurterrea naiz, eta beti nabil zerbaitetan sartua. Hala ere, hausnarketa garaia ere badela sentitzen dut. Neure obsesioetako bat neure burua ez errepikatzea da. 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina