Unai Elorriaga: “Nobelaz mozorrotutako ipuin-liburua da hau”

Unai Elorriagak Iturria izeneko lana plazaratu berri du. Zalantzarik gabe, lan bikaina, literaturaren botere katartikoan sakontzen duen obra horietariko bat. Bere orriotan, irakurleak ipuin estonagarriak topatuko ditu, kalibre handiko narrazioa osatzen dutenak. Zabaldu iturria eta edan bertako ura, ez zarete damutuko.

Narrazio enmarkatuaren aurrean gaude. Narrazio nagusi batek beste narrazio (ipuinak) batzuk barnebiltzen ditu. Ipuinok pisua hartzen dute narrazioan nabarmenki, progresiboki. Hortaz, badira ardatza?

Dudarik gabe. Ipuin-liburua idatzi nahi nuen nik, horretan jarri izan dut hasieratik indarrik handiena eta, zuk esaten duzun moduan, ipuinak, narrazioak dira ardatza. Azala da beste guztia, ipuinak biltzen dituen azala, zuritu behar dena mamira heltzeko. Esan dezakegu nobelaz mozorrotutako ipuin-liburua dela hau. Mozorroa, berez, ikusgarria da, mozorro gehienak bezala, baina mozorroa kendu eta bertan topatuko du irakurleak liburuaren muina.

Bestetik, egia da progresiboki egiten dutela gora ipuinek liburuan zehar, hori da idazketa amaitu eta hartu diodan antza. Ematen du lehen ipuinak apalagoak direla eta intentsitateak apurka egiten duela aurrera… Hasieran neurtu ezin den alorra da hori. (Irakurri +)