Unai Elorriaga: “Nobelaz mozorrotutako ipuin-liburua da hau”

Unai Elorriagak Iturria izeneko lana plazaratu berri du. Zalantzarik gabe, lan bikaina, literaturaren botere katartikoan sakontzen duen obra horietariko bat. Bere orriotan, irakurleak ipuin estonagarriak topatuko ditu, kalibre handiko narrazioa osatzen dutenak. Zabaldu iturria eta edan bertako ura, ez zarete damutuko.

Narrazio enmarkatuaren aurrean gaude. Narrazio nagusi batek beste narrazio (ipuinak) batzuk barnebiltzen ditu. Ipuinok pisua hartzen dute narrazioan nabarmenki, progresiboki. Hortaz, badira ardatza?

Dudarik gabe. Ipuin-liburua idatzi nahi nuen nik, horretan jarri izan dut hasieratik indarrik handiena eta, zuk esaten duzun moduan, ipuinak, narrazioak dira ardatza. Azala da beste guztia, ipuinak biltzen dituen azala, zuritu behar dena mamira heltzeko. Esan dezakegu nobelaz mozorrotutako ipuin-liburua dela hau. Mozorroa, berez, ikusgarria da, mozorro gehienak bezala, baina mozorroa kendu eta bertan topatuko du irakurleak liburuaren muina.

Bestetik, egia da progresiboki egiten dutela gora ipuinek liburuan zehar, hori da idazketa amaitu eta hartu diodan antza. Ematen du lehen ipuinak apalagoak direla eta intentsitateak apurka egiten duela aurrera… Hasieran neurtu ezin den alorra da hori.

Ipuinok inpaktu eta desoreka “zoragarria” dakartzate berekin. Soro Barturenek (protagonistetako bat) horiei buruzko galdera zehatzak egiten ditu. Zergatik ezkutatzen dira gauzak ipuinetan? Zergatik ez da dena kontatzen?

Hori da, nire ustez, literaturaren elementurik ederrenetako bat. Hau da, idazle batek ondo jakin behar du zer kontatuko duen, baina hobeto zer ez duen kontatu behar, zer isildu behar duen, zer utzi behar dion irakurleari. Modu horretan, interpretazio desberdinetarako aukerak zabaltzen ditu, biderkatu egiten ditu kontakizunaren bidexkak, sakonera ilunagoetara hel daiteke. Halako galderak egiten dizkio Soro Barturenek bere buruari eta berdintsuak egiten dizkiot nik neureari, eta zalantzan egoten naiz asmatu ote dudan ezkutatzen ditudan elementuekin.

Zeuk idaztia da: “Ipuin bihurriak dira, nahasiak, buruko min batzuk ematen dituztenak, baina azkenean eskertzen direnak.”

Esaldi hori pertsonaietako batek esaten du eta nik erdia sinatuko nuke, alegia nik ipuin bihurriak idazten ditut batzuetan, nahasiak, buruko min batzuk ematen dituztenak… Esaldiaren azken zatia, ordea, desideratum bat baino ez da: nahiko nuke liburu honetako ipuinak “azkenean eskertzen direnak” izatea, baina hori irakurleak esan beharko luke.

Ipuinok ez-lekuak eta ez-denborak markatzen dituzte, hortxe girotu dituzu, bi mundu paralelotan, sofistikaziorik gabe. Giro deskribagaitz hori baina, narrazio osoan hedatzen da. Lanaren bereizgarritasuna da.

“Ez-lekuak” barik “edonon-lekuak” esango nieke, zilegi bazait hitz berri zatar hori. Ez-lekuak leku inpertsonalei esan izan diegu, aireportuei, ospitaleei eta parekoei, baina ipuin hauetan agertzen diren lekuak oso pertsonalak izan daitezke, familia etxeak berbarako. Egia da, ostera, leku horiek “edonon” egon daitezkeela, ez dudala momentu bakar batean esaten non edo nondik ari diren pertsonaiak. Horrek arrazoi bat dauka: leku edo denbora jakin bat ematen duzunean, ipuina zamatu egiten duzu, historia jakin batekin, politika jakin batekin, kultura jakin batekin… Eta ez nituen ipuinak zamatu nahi, arindu nahi nituen, gordindu.

Testuaren barneko giroa, bertako elkarrizketen presioa, gora doan erritmoa azaltzeko eta deskribatzeko “tentsioa” hitza erabiliko zenuke? Garraztasuna, umoreari begira?

Zenbait ipuinetan tentsioarekin jolastu nahi izan dut, egia da, goranzko parabola baten modukoa irudikatuz. Esan nahi dut tentsioak bizitasuna ematen diola kontakizunari, bizitzari ematen dion bezala; tentsioan gaudenean argiago ikusten ditugu gauzak, arnasa eteten zaigunean gehiago irekitzen zaizkigu begi-belarriak. Zenbaitetan, baina, idazketa soilarekin nekeza da nahi den tentsio puntua lortzea, beste arte batzuekin lortzen den moduan.

Bestalde, tentsio horren kontrapuntua umorea izan daiteke liburu honetan. Umoreak tentsio-une asko zipriztintzen ditu. Zuk esan duzun moduan, umore garratza maiz.

“Hiltzen ari da Barturen”. Pertsonaia horri buruzko detaile izugarri horrek heriotzaren hatsa hedatzen du narrazioan. Heriotzaz, eta nola ez, literaturaz mintzatu nahi izan duzu eskrupulurik gabe.

Heriotza leku gehienetan aurkituko du irakurleak, hala da; ezkutuan egongo da batzuetan, umore bihurtuta beste batzuetan, baina ia beti presente. Zeri idatziko diogu bestela? Ez dakigunari, ezagutzen ez denari idatzi behar diogu. Guk dakiguna, ezagutzen duguna, mundu guztiak ezagutzen du, zertarako errepikatu. Nork daki ezer, ordea, heriotzari buruz? Augusto Monterrosok esandako hura gogoan daukat sarri: “Hiru gai baino ez dago munduan: maitasuna, heriotza eta euliak.”

Pedro Iturria da liburuan gertatzen diren mugimendu guztien katalizatzailea. Kapitulu guztietako tituluetan “iturria” agertzen da. Lana hitz horrekin titulatu duzu. Sinbolismoz beteriko hitza da zuretzat.

Hori da: “iturria” edo “iturburua” ‘jatorri’ esanahiarekin erabiltzen dugu. Liburu honetan ipuinen jatorriaz hitz egiten da eta, aurreko galderan esan duzun moduan, literaturaren beraren jatorriaz ere bai. Kontzeptuen jatorriaren edo iturburuaren bila aritzea ekintza biziki interesgarria da, izan ere jatorriak gaur egungo egoeraz asko erakusten digu.

Beste alde batetik, biltzeko lekua ere izan da iturria gure artean orain dela gutxira arte; harreman asko sortu izan da iturrietan, ur bila joaten zirenetan. Esan genezake iturrietan “jaio” zirela gure arbasoetako asko. Bizitza gune dira iturriak, beraz, sortu ziren harremanengatik eta urak, oro har, ematen digun biziagatik.

Eta horretaz guztiaz aparte, Arthur Iturria munduko errugbi jokalaririk onenetako bat da…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina