Uxue Alberdi: “Jende gutxirekin konpartitutako ideiak garatzeko aukera eman dit fikzioaren distantziak”

Argazkilaria: Jonathan Mccallum

Nagore Vargas du pertsonaia nagusi Uxue Alberdiren Jenisjoplin (Susa) eleberriak, haurtzarotik molde askotako borrokatan eta disidentziatan zaildutako neska gaztea. Ziurtasun dogmatikoetatik urruti, gai askoren inguruko pentsagaiak zabaltzen dituzte hala Nagoreri gertatutakoek nola Nagorek gertatzen zaizkion horiei emandako erantzunek.

“Arima otxenteroa” duela dio Nagore Vargasek, nobelako protagonistak. Borrokalaria da (“Borrokan bizirik sentitzen naiz”, dio; “bakean, hilda”), baina ez soldadu baten antzera, disidente petoa baita, errebeldea. Zerk bultzatu zaitu horrelako pertsonaia bat sortzera?

Haurtzaroko baldintza makurrek eraginda identitate gotorra eraiki behar izan duen pertsonaia sortu dut, errebelde bat: Nagore Vargas Espainiako migratzaile ezkertiarren ondorengoa da, tabernarien alaba, klase-kontzientzia eta zapalduaren identitatea bereganatzen dituena txikitatik. Langile-auzo bateko kaleetan eta gurasoen taberna otxenteroan iniziatuko da eta oso gazterik hartu beharko ditu heldu bati legozkiokeen ardurak eta erabakiak. 80ko eta 90eko hamarkadetako krispazio-giroak bat egiten du Nagoreren egitura emozionalarekin: justizia-grina du, biolentziarako predisposizioa, autoritatearen kontrako jarrera, gainezka egindako amorrua, arbasoak mendekatzeko premia… Baina, gutxien espero duenean, goitik behera amilduko zaio bere buruaz sortu duen irudia, identitate zaharrak hondamenera baino ezin eraman dezakeela ohartuko da, eta berriro marraztu beharko ditu klasearen, aberriaren eta sexuaren koordenatuak. Identitatearen berrasmatze prozesu bat da Nagorerena, gorputzari lotua, oso intimoa eta, aldi berean, Euskal Herriaren ibilbide identitarioaren ispilu izan daitekeena.  (Irakurri +)