Mikel Urdangarin: “Libre izan nahi dugu eta gainera eroso; kontzeptu kontrajarriak dira”

Argazkilaria: Josu Izarra

Bakarkako bira eta disko baten ostean, taldearen abarora itzuli da Mikel Urdangarin norbanakoaren askatasunari buruzko lana ontzeko. Bere ibilbidearen hogeigarren urteurrenean, Margolaria disko “fresko eta argitsua” izatea nahi zuen.

Titularra eman zenuen diskoaren aurkezpenean. “Bihotza, gibela eta odola” jarri omen dituzu lan honetan.

Disko bat egiten ari naizenean, sentitzen dut disko horrek sostengua eman behar didala, jaten eman behar didala, niri eta proiektu horretan dauden beste bospasei lagunei. Horrek ez du ekartzen derrigorrez disko on bat egitea, baina bai ekartzen du prozesu hori hil ala bizikoa bezala bizitzea. Ezin duzu jolas bat bezala hartu. Musika nire lehenengo ogibidea da, eta nire bizitzaren ardatzean dago. Akaso sentimendu hori denborarekin areagotuz doalako esan nuen hori. (Irakurri +)

Maider: “Liberazio moduko bat sentitu dut diskoa egitean”

Maider Zabalegi Berrogei urte egiten zituenean disko bat aterako zuela agindu zion bere buruari, eta hala egin du. Alaitz Telletxearekin osaturiko bikotea desegin zenetik hamabi urtera, bakarkako lehen diskoarekin itzuli da Maider Zabalegi. Pop disko argitsua da Zuei (Elkar), egileak bizi duen momentu “baikor eta emankorraren” isla.

Diskoa entzutean ez dirudi horrenbeste urte pasa direnik. Zure ahotsa apenas da aldatu.

Grabatzera sartu aurretik banuen beldurra, nola entzungo nuen nire ahotsa horrenbeste urte eta gero. Kantu batekin egin nahi nuen proba, zer inpresio egiten zidan ikusteko, eta hasieratik oso eroso sentitu nintzen.

Alaitz eta Maiderren azken kontzertua 2004ko abenduan izan zen. Urte hauetan musika erabat alboratu duzu?

Guztiz. Moztu egin nuen musikarekin: ez nuen musika entzuten kotxean, gitarra ez dut hartu ere egin… Ez dut inolako beharrik sentitu taularatzeko edo konposatzeko. Alaitz eta biok oso gazte hasi ginen, urte asko izan ziren, eta une batean oso garbi ikusi nuen aldatu nahi nuela. Ama izan nahi nuen eta horretan bolkatu naiz erabat. (Irakurri +)