Mikel Urdangarin: “Libre izan nahi dugu eta gainera eroso; kontzeptu kontrajarriak dira”

Argazkilaria: Josu Izarra

Bakarkako bira eta disko baten ostean, taldearen abarora itzuli da Mikel Urdangarin norbanakoaren askatasunari buruzko lana ontzeko. Bere ibilbidearen hogeigarren urteurrenean, Margolaria disko “fresko eta argitsua” izatea nahi zuen.

Titularra eman zenuen diskoaren aurkezpenean. “Bihotza, gibela eta odola” jarri omen dituzu lan honetan.

Disko bat egiten ari naizenean, sentitzen dut disko horrek sostengua eman behar didala, jaten eman behar didala, niri eta proiektu horretan dauden beste bospasei lagunei. Horrek ez du ekartzen derrigorrez disko on bat egitea, baina bai ekartzen du prozesu hori hil ala bizikoa bezala bizitzea. Ezin duzu jolas bat bezala hartu. Musika nire lehenengo ogibidea da, eta nire bizitzaren ardatzean dago. Akaso sentimendu hori denborarekin areagotuz doalako esan nuen hori.

Askatasunaz ari zara diskoan. Gai unibertsala da, maiz jorratua, eta norberak bere erara ulertzen duena. Zein ikuspegi duzu askatasunaz?

Oso norbanakotik abiatutako ikuspegia da nirea. Nire iritziz, ezinezkoa da askatasuna aldarrikatzea norberak hori zer den jakin edo sentitu gabe. Uste dut badagoela jende asko askatasunaz mintzo dena baina indibiduo lez hori bizitzera ausartu ez dena. Bestetik, kolektiboaren askatasunak eduki ditzakeen kontraesanak ekarri ditut kantetara. Aske izateak ez dakar erosotasuna, ez dakar konforta, ez dakar oparotasuna. Askatasuna den leku horretan hotz handia egiten du eta agian ez dugu hortik pasatu nahi. Hemen baina, nahi dugu libre izan eta gainera eroso. Kontzeptu kontrajarriak dira. Askatasuna da intentsitatea, ez konforta. Nik bizi izan dut hori, eta hor sentitu dut askatasuna. Bakardadean, ezerosotasunean.

Zertan datza gizon arruntaren edertasuna?

Kanta horretan dago askatasunaren nire aldarri zintzoena. Jakinda ere kantak egitea, musikaria izatea, diskoak grabatzea… ez dela bizitza arruntaren baremoetan sartzen, neure burua gizon arruntatzat daukat, baita taula gainera ateratzen naizenean ere. Bizimodu estandar bat daramatenen arruntasunean norbanakoa ikusten dut, bihotz bakanak, jende normala, eta ni normaltasun horrek seduzitzen nau. Indarra ikusten dudalako hor. Denok geure baitan daramagun argi eta izaera bakar hori sentitzea ezinbestekoa da.

“Mayorren kontaidazu, minorra xahutu duzu” abesten duzu. Argitsuagoak eta dinamikoagoak iruditu zaizkigu disko honetako kantak. 

Esaldi horretan nire buruari barre egiten diot, baina ez da hori bakarrik. Aurreko diskoetan sekula ez da baxurik egon, eta biolinagatik ez balitz, disko honetakoa pop-rock formazio bat litzateke. Disko argitsua nahi nuen, kontrastea sortzeko norbanakoaren askatasun ezeroso horren aldarrikapenarekin. Hogeigarren urteurrenean, disko freskoa egin nahi nuen, eta hori ez da erraza. Denak dira lehen edo bigarren joaldiak. Horrek ez dakar perfekzioa baina bai indarra.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina