Barakaldoko Palenzuela liburudendan erosi nituen Oskorriren lehenengo diskoak, Arestirena eta Etxeparerena. 1978 urtea izango zen. Denda txiki horretan, material euskalduna eskaintzeaz gain, musika jartzen zuten girotzeko; hor entzuten zen, behin eta berriro, Europako Herrien kantuen bilduma, Oskorri eta bere “Egia da” moldatua barne, Blas Piñar ultraeskuindarra aipatuz. Nazioartekotasun horretan Bilboko taldea aintzindaria izan zen.
Itoiz eta Errobirekin batera, nere talderik gustukoena zen Oskorri. Oso bitxia izan zen zuzenean ikustea (eta grabatzea) Barakaldoko Guridi zinetokian 1982an, Milladoirorekin batera, sarrerak agortuta zeudelarik. Handik gutxira irrati lanetan hasi nintzen, eta noizean behin kasete pletina bat eta munduko kable guztiak soinean hartuta, kontzertuetara abiatzen nintzen grabaketa egiteko baimen preziatuaren bila. Zorionez horixe lortu nuen 1991ean Barakaldo Antzokian; nire ondoan Jean Phocas, beharbada Euskal Herriko teknikarik onena garai hartan; aurrean Oskorri une goxoan: Natxo, Anton, Bixente, Fran, Txarli, Jose…; eta horiekin batera gonbidatu berezia: Kepa Junkera gaztea, Errekaldeko trikitilaria. (Irakurri +)