Xabier Leteren hegiak, antologian

Koldo Izagirrek Xabier Leteren obra poetikoa batu du Elurra ikusi dut izenburupean. Poema eta kanten bilduma kronologikoaz gain, autorea ezagutzeko baliabide gehiago ere badakartza antologia honek: biografia, nabigazio tematiko ebolutiboa egiteko aukera eta Xabier Lete ulertzeko saiakera artikulua.

Xabier Leteren ahotsa –naturala nahiz grabatua–  ezagutu zuenari, ekidinezina gerta dakioke galdera: bereiz al litezke kantagilea eta poeta? Izan ote litezke poemak kanta eta kantak poema? Halaxe dio Elurra ikusi dut-eko hitzaurreak: “Zenbait batzuek pentsatuko dute Xabier Lete poeta dela, agian, kantu nostalgikoak dauzkalako. Bestetzuek uste lezakete, agian, poema antologia batean ez dutela lekurik kantuek…”.

Zaila da kantagilea eta poeta bereiztea, baina ez dago Bob Dylanen eta literaturaren Nobel sariaren polemikara makurtu beharrik, poesiaren eta kantuaren arteko aldagarritasun horixe bailuke Letek, baliorik preziatuena. Koldo Izagirreren hitzetan, “poetek eta bertsolariek oro har ez duten herri kutsua du kantu-letrak egiteko, eta kantagileek oro har ez duten kutsu lirikoa du poemak egiteko”. Are. Kantak ala poemak izan, “bilakaera berdina antzematen da, bai gaietan, bai eta estiloan ere”. Horra hor, osotasun berean hartzeko taxuzko arrazoi bat. (Irakurri +)