Lur eta Amets pantaila handira

Aski ezagunak dira Lur eta Amets Euskal Herriko gaztetxoen artean. Gure historian barrena eraman dituzte azken urteotan, liburu, ipuin eta mahai-jokoen bidez. Oraingoan pauso bat aurrera egin eta animazio-luzemetraia bilakatu dira. Euskal Herriko historia inoizko erakargarrien azalduko zaigu otsailetik aurrera.

Aspaldiko ametsa errealitate bihurtu da. Izan ere, badira hamar urte filma egiteko ideia sortu zenetik. Ezinezkoa zirudien ilusio hura, pausoz pauso, errealitate bihurtzen hasi zen. Ipuinak, kontsulta liburua eta mahai jokoa etorri ziren lehenengo. Azkenik, 2017. urtean, filma egiteko prozesua abian jarri zuten. Orain, bi urte igaro ondoren, luzemetraia bukatzear dago. Lehenengo aurkezpen publikoa Durangoko Azokan izango da eta zinemetan 2020ko otsailaren 7an egingo da estreinaldia.

Lur eta Amets titulupean argitaratutako liburu eta ipuinak dira Elkar, Katxiporreta, Ikastolen Elkarteak eta Lotura Filmsek ekoitzitako animazio luzemetrai honen mamia. Gure historian barrena hara eta hona ibili eta abentura gazi-gozoak biziko dituzte Lur eta Amets neba-arreba bikiek, bere amona Andere eta Baltaxar katuaren botereei esker. (Irakurri +)