Miren Gorrotxategik irabazi du Augustin Zubikarai saria

Miren Gorrotxategi

Miren Gorrotxategiren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamahiru lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Gorrotxategiren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria azaroaren 29an, ostegun arratsaldean eman zaio, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

“33 ezkil” du izena Miren Gorrotxategiren proiektuak, eta baserri giroan kokaturiko eleberria izango da. Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat aurkituko du lurpean, eta horren haritik tiraka hainbat gertaera kateatuko dira, baita zenbait heriotza suertatuko ere. Thrillerraren formatua erabili arren, beste hainbat gai ere ageriko dira nobelan, eta horiek hartuko dute pisu nabaria: belaunaldien arteko talka (eta horrekin lotuta baserriaren eta kalearen artekoa), bikote harremanak… Urtebete du Gorrotxategik proiektua ontzeko eta amaitzeko, eta ondo bidean 2016ko udazkenean ikusiko du liburuak argia.

Miren Gorrotxategi Azpeitian jaio zen 1981ean. Itzulpengintzan lizentziatua da, Turismoan diplomatua, eta baditu zenbait master ere. Lanbidez irakaslea da Elgoibarko ikastolan. Gaztetan Urruzuno saria eskuratutakoa da, baina geroztik utzi samarra izan du literatura idaztea, beka honi esker berriro heldu dion arte.