50 urte Rikardo Arregi hil zela

Duela 50 urte gaurko egunez, 1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. 26 urte besterik ez zituen arren, idazle gazte hark egundoko eragina izan zuen bere garaian, berak sortua baita, besteak beste, alfabetatze mugimendua. Arregik utzitako arrasto sakonaren froga da heriotza hari loturik dauden idazleen zerrenda, XX. mendeko euskal kulturaren berrikuntza markatu zuten izen nagusiak: Txillardegi, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia… Hemen kontatuko dizugu lotura horren nondik norakoa.

Garai hartan Txillardegi Bruselan bizi zen, erbesteraturik, eta bertatik idatzi zuen bere hirugarren eleberria, Elsa Scheelen. Berau argitaratzeko gertu agertu zen Gabriel Aresti, berak sorturiko Kriseilu zigiluan. Aldi berean, Donostian, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak eta beste zenbait lagunek Lur argitaletxea sortzekotan ziren, eta tratuan ziren Gabriel Arestirekin ere. Hain zuzen, elkarrizketa horietatik atera zen argitaletxe bakarra eratzeko asmoa. Arestik jada ordaindua zuenez Elsa Scheelen-en edizioa, ale horiek Lur-en esku utziko zituen, eta ordainetan, Arestiri auto bat emango ziotela adostu zuten, Lur-ekoen lagun baten Seat 850 bat.

Euskaltzaindiak Bilbon egingo zuen batzar bat aprobetxatuz, Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik hartu zuten kotxea, han Arestiri entregatzeko. Zoritxarrez, ez ziren inoiz iritsi, bide erdian istripua izan baitzuten eta bertan hil baitzen Rikardo Arregi.