Jasone Osororen “Eskularru beltzak” liburuaren aurrerapena

Larruzko txupa kendu zuen. Zutik jarri zen eta, platera bere burutik behera bota ondoren, kamiseta tirantedun beltza zopaz blai geratu zitzaion. Isiltasuna jangelan. Inor ez zen larritu. Inor ez zen barrez hasi. Inork ez zion errietarik egin. Eta huraxe izan zen Beirerentzat okerrena, jendearen indiferentzia. Gurasoek ingelesa ikasteko barnetegi hartara bidaltzea baino amesgaizto handiagorik ezinezkoa zen. Uda hura bere bizitzako gorrotagarriena izango zela pentsatu zuen. Fuck!

Ispiluari begira, une hartan ikusten zuena ez zuen batere gustuko. Fideoek bere kamisetan “Tuntuna” hitza osatzen zutela iruditzen zitzaion eta bat-batean azkura sentitu zuen gorputz osoan. Hotza. Biluztu egin zen, pijama jantzi eta ohera sartu zen. Sakelakoa izango balu, Leteri idatziko lioke. Leteri kontatuko zion leku hura zerua zela, aingeruz betea, eta Letek irribarreak bidaliko zizkion, malkotan, eta suzko bola bat, Letek bazekielako Beirek infernua nahiago zuela. Izan ere, Lete, Beire eta Kar ziren Sua taldeko kideak. Eskolako talderik arrakastatsuena. Mundu guztiak miresten zuena. Mundu guztia ikaratzen zuena. Leteri eskatuko zion joateko barnetegira bere bila. Sartzeko irakasleren baten gelan eta jartzeko haren burkoaren azpian igel bat. Edo arkakusoren bat zapatetan. Pentsatze hutsarekin imajinatzen zituen barrez Lete eta Kar. Kar beti barrez, noski, kar kar. Haien falta sumatu zuen. Barnetegian ez zeukan lagunik. Ez zuen lagunik egin nahi. Onartzen zuen interes txikiena ere ez ziola inork sortzen. Askoz dibertigarriagoa zen Pokemonak ehizatzea, barnetegi hartan zeuden neska-mutilekin edozertan aritzea baino. (Irakurri +)