Sari bikoitza Tene Mujika bekan

Batetik, Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du; bestetik, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landuko dute.

Sari bat ez baizik eta bi emango ditu aurten Tene Mujika sariak. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu ziren; horien guztien artean saria bi lani “ex-aequo” ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Orain urtebeteko epea izango dute irabazleek nork bere lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.
  (Irakurri +)

Abian da XIV. Tene Mujika Beka, historia hurbilaz idazteko

2017 urtean Tene beka irabazi zuen lana: Xabier Gantzarainen Zuloa

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XIV. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko dirulaguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:

1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
 
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak. (Irakurri +)

Jon Alonsok irabazi du Tene Mujika Saria, “Naparra” kasuaz idazteko proiektu batekin

Jon Alonso idazle iruindarrak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, Jose Migel Etxeberria “Naparra”ren kasua aztertzeko egitasmo batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Alonsorena eman du irabazletzat Alberto Barandiaran, Idurre Eskisabel eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

“Errelatoaren borroka” gain-gainean dugula eta hori saihesterik ez daukagula dio Alonsok bere proiektuaren aurkezpenean, ondoren bere asmoa adierazteko: bere belaunaldiak gatazkaren gorabeherak nola bizi izan dituen kontatzea, zintzoki eta autokritikari ihes egin gabe, eta horretarako Jose Migel Etxeberria “Naparra” desagertuaren kasua izango du kontaketaren ardatza. Izan ere, Alonso eta Etxeberria ikaskideak izan ziren Iruñeko josulagunen ikastetxean. Gero, bien bideak bereizi ziren, eta Naparra desagertu zenean, Alonsok aitortzen du ez ziola gertaera latzari merezi adinako garrantzirik eman. Orain, familiaren inplikazio eta laguntzarekin berrekin nahi du Jose Migel Etxeberria Alvarezen historia, eta ahal bada, ikerbidean den gorpuaren aurkikuntza ere kontatu.

Jon Alonso Fourcade Iruñean sortu zen 1958an. Korrok aldizkariaren sortzaileetakoa izan zen 80ko hamarkadan. Kimikan lizentziatua da eta ogibidez itzultzailea. Saramago eta Cortazar euskaratu ditu, eta liburu ugari argitaratu, bai nobelak, bai saiakerak.

X. Tene Mujika beka abian da

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, X. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:

1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.

2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.

3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:

a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.

b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…

c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa. (Irakurri +)

Debako zentral nuklearraren historia, liburu bihurtuko da laster

tunelak_izarak_mozorroak

Josu Martinezek iaz kaleratu zuen “Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak” Tene Mujika bekaren laguntzarekin

Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak, Tene Mujika ikerketa-beka eman diote Jose Mari Izaga, Francisco Salegi eta Carmelo Urdangarinek osatutako taldeari, Debako zentral nuklearraren aurkako herri mugimenduaren historia izeneko lana osa dezaten.

Gure historia hurbilaz ari diren proiektuak saritzen ditu Tene Mujika bekak, eta horri esker idatzi dira zenbait lan gogoangarri: Imanol Muruak Loiolako solasaldi politikoez, Ramon Olasagastik gailurretan hildako mendizaleez, Ainara Gorostitzuk gaurko emigrazioaz, Pako Aristik eta Mikel Markezek Benito Lertxundiri buruz…

Iaz deialdi berezia izan zen, gaia aldez aurretik jarri baitzen: Debako zentral nuklearraren proiektua eta haren kontrako mugimendua zen ikergaia; aurkeztutako proiektuak Elixabete Garmendia, Martin Anso eta Sabino Ormazabal epaimahaikideek aztertu dituzte, eta irabazlea, esan bezala, Izaga, Salegi eta Urdangarinek osatutako taldea izendatu.

Egile-talde horren berezitasunetako bat da hirurak lekuko zuzenak direla, bertatik bertara ezagutu baitzuten proiektua, eta buru-belarri aritu baitziren zentralaren kontrako herri-mugimenduan, era askotako lanak eginez. Debako Mendata inguruan zentral nuklear bat egin nahi izan zuen Iberduerok 70eko hamarkadan (baita Ean, Lemoizen eta Tuteran ere). Euskal Herriko mugimendu antinuklearra artean sortu gabe zegoela, proiektuaren kontrako protesta indartsua piztu zen Deban, eta horrek eragin nabaria izango zuen etorkizunean, bai Deban, bai Euskal Herri osoan. Horren guztiaren berri hobeto jakingo dugu orain, ikerketa honi esker.

Debako Udalak emandako 6.000 euroko laguntza izango du taldeak lana burutzeko, eta Elkar argitaletxeak argitara emango du gero.