VHS izeneko nobela kaleratu du Oier Guillanek Susaren eskutik. Konfinamenduak edizio-lan betean harrapatu zuen, eta kontatu digunez, irrikaz dago liburuko pasarteak jendaurrean eta zuzenean irakurri ahal izateko; izan ere, berarentzat “hor osatuko baita liburuarekin esperientzia, jendearekin”.
Has gaitezen izenburutik beretik: VHS deitu diozu nobela honi. Niri behintzat, berehala ekarri dit gogora iragana, iraganaren aldaera berezi bat: norberak bizi izan duen arren oso aspaldikoa dirudiena.
Izan daiteke. Liburuan dena da jolasa, errealitateen eta fikzioen arteko ispilu joko bat, eta titulua hori ere bada: batetik, ondo esan duzun moduan, iraganarekiko sentimendu bat islatzen du. Batzuetan saiatzen gara oroitzen gure bizitzetan garrantzitsua izan den une bat, eta konturatzen gara akaso sentsazio orokorrak gogoratzen ditugula, baina ez hitz, usain edo kolore zehatzak. Iragana oroitu nahian, batzuetan sentitu izan naiz VHS zinta zahar bat eskuetan edukiko banu bezala: zeozer oso baliotsua dago bertan grabatuta, baina dagoeneko formatu zaharkitua denez ez dago hura ikusteko aparatua lortzerik. Bestetik, liburuko ispilu joko horretan VHS bada zeozer gehiago ere, baina ez dut spoilerrik egingo… (Irakurri +)