Itxaro Bordak (Baiona, 1959) Zure hatzaren ez galtzeko poema-liburua aurkeztu du, Elkar argitaletxean. Ez berriena delako, egiaz hala iruditzen zaigulako baizik, olerki-liburu hau idazle lapurtarrak argitaratu duen biribilena da.
Has gaitezen izenburutik. Zer da edo norena, galdu nahi ez duzun hatz hori? Eta zein da gizakiok begien bistatik sekula galdu behar ez genukeen hatza?
Pertsona zehatz batena baino uste dut galdu nahi ez nukeen hatza bizitza soilarena dela, batzuetan iruditzen zaidalako egunerokotasunak guztia irensten, ezabatzen eta lehertzen duela. Jendetasunaren hatza, marka hori gure hitz, kultura eta jaiduretan, itsumandoka berreskuratzeko bideetarik bat izan daiteke poesia.
‘Poema guztiak dira amodiozkoak’, horrela dio poesiaren lege zahar batek. Maitasun istorio bat al da Zure hatzaren ez galtzeko honek kontatzen duena?
Bai eta gainera ene ohiko amodiozko istorioa, berrogei urte hauetan irauten duena, huts egin gabe sekula, euskararekikoa dela hain zuzen ere. Masakratzen dut, gozatzen dut, infidela natzaio, baina hor dut beti hatz, buru zokoan, ezin a-hatz.
Poemaren emozio-sarrera gisakoak dira poemen izenburuak ere. Berebiziko garrantzia hartzen dute. Nondik dator izenburuen sinbolizazio horren haria?
Izenburua ate bat da, poemaren leitzeko norabidea proposatzen dio irakurleari. Baina noiztenka alderantziz da, poemaren argitasuna uhertzen du. Titulua olerki bat da funtsean, pixka bat margo baten azpian agertzen den obraren izena (edo gabea) laburtzen duen eledia bezala.
Espresio-moldea gaur-gaurko ahots aniztasunaren araberakoa iruditu zaigu, baita liburu osoaren egitura estetikoa ere. Euskararekin beste hainbat hizkuntza txertatu dituzu poema askotan, rock n’rollaren erritmoak poesiaren hizkuntza berean. Liburua irakurrita, idazten izugarri gozatu duzula ematen du.
2008 eta 2014a artean idatzi poemak dira, munduko leku ezberdinetan. Maite dut hizkuntzak euskararen isurian sartzea erakusteko euskara ez dela lur honetako mintzairen biribilketatik kanpo geratzen. Laket zaizkidan rock edo kanta zatiak dira ingelesezko perpaus zenbait, islandiera, nahualtera eta gaelikoa halaber agertzen direla poeta omenez, gutarik hurbilagoak diren mintzairetaz gain. (Irakurri +)