Arantxa Urretabizkaia: “Hamasei urte nituen lehen ikurrina ikusi nuenean”

Zuri-beltzeko argazkiakArantxa UrretabizkaiaGerra galdu zuen gizon baten alaba da Arantxa Urretabizkaia (Donostia, 1947) eta horrek bere haurtzaroa markatu zuen, nahiz eta politika kontuak ez ziren aipatzen bere etxean. Garai baten kronika izan nahi duen Zuri-beltzeko argazkiak (Pamiela) liburu berrian kontatzen du hori Zergatik Panpox-en eta Koaderno Gorriaren egileak.

Zure haurtzaroaren oroipenetik abiatuta, garai horren ohitura erretratu bat egitera mugatu zara, kontu intimoenak kanpoan utzita. Zergatik erabaki duzu hori egitea?

Argi utzi nahi izan dut hori lehen hitzetatik. Ez da memoria liburu bat: memoria osagai nagusia bada ere, kronika bat da. Iruditzen zait ez dudala nire inguruko pertsonentzat ere intimoak diren gauzak kontatzeko eskubidea. Gustura irakur dezaket norbaiten barruko bizitza kontatzen duen liburua, baina nik ez dut hori egin nahi. Dudarik gabe, nik bizitako gauza intimo ugari azaltzen da, han eta hemen, fikziozko liburuetan, baina ardoa likore bilakatu ondoren.

Galdutako gerrak betiko markatu zuen zure aitaren bizitza. Hala ere, “atea itxi bezain pronto, politika kanpoan gelditzen zen”.

Gure aitaren bizitza ez ezik, familiarena ere bai. Politikak, ordea, ez zuen lekurik gure etxean, ez behintzat haurrok aurrean geundenean. Hamasei urte nituen lehen ikurrina ikusi nuenean. Adin bertsua izango nuen aitak etxera, gabardinaren azpian ezkutatua, George Steer-en liburua etxera ekarri zuenean. Irakurri nuen, baina ezin nuen sinetsi, fikzioa iruditu zitzaidan, bertan aitaren bizpahiru argazki bazeuden ere. (Irakurri +)