BETAGARRI: “Zoriontasuna ez da egoera bat, jarrera bat baizik”
Zorion argiak 23 abesti berri, cd bikoitz batean. Kolaboratzaile mordoa tartean: Tonino Carotone, Gari, Pirritx eta Porrotx, El drogas, Iñigo Muguruza, Mikel Urdangarin, Virginia de la Casa, Francis “Doctor Deseo”, Juan S.A., Xavi Sarriá eta Kutxi. Lagunartean grabatutako diskoa da. Betagarritarrek rock, ska eta reggae ukituko diskoa aurkeztu digute, azken urte hauetan bereganatu duten esperientziak eta heldutasunak ematen duen sendotasunaren bermearekin.
Datorren urtean 20 urte izango dira Betagarri sortu zenetik? Hori ospatzeko disko bikoitza?
Ez. Horretan pentsatzen ez dugu egin. Egia da lan berezia izanda guztiz baliogarria litzatekeela geure buruari egindako opari moduan, baina nik uste oparia etortzeke dagoela.
Hiru urte igaro dira Bizitzari txistuka azken diskoa kaleratu zenutenetik, emanaldi asko tartean. Azken lan honen prestaketak lan handia suposatu dizue?
Lana batez ere azkenengo txanpan izan da, dena ordenatu eta estudiora eramateko momentuan. Abesti asko izan dira, eta zaila da guztiak kontrolpean izatea. Abesti batzuek ia urte t’erdi zuten, eta beste batzuek aurreko hilabetean egindakoak ziren. Beraz, osotasunean, guztiarekiko pertzeptzioa izatea ez da erraza izan. Abestiak egiteari dagokion lanari buruz, beti bezala, abesti berriak sortzen nahikoa eroso sentitzen garela uste dut, ez da oso gogorra guretzako.
Lagun asko egin dituzue urte luze hauetan zehar, diskoan kolaboratu duten guztiek zuen ibilibidea jarraitu dute, eta alderantziz, Nolatan hainbeste kolaboratzaile?
Kolaborazioren bat argi ikusten genuen hasieratik, abestiek ahots konkretu batzuk ekartzen zizkiguten gogora. Horrek ez zuen esan nahi diskoan joango zirenik. Gero, diskoaren kaleratzea atzeratu eta abestiak egiten jarraitzearen ondorioz disko bikoitza bihurtu zenean, kolaborazioen asuntoa aurrera eramatea erabaki genuen eta orduan bai, buruan genituenei deitu eta azkenean izan den honetan bihurtu da diskoa.
Izen propio handiak dira. Nola izan da kantu berri hauen sorkuntza kolaboratzaileeekin.
Kolaboratzaileen partehartzea bukaera arte ez da eman. Abestiak guztiz eginda erakutsi dizkiegu, Iñakik abestuta. Guk ere ez dugu jakin nola geratuko zen estudiora etorri eta grabatu duten arte. Sorpresa guztiontzat izan da.
Musikalki, melodiak zuek sortuak izan badira ere, kolaboratzaileei askatasuna eman al diezue beraien ukitua emateko?
Eman edo hartu dute… JAJAJA! Bai, lehen esan bezala, guk abestia amaituta eman genien, ahotsaren melodiarekin eta den denarekin. Gero, baten batek moldatu edo aldatu izan du, baina beti ere onerako izan da, beraz, perfekto!
Zer aportatu dio diskoari kolaboratzaile hauen interpretazioak? Musikalki zein desberdintasun ikusten dituzue aurreko diskoekin alderatuz?
Kolaboratzaileek, guztiz berea egin dute bakoitzaren kanta, eta horrek diskoari freskotasuna edo eman dio, ez da berdina Iñakik abestutako 23 kanta jarraian entzutea edo hainbat ahots ezberdinek abestuta entzutea. Gero, esan bezala, abesti askok, beraien pertsona horien ahotsa ekartzen ziguten gogora, beraientzat aproposa zela uste genuelako, beraz, azken finean, abestia guztiz bete edo burutu dute. Musikalki aldaketa handirik ez dago, , beti bezala aniztasuna da nagusi, eta orduan denetik entzun daiteke, disko guztietan bezala.
Zorion argiak, disko positiboa da, mezuetan denetarik dagoen arren, badirudi arnasa berritzen duen diskoa dela. Horrela al da?
Orokorrean mezua baikorra dela esan daiteke, bai. Izenburutik hasita, nahiz eta dagokion abestian kokatuta, berez oso positiboa ez izan, diskoaren izenburu bezala, bai, egia da argia eta zoriona batzerakoan jendeari positibotasun hori datorkiola burura. Orokorrean beti saiatzen gara baikor izaten, Bizitzari Txistukak ere hori gogoratzen zigun, bizitzatik txistuka, edo pozik egoteko gogoekin ibilita, zoriontsuago izan gaitezkela. Zoriontasuna ez da egoera bat, jarrera bat baizik.
Betagarriren hasierako nortasuna mantentzen saiatu zarete, egurra ematen mezuekin eta dantzarako tokia eskaintzen.
Urteen eta esperientziaren poderioz abesti eta letra hobeagoak egiten ditugu, hori espero dugu behintzat.Mundua ez da berdin ikusten 18 edo 38 urterekin, eta beraz ezinezkoa da gauza berdinak egitea. Tarte horretan ezagutu eta entzun dugun musika bakarrik kontuan hartuz gero, gero taldean lan egiten dugunean ere derrigorrez islatu behar da.
Europan, EEBBetan baita Japonen ere sarri egon zarete. Zein uste duzue izan dela aukera hori izateko arrazoi nabarmenena?
Gehienetan taldeak eginiko apustuak izan dira, maila ekonomikoan printzipalki. Oso garestia da hamar pertsona Japoniara, Argentinara edo Estatu Batuetara joatea, baina, tira, hemendik irabazitakoa aurreztuz, eta talde bezala hazi nahi horrek, ba honelako birak egitera eraman gaitu. Orain gauzak pixka bat okerrago daude, eta zaila da honelako birak egitea ere, baina tira, dena hobetuko da, ziur, gure esku dago.