Suspentsea, umorea, maitasuna… Alberto Ladronen azken lanean

Alberto Ladron Arana (Iruñea, 1967) polizi eleberri batekin datorkigu berriz ere: Zer barkaturik ez, gaurko Iruñean Ukrainako mafiak, II. Mundu Gerrako judu eta naziak eta beste hainbat osagai biltzen dituen intrigazko lana.

Nobela poliziako batekin zatozkigu berriz. Mikel Izu, protagonista, zure aurreko beste batzuk bezala, atormentatu samarra da, bizitzako bidegurutze batean dago, nora ezean…
Interesgarriak zaizkit horrelako pertsonaiak, joko handiagoa ematen dute arazorik gabeko bizimodu zoriontsua daramatenek baino. Bestalde, istorioak berak halako pertsonaia bat eskatzen zuen, nobelan hartuko dituen erabakiak ulergarriagoak egiteko.

Nobela honetan saiatu naiz pertsonaia nagusia arreta bereziz lantzen. Bere izaera, kezkak, ilusioak eta abar ez ezik, eguneroko bizimodua, harremanak eta arazoak ere agertzen ditut, horiek pertsonaia hobeki ezagutzen lagunduko baitute.

Hala ere, bereizgarri bat badu: deprimiturik egon arren, umore sena erne du uneoro.
Mikel ez dago bere bizitzako unerik gozoenean, baina ironia puntu batekin begiratzen dio inguruari. Beldur, urduri edo haserre dagoenean, Mikelek eztenka erantzuten du, baina ez modu garratzean, ironikoki baizik. Umorea arma bat du bizitzaren erasoen aurrean… eta nobelan zehar, eraso horiek biderkatu eginen zaizkio.

Umorea eranstea berrikuntza da zure obran, ezta?
Ez ditut nobela tristeak gustuko. Kontatzen direnak latzak izan arren, ez dituzu zertan gehiegizko dramatismoz kontatu. Umore pixka batek bizitasuna ematen dio kontakizunari. Nobela honetan nabarmenagoa da hori aurrekoetan baino, zenbait pasartetan, pertsonaia batzuetan eta batez ere elkarrizketetan. Nik oso gustukoa dut informazioa elkarrizketen bidez ematea, horrek erritmo biziagoa ematen baitio kontakizunari, deskribapen luzeek baino. Eta elkarrizketa horietan noizbehinka halako irribarretxo bat agertzen bada, are atseginagoa gertatzen da irakurketa.

Lehenengo aldiz nik dakidala, pertsonaia bat inportatu duzu zure beste nobela batetik: Armentia inspektorea, Foruzaingokoa.
Ahaztuen mendekuaren irakurleei egindako keinu moduko zerbait da Armentia, eta hemen ere bere paperean dabil foruzaina: protagonistari zirika dabilkio uneoro, agertzen den bakoitzean, presioa areagotu egiten zaio Mikeli. Armentiak bigarren mailako pertsonaia izaten jarraituko du, baina protagonismo handiagoa hartuko du oraingoan, eta bere arazo pertsonalak ere agertuko dira.

Nafarroako gizarte eskuindar eta kontserbadorea lerro artean ageri duzu, beste batzuetan bezala, atzeko oihal gisa.
Egungo –eta seguruenik betiko– nobela beltzetan gizarte kritika egoten da neurri batean edo bestean. Polizia trama baten inguruan, edo horren aitzakian, gizartearen aspekturik ilunenak agertzen dira. Zer barkaturik ez gaur egungo Nafarroan giroturik dagoenez, ezinbestekoa zen Nafarroa “ofizial” horren ezaugarri batzuk agertzea. Mikelek begi kritikoez so egiten dio bizi den hiri eta gizarteari eta nabaria da ez dela oso gustura sentitzen horiekin. Ezin ditu gauzak aldatu, baina isildu ere ez da egiten: ez du zer galdurik.

Zure irakurleek asko estimatzen dute hariak korapilatzeko eta azkenean askatzeko duzun abilezia. Zein da zure teknika nobelak ontzeko, eta zein dituzu generoko erreferentzia nagusiak?
Etengabeko suspentsea lortzea dut helburu nire nobeletan: lehen kapituluan irakurlearen arreta harrapatu eta kapituluz kapitulu suspentse horri eustea… eta ahal bada, azken kapituluan kolpe edo ustegabe txiki bat ematea ere. Nire ustez, irakurleek biziki estimatzen dituzte sorpresa horiek.

Hori lortzeko informazioa neurtzea da teknika nagusia, gauza bat argitu eta beste hamaika ezkutatu, irakurleak istorioaren une horretan zer nolako hipotesiak egin ditzakeen asmatu eta horiekin jolastu… eta irakurlea engainatzen saiatu.

Suspentse eta nobela beltzaren generoan, hainbat egile ditut gustuko: Patricia Highsmith, Henning Mankell, Ian Rankin, Harlan Coben, Dennis Lehane, James Ellroy…

Zure beste liburu batzuen aldean, maitasunaren irudia askoz erromantikoagoa da, nahiz horrek ere badituen bere koxkak.
Mikel nazkatuta dago bere bizitzarekin, etengabeko impasse batean izozturik bizi da, bakardadeak ito egiten du, eta ez dio egoerari irtenbiderik ikusten. Luzia agertzen zaionean, hortz eta bihotz helduko dio aukerari. Luziak ere arazo larriak ditu eta sekula ezagutu ez duen zerbait aurkitzen du Mikelengan. Hala ere, dena ez da arrosa kolorekoa izanen…

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina