Miren Agur Meabe: “Idazteak efektu katartikoa dauka niretzat. Baina sendagarriagoa da irakurtzea”
Miren Agur Meabek Kristalezko begi bat nobela kaleratu berri du Susa argitaletxean. Esperientzia pertsonala abiapuntutzat hartuta bizitza pasioz bizi duen emakume baten kontakizuna itxuratu eta moldatu du, hori guztia, lehenengo pertsonan idatzia.
Zergatik ipini diozu izenburu hori liburuari?
Kristalezko begiak hainbat balio dituelako kontakizunean: batetik, balio erreal bat, nire identitate-marka bat delako, akats fisiko bat konpontzeko balio didan protesi bat; beste alde batetik, balio metaforikoa du, bizitzan izandako galeren sinboloa da, erauzketa bat adierazten duenez gero; eta azkenik, balio literarioa ere badu, literaturaren historian hainbat aldiz agertzen den topiko bat delako testu errealista, umorezko nahiz lirikoetan.
Kristalezko begi bat liburua kontakizun autobiografikoa da?
Nobela da, ez da kontakizun autobiografikoa. Autobiografia curriculum vitaeren antzeko generoa da, non kohesioa eta zehaztasuna funtsezkoak diren norberaren bizitza idazteko orduan, eta ardatz kronologiko bati jarraituz antolatzen da. Kristalezko begi bat definitzeko, egokiagoa da autoimitazio kontzeptua; alegia, abiapuntua esperientzia errealak izan arren, kontakizuna itxuratu eta moldatu egiten da, eta baita ere asmatu, simulatu…
Errealitatearen mimesia da gakoa, ez errealitatearekiko leialtasuna. Laburrean esateko, pertsonaia ni naiz, baina ez naiz beti, eta ez naizenean, nire antza dauka. Hala esaten da azken orrietan, kontakizunaren eta kristalezko protesiaren arteko konparazioa egiten denean: “kristalezko begia ez da benetako begia, benetakoaren kopia errealista bat baizik”.
Beraz, artifizio literario bat eraiki dut, eta horren zutarriak askotarikoak dira: bizi izandakoa, ustez bizi izandakoa, bizi nahi izandakoa, bizi gabekoa, eta beste zenbait esperientzia, benetakoak nahiz alegiazkoak.
“Berdin zait nitaz eta idazten ari naizen honetaz egiten ari zaren edozein juzku” diozu liburuan. Zein erreakzio espero duzu?
Ematen du ez zaidala axola irakurlearen iritzia, ezta? Ba axola zait, eta asko, obrari dagokionez. Esaldi harroputz hori lurraldetasunkeinu bat da, une horretan pertsonaia egiten ari den diskurtsua defendatzeko neurri bat. Kontuan izan behar dugu, hasieratik, koaderno intimo hori idazten hasten denerako, narratzaileak itun bat egiten duela irakurlearekin: “zu” bati zuzentzen zaio, konplizitatea bilatzen du, eta elkarrekintzan dago harekin, galderak egiten dizkio, baita justifikazioak ematen ere, beste aldean dagoen solaskide isil horren erantzunak eta kritikak sumatzen
dituenean.
Idazterakoan orrialde bat idazteko diziplina ipini zenion zeure buruari?
Nire buruari jarritako erronka izan zen narrazio bat ateratzea esperientzia jakin batetik. Idaztea prozesu korapilotsua izan da, hausnarketa batek oroitzapen bati egiten ziolako tira, oroitzapenak
deskribapen bati, deskribapenak pasadizo bati, eta abar, hasieran aurreikusten ez nituen kontuak ere sartzeraino, haurtzarokoak, adibidez.
Horregatik work in progress formatua, aribidean edo arian-arian eginez doan lanaren itxura. Horrek, eta lehenengo pertsonaren erabilerak, egiantz handia ematen diote testuari.
Idazkuntzaz hainbat gogoeta ere egin duzu. Idazkuntza sendagarri zaizu?
Idazkuntzari buruzko gogoeta egitea beharrezkoa nuen, partez pertsonaia justifikatzeko: Landetako etxe batera erretiratu da haustura sentimental baten ondorioz, eta idaztera joan da. Horrenbestez, alderdi hauek ziren kezkabidea: ea autobehaketa sorkuntzaren abiapuntua izan litekeen; ea nobela bat idatz daitekeen patchwork edo collage gisa; ea min pertsonalari etekin literarioa ateratzeko eskubidea dugun; ea sentimentalismora jo dezakegun, baina hori egitean gure aurreko emekumeen eredu zaharkituak errepikatzen ditugun, eta abar.
Idazteak efektu katartikoa dauka niretzat. Baina sendagarriagoa da irakurtzea. Halandaze, ageri dira liburuan hainbeste esaldi biribil, magnetikoak, beste idazle askorenak. Esaldi horiek zerikusi
zuzena dute pertsonaiaren premiekin eta ziurtasun-nahiarekin. Gizakiok geure ideiak eratu beharra dugu maitasunari buruz, adiskidetasunari buruz… aldi berean abstraktuak eta konkretuak diren kontzeptu horiei buruz, guztiz garrantzizkoak ditugulako gure bizitzaren zentzua geure buruari azaltzeko. Sarritan, inoren esaldi horiek ematen digute argitasuna. Eduki metaliterarioa garrantzitsua da testuan.
“… gelako oxigenoa ahitu arte eman eta hartzen dut atsegina”, diozu. Sexua plazer iturri garrantzitsu du pertsonaiak liburuan.
Emakume horrek pasioz bizi ditu harremanak, eta sexua behar du ekintza humanizantea den heinean, ezen sexua bezain beharrezkoak ditu maitasuna eta askatasuna. Baina tristea litzateke
xehetasun horren bidez soilik deskribatzea.
Emakume horrek beste ezaugarri batzuk ere baditu, hala nola bere burua etengabe ebaluatzeko joera, naturarekin sentitzen duen binkulazio sinbolikoa, familiaren ondarearekiko bizu duen esker ona eta matxinatzeko gogoa.
“Aitorpen egiazkoa bezain iruzurtia egin dut” edo “Hitzez hitz sinetsiko al duzu kontatu dizudan guztia?” galdetzen diozu irakurleari.
Zalantzan jarri nahi ditut irakurleak, haiekin pixka bat jolastu. Nobelan ez du axola zer den egia eta zer, ezta zer portzentaiatan ere, eta hori ez dut argituko. Axola duena da zintzotasunez emandako istorio bat eskaintzea irakurleari, onar dezan. Oinarrizko ideia hauxe da: guztiok asmatzen dugu gure bizitzaren historia, nolabait kontatu behar diogulako geure buruari.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Irati Bediagak irabazi du Mikel Zarate saria
- Firma de libros en las Ferias de Libro de Bilbo e Iruñea →