Asier Serrano: “Funtzionatu ez zuen poema liburu bat da Abisalia”

 “Ez  dut  nahi  konfortik.  Jainkoa  maite  dut,  poesia  maite  dut,  benetako  arriskua,  askatasuna,  ontasuna,  bekatua”.   Aldous  Huxleyren  maxima  dakar  gogora Abisalia  (Txalaparta,  2014)  sinesgaitz  honek,  iluminatu  honek.  Serranok  dio  poema  liburu  izateko  jaio  zela,  baina  ipuin  liburua  atera  zaiola.  Literaturaren  mugak  esploratu  ditu  Eibarrekoak,  “genero  eta  etiketetan  erortzeko  beldurrik  gabe”.
“Ez  dut  nahi  konfortik.  Jainkoa  maite  dut,  poesia  maite  dut,  benetako  arriskua,  askatasuna,  ontasuna,  bekatua”.   Aldous  Huxleyren  maxima  dakar  gogora Abisalia  (Txalaparta,  2014)  sinesgaitz  honek,  iluminatu  honek.  Serranok  dio  poema  liburu  izateko  jaio  zela,  baina  ipuin  liburua  atera  zaiola.  Literaturaren  mugak  esploratu  ditu  Eibarrekoak,  “genero  eta  etiketetan  erortzeko  beldurrik  gabe”.
Zer da Abisalia bera: fisikoa al da, ametsa al da?
Erlojugilea (Txalaparta, 2009) nobelan azaltzen den nire lurralde literarioa da Abisalia. Giza garun itxurako uhartea da, itsaso debekatuaren ertz batean kokatua. Abisalia gizabanako bakoitzaren barruan taupaka dabilen estatua da. Abisalia zapaldu ditudan paisaiez dago egina, baina baita amestu ditudan paisai ezinezkoez egina. Abisalia munduko mendi tontorrik garaiena duen lurraldea da, baina aldi berean, eta alderantziz jarri ezkero, punturik abisalena aurkitu dezakezun erresuma.
Autonomoki irakur daiteke pieza bakoitza, baina hari bat asmatu diozu…
Esango nuke atal guztiei eman diedala antzeko kolore bat, tonu bat, giro bat… desesperantza bat akaso.
Kritika egiten al zaio gaurko gizarteari Abisalian?
Gaurko gizarteari kritika beti egon da presente nire lanetan. Oraingoan ere, batzuetan ironiaz maskaratuta azaltzen bada ere, hor dago. Abisalian, gure munduan porrot egin duten sistema politikoen adibideak sartu ditut, baina oinarrian gizabanakoak arrotz zaion gizarte baten aurrean dituen frustrazioen inguruan mintzo naiz.
Liburua begitandu zait itzela, gordina, leuna… Uste dut sentsazioak sortzea izan dela zure helburua. Hala da?
Hori izan da nire helburua: sentsazioak iradokitzea. Ez zaizkit gustatzen orri bakoitzean zer sentitu behar duzun eta nola sentitu behar duzun agintzen dizuten liburuak. Abisaliako lurretan irakurlea da libre den bakarra.
Irudi onirikoen puruz, badakizu irakurleak orientazioa galdu dezakeela?
Badakit, eta hein handi batean horretara joan naiz. Uste dut, nire literaturaren bertute bat edo akats bat dela hori: irudi surrealisten gaindosia. Nolanahi ere, esango nuke mozorro festa batean, denok jokatzen dugula bizitza errealean egongo bagina bezalatsu. Maskara ez dut uste arazoa denik.
“Nik ere, begiak itxita zabaldu nuen gauaren gurin mingotsa zure sabel puztu urdinduan”. Maitasuna oinazearekin loturik dator maiz.
Maitasunarekin haserre nabil aspaldion. Liburua izan daiteke maitasunari zor diodan mendeku txiki bat; batez ere, gorrotoaren aukera baztertu dudalako.
Estatua eta Gobernua fikzio distopikoaren bidetik deskribatzen dituzu (1984, Bai mundu berria…). Ze paper jokatzen du botereak Hiri Gorrian?
Bada hiri gorri bat poemarioan utopiaz mintzo nintzen, eta Erlojugilea nobelan distopiaz, eta biak zeuden kokatuak ezleku berdinean. Abisalian bada, botereari dagokionez, bietatik. Boterea denborak markatzen du beti, hortik dator liburuan azaltzen den erlojuaren irudia. Fikzio etiko baten bila abiatu naiz, baina bidean azaldu zaizkit gizakia botere nahian eror ez dadin kontrola ezinak diren bidezidorrak eta tranpak… maitasuna edo giza harremanak kasu.
Apokalipsirantz al doa gure mundua?
Apokalipsi hitza gizakiak asmatu zuen aspaldi, iragana orainean kondenatzeko eta etorkizun oparoago bat ezin amestearen etsipena deskribatzeko. Gizakia akastun espezie bat da, baina arraroa bada ere, merkatuan segitzen du. Esango nuke mundua apokalipsi batetik datorrela beste apokalipsi batean sartzeko. Nolanahi ere, nire liburuek beti izaten dute argi izpi bat azken orrialdean… apokalipsi samur bat.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Dos nuevas novelas románticas: “Historias nocturnas y “Vacaciones al amor” – SORTEO
- Los más vendidos de la semana – Asteko libururik salduenak 2014-05-14 →

 Español
 Español










