Beñat Igerabide musikaren bidean aurrera

Beñat IgerabideOrbainakHainbat taldetan parte hartu ondoren, Beñat Igerabide musikari adunarrak hiru urte luze eman ditu bakarkako lehen proiektuari forma ematen. Emaitza: Orbainak. Ahots ederra, ongi landutako letrak, eskarmentuko musikariak eta melodía onak dira disko honen giltzarriak.

Gazterik hasi zinen gitarra jotzen. Gero talde ezberdinetan hartu duzu parte. Kontaiguzu.

15 bat urterekin hasi nintzen gitarrarekin saltsan. Handik gutxira lagun artean taldea osatu genuen eta gitarra jotzeaz gainera, abeslariari bigarren ahotsak egitera ere ausartu nintzen, kantatzearen plazerra apurka-apurka deskubrituz. Baina adin horietan aldaketa ugari izaten dira eta proiektuak ez dira iraunkorrak gehienetan. Desegin ziren proiektuak, eta berriak agertu, eta beti aurrera; ikasgai baliagarriak izan ziren entsegu lokaletan igarotako orduak, emandako emanaldi txikiak, taldekideen arteko gorabeherak, eta hainbat anektdota. Hasia nintzen dagoeneko neure kontura kantu batzuk idazten, eta noizbait nire proiektu propioa egingo nuela esan nion nire buruari. Denborarekin, nire gustu musikala finkatzen joan nintzen eta prest nengoela ikusi nuenean, bide propio horri heldu nion.

Pop-rock estiloko hamaika kantuz osatutako lana sortu duzu. Nolakoa da Orbainak?

Orbainak barnera begirada bat da, nire izakeraren ispilu bat. Bizitzako esperientzia propiek utzi dizkidaten orbainen narrazio musikatuak. Oroimenaren segurtasun-kopiak dira orbainak, atzera begiratzen laguntzen didatenak, oroimen alaiak ekarriz batzuetan eta mingarriak besteetan. Aldi berean, aurrerabidea errazten didaten mapak ere badira, eskarmentua eta argia eskainiz.

11 begirada horiek, erraz entzuten diren melodiez jantziak izan dira. Belarria atsegindu nahi duten ate ma eta harmoniez. Gehiegizko ekoizpenik gabe, instrumentuen eta ahotsaren berezko soinua errespetatuz, gordintasuna eta gertutasuna eskuratu nahirik.

 Asko landutako diskoa da Orbainak.

Beno, bai, denbora asko eskaini diot diskoari; buelta asko eman dizkiet letrei, melodiei, eta geroago grabaketa prozesuari. Azken honetan Gorkak (taldeko gitarrajoleak)  eta biok lan dexente hartu genuen soinu eta arreglo egokien bila. Neronek grabatzeak ahalbidetu digu patxada horrekin lan egitea, emaitzarekin gustura egon arte.

Sentimenduz eta hunkiduraz betetako abestiak sortu dituzu; horren bila al zenbiltzan?

Ez naiz espreski horren bila joan, baina horrela irteten zaizkit. Zaila egingo litzaidake sentitzen ez dudan edo hunkintzen ez nauen zerbaitetaz kanta bat sortzea. Lasai eta luzerako hartu dudan proiektua izan da eta ez naiz abesti bakar bat idaztera edo amaitzera behartu denbora muga batengatik, naturalki edo barnetik ez bazetorren. Animoa, sentimendua eta inspirazioa etorri arte itxaron dut.

Nolakoa izan da diskoaren sortze prozesua?

Luzea eta motela. Grabaketa nere kontu hartu nuen eta lan karga handia izan da. Taldekideen abestien moldaketak landu, maketa bat grabatu, eta diskoa grabatzeari ekin genion. Lehenik ate ma, gero baxua, gitarrak eta ahotsak, eta azken ukituak ondoren. Dena den, prozesu hori ere patxadaz hartu genuen, deskantsu luze xamarrak hartu ere bai batzuetan, baina horrek belarriak fresko izanda lan egitea ahalbideratu zigun, eta diskoaren perspektiba objetiboagoa lortzen.

Musika nahiz hitzak asko zaintzen dituzula garbi ikusten da diskoa entzunda.

Nahiko perfekzionista izan naiz, egia esan, baina perfekzioari ere mugak jarri behar zaizkio, bestela prozesua eternizatu egiten da eta onura beharrean kalte egiten du. Baina bai, buelta asko eman dizkiet bai musika, ahotsaren ate ma edo letrei. Nire onena ematen saiatu naiz denean, neure mugen barnean jokatuz. Nire lehen lana izango da eta neure buruarekin gustura geratzeko moduko zerbait egin nahi nuen.

Zenbat denbora eman duzu prestatzen?

Pare bat urte pasa nuen abestiak sortzen, neure kontura. Behin hamar bat kanta amaitu nituenean, taldekideen bila hasi nintzen. Hauek topatu ondoren, kantak moldatu, itxuratu eta grabazioa amaitzerako beste urtebete pasa zen. Beraz hiru urte pasatxo igaro dira hau martxan jartzea erabaki nuenetik. Dena den, lehenagotik ere buruan nuen, soinu teknikari ikasketak egitearen arrazoi nagusietako bat etorkizunean nik neuk nire diskoa grabatzeko gai izatea baitzen. Eta nola ez, gitarra eta ahotsa lantzen igarotako urteak ere honetara bideratuta ziren, kantak sortzearen munduak liluratu ninduenetik.

Zertan oinarritzen zara kantetako letra eta doinuak sortzerakoan?

Ideia edo sentimendu batetik hasten da dena. Gizakien hartu-emanen inguruko pentsamendu eta hausnarketetan oinarritzen naiz. Hartu-eman horiek nire barnean sortzen edo mugitzen duten hartaz mintzo naiz. Doinua datorkit aurrena, gitarrarekin jolasean nabilela zerbait gainetik kantatzen hastean. Horrela sortu ohi ditut doinuak, lehendik sortutako hitzek ezarriko lidatekeen muga hori gabe. Gero, behin doinua izanda, sentimendu hori hitzetan ere azaltzen saiatzen naiz, eta, beharrezkoa badut, doinua apur bat moldatzen dut.

Esperantza argiz kantaren azken estrofan diozu: ulertu dut azkenik, ibiltaririk ate ma dela biderik. Asko ibili behar izan al duzu hona iristeko?

Bai, pazientzia handiz hartu beharreko bidea da hau. Espektatibak askotan ez ate  errealitatearekin bat eta hilabete gutxi batzuetan egitea espero duzuna urtebete edo gehiago luzatzen da.

Ez al da izakion nahian mugarik, ordainak merezi ote du beti? diozu Merezi ote kantan. Aurkitu al duzu erantzuna?

Egoeraren araberakoa da erantzuna. Norberak baloratu behar du merezi izan dion nahi horren bila aritzea, beste gauza batzuk bizitzea eta gozatzea baztertuz. Musikaren munduan garbi daukat merezi izan duela. Beste hainbat gauzatan ordea, ez nago hain ziur.

Nola aukeratu dituzu taldekideak? Nortzuk dira?

Musikaren mundutik ezagunak nituen taldekideak. Finean, alde batetik edo bestetik ia denok dugu elkarren berri, ez baikara hainbeste. Kantak osatu nituenean eta prest sentitu nintzenean, nahiko garbi nuen norengana joan lehendabizi. Proiektua aurkeztu nien eta berehala batu zitzaizkidan, eta niretzat ohore bat izan da, musikari eta lagun gisa Gorka Urra gitarran, Mariaz Soriazu bauan, eta Gus Gonzalez baterian izatea.

Zeintzuk dira zure iturriak musika sortzerakoan?

Ingelesez abestutako musikatik edaten dut gehienbat. Aspaldian pop-rock, blues edo folk-etik gertu dauden musikari eta sortzaileak entzuten ditut. Batzuk aipatzearren: John Mayer, Amos Lee, Ben Howard, Jamie Cullum… Baina egunaren arabera bestelako musika estiloak ere gustuko ditut. Jarrera irekia mantentzen saiatzen naiz, batzuetan gutxien espero duzunak inspiratzen baitzaitu.

Duela urte pare bat egin zenuen bakarka aritzeko apustua. Bide honetatik jarraitzeko asmoa al duzu aurrera begira?

Bide hau jarraituko dudala garbi dut. Ez dut baztertzen aurrerago beste proiekturen batean ere parte hartzea, beti baita aberasgarri gauza berriak frogatzea, baina beti ere bide hau utzi gabe izango da.

Gaztelaniaz eta ingelesez ere idatzi izan duzu. Bakarkako proiekturako aldiz, euskara aukeratu duzu.

Hizkuntzak gustuko ditut eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Aberasgarria da beste hizkuntzetan ere idaztea, baina azkenean senari jarraitu behar zaio. Euskaraz errezago eta aberatsago idazten nuela ohartu nintzen, eta ez nion buelta gehiago eman gaiari. Bestalde, gaztelaniaz edo ingelesez abesten duten talde piloa dago. Euskaraz egiten dugunak ez gara hainbeste, eta horrek nortasun berezi  bat ematen dio musikari. Hizkuntza polita eta berezia da, jaso dudan altxor bat, eta dudarik gabe, kantatua izatea merezi du.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina