Ruper Ordorikarentzat Adarra saria

Ruper OrdorikaIaz Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez, Adarra saria sortu zuen euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko. Lehen edizioan, 2014an, saria Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Aurten, berriz, Ruper Ordorikari ematea erabaki du aholkularitza batzordeak, aho batez.

José Antonio Echeniquek, Jon Eskisabelek eta Agurtzane Aizpuruk osatutako aholkularitza batzordeak arrazoi hauek hartu ditu kontutan, besteak beste: “Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkio. Ibilbide horretan, Ruperrek, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu ditu proiektuak. Ohikoa da Ruperrek jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea. Era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu du, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez.” (Irakurri +)

XVIII. Igartza Literatura Sorkuntzako Beka idazle berrientzat

igartza2015Igartza bekaren edizio berri bat dagoeneko abian da. Atzo, goizean Donostiako elkar aretoan eta arratsaldean Igartza Jauregian aurkeztu zen iazko irabazlea izan zen Mikel Ayllonen lana: Ez tiro egin anbulantziei.

Hauxek dira edizio berri honetako oinarriak:
Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta Elkar argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XVIII. IGARTZA LITERATURA SORKUNTZAKO BEKA sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.

2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako narratiban liburu bat baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2015-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu. (Irakurri +)

Katixa Agirre – “Atertu arte itxaron” – elkarrizketa

Katixa AgirreBi ipuin-liburu eta haur eta gazte-literaturako hainbat istorio idatzi eta gero, helduentzako bere lehenengo eleberriarekin datorkigu Katixa Agirre: Atertu arte itxaron. Errepide eta bidaiei buruzko istorio honetan, bikote baten inguruko gora beherak ehundu ditu unibertsitateko irakasle gasteiztarrak. Euskal Herrian zehar errepide sekundarioak eta bide malkartsuak zeharkatuz, harremanen arrakalak aurkituko ditugu kontatzailearen trebezia erakusten duen liburu honetan; komunikazio-arazoak, ongi gordetako sekretuak edo ama-alaba arteko tirabirak.

Zure lehen eleberria idaztera animatu zara. Nolakoa izan da genero berrirako jauzia? Zailtasun berezirik aurkitu al duzu?

Bai, alde izugarria somatu dut. Ipuinak 3-4 astetan idaztera ohituta nengoen, liburu oso bat osatu nahi baduzu ere, atalka egiten den lana da, ipuin bat amaitu eta satisfazio txiki bat lortzen duzu, edo ez, baina porrot egin baduzu ere ez da drama handirik gertatzen, zaborrontzira doa ipuin hura eta listo. Eleberria idaztea prozesu luzea izan da, etsigarria maiz, etenaldi luzeekin, eta gainera epe luzerako balizko satisfazio batean oinarritu behar zara. Nobela bat idaztea denbora eta ahalegin inbertsio arriskutsu samarra da. Dena den badu alde onik, niri konpainia handia egin dit istorio honek, nirekin egon delako urteetan, idazten ez nebilenean ere buruan nerabilen, nolabaiteko konstantea izan da nire bizitzako aro aldakor samar batean. (Irakurri +)