Ruper Ordorikarentzat Adarra saria

Ruper OrdorikaIaz Donostiako Udalak, Donostia Kulturaren bidez, Adarra saria sortu zuen euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bat omentzeko. Lehen edizioan, 2014an, saria Mikel Laboaren sorkuntza-lanari eta jeinuari eman zitzaion. Aurten, berriz, Ruper Ordorikari ematea erabaki du aholkularitza batzordeak, aho batez.

José Antonio Echeniquek, Jon Eskisabelek eta Agurtzane Aizpuruk osatutako aholkularitza batzordeak arrazoi hauek hartu ditu kontutan, besteak beste: “Ruper Ordorikak bere estiloaren berezko modernotasunari eta proposamen musikalari ibilbide luze eta emankorra gehitzen dizkio. Ibilbide horretan, Ruperrek, Euskal Herriko abangoardiako artistekin ez ezik, beste jatorri eta tradizio batzuetako lehen mailako artistekin ere grabatu eta partekatu ditu proiektuak. Ohikoa da Ruperrek jazzeko eta rock garaikideko artista amerikarrekin elkarlanak egitea eta diskoak ekoiztea. Era berean, Ruper Ordorikak euskal kantutegiaren zati garrantzitsu bat berreskuratu eta eguneratu du, bai bere izenean eta bai kolektiboki partaide izan den proiektuen bitartez.”

“Ruper artista ezaguna eta errespetatua da bere abesteko estilo propioagatik, izan duen ibilbidearen seriotasunagatik, bere jarrera artistikoaren modernotasun berezkoagatik eta konpositore gisa egin duen lanaren sakontasunagatik.”

Saria emateko ekitaldia 2015eko ekainaren 21ean egingo da Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.

Ruper Ordorikak iazko udazkenean kaleratu zuen Lurrean etzanda diskoa, eta orain zuzenean aurkezten ari da.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina