Itxaso Martin Zapirain – ni, Vera

Itxaso Martin Zapirain

Eromenaren ertzetan sinesgarritasun osoz

 

Itxaso Martinen lehen liburua da Ni, Vera. Kazetaritza eta antropologian lizentziatua, emakumea eta psikiatria gaiari buruzko doktorego tesia egiten ari da egun. Tesia egitera eraman zuen bilaketa beraren emaitza da eleberria, familiako sekretu ezkutu bat argitzera eraman zuen bilaketa.

Itxaso Martin kazetaria ezagutu izan dugu orain arte; Itxaso Martin idazlea datorkigu orain. Nor da Itxaso Martin Zapirain?
Oraindik elkar ezagutzen ari gara, baina bai, bi horietatik badu zer edo zer. Kazetaritza lanetan aritu naiz eta idaztea beti izan dut gogoko eta beharrezko. Denborarekin konturatu naiz, biek, nire kasuan behintzat, lotura handia dutela. Idaztea gogoko izateak eraman ninduen kazetaritzara eta kazetaritzaren bitartez asko ikasi dut idazketari dagokionez. Batez ere irratian eman nituen urteak izan ziren idazketarako baliagarri, belarriarentzako idatziz asko ikasi dut.

Lehen pausoak literaturaren barrutian poemen bitartez eman ohi dira sarri, edo ipuinak idatziz; zu, berriz, eleberri batekin hasi zara, zuzen-zuzenean; nolatan?
Kontatu nahi nuenak hala eskatzen zuela iruditzen zitzaidan, hala sentitu dut eta horrela atera zait. Ez nuen hasieratik eleberri bat izango zela pentsatu, pixkanaka joan da forma hori hartzen. Istorioak berak eskatu didala esango nuke.  Hala ere, egia da ipuinak maiz idatzi izan ditudala, baita egunerokoak ere, baina horiek niretzako geratu dira, ez ditut inoiz argitaragarri ikusi. Eleberria idazten hasi nintzenean ere asmoa ez zen hori, baina azkenean gauza batek bestea ekarri du eta oraindik sinistea kostatzen zaidan tokira iritsi da.

Susmatzen da osagai autobiografikoa inportantea dela nobela honetan. Zenbateraino?
Bi pertsonaia nagusi daude nobelan, Martina eta Vera. Vera nire birramona dela esan daiteke. Hari gertatutakoan dago oinarrituta eleberria, hori izan nuen abiapuntu. Martina, berriz,  gehiago fikzionatu dut; Vera izan da ardatza etengabe, eta horren arabera eraiki ditut Martina eta bere ingurua. Bi emakume horien arteko harreman berezia da liburuak kontatzen duena.

Zure birramonaren kasuaren bilaketa bera edo bertsua da nobelan kontatzen duzuna?
Martinak Veraren bilaketari ekiten dio nobelan eta bai, bilaketa hori nik birramonarekin egin dudanaren oso antzekoa da. Orain urte batzuk hasi nintzen gertatu zitzaiona jakin nahian, batean eta bestean galdezka, eta liburuan, laburtuta badago ere, bilaketa hori oso era errealistan islatu nahi izan dut.

Eleberriaren ezaugarri deigarri bat: zabaldu, eta bi letra mota. Horren zergatia?
Bi ahotsen arteko elkarrizketa bat da, narratzailearen eta protagonistaren artekoa. Narratzaileak protagonistari gertatutakoak kontatzen ditu, eta protagonistak nola sentitzen den adierazten du. Kanpoko eta barruko ikuspegiak eman nahi izan ditut. Iruditzen zaigu, kanpotik ez direla barruko gauzak ikusten, baina bi ikuspegi hauekin adierazi nahi izan dut askotan barrutik ere ez dakigula zer gertatzen zaigun. Geure burua engainatzeko dugun gaitasuna utzi nahi izan dut agerian.

Erraza da eromenaren ertz horretaz idaztea? Nola lortzen da hori sinesgarri egitea?
Pertsonaia guztietan sartzea da zaila eta erakargarria era berean. Asko irakurri dut eromenaren inguruan, autobiografiak eta psikiatriari buruzko idatziak. Horrek asko lagundu dit. Nik ere izan ditut zurrunbiloan sartuta eman ditudan urteak, esperientzia baino sinesgarriagorik ez dago. Esango nuke bien arteko nahasketarekin lortu dudala hori.

Psikiatrikoak asko aldatu direla onartuta ere, ze neurritan dira oraindik ere tabua gaixotasun psikikoak?
Normala ez dena dugu gaixotasuntzat. Horrek adierazten digu zein den gizarteak normaltzat hartzen duen eredua, jarrera, egoera fisikoa… Ni saiatu naiz, zaila den arren, gaixotasun hitza ekiditen. Gure gizarteari begiratzen badiogu, oso atzera joan gabe, tabua izan da, bai, ezkutuan mantentzen zen zerbait, pertsona isolatu egiten zen eta ez zen hari buruz hitz egiten. Gaur egun, horrelako zerbait ezkutatzea zailagoa da, nik uste gaur egun tabua baino estigma dela gehiago.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario