Joan Mari Irigoien: “Hau da nire libururik bereziena”

Batez ere eleberrigile gisa ezagutzen bazaituzte ere, hasiera-hasieratik landu izan duzu poesia, eta horra itzultzen zara beti, tarteka.

Bi urtetako kronika fakultatiboaJoan Mari IrigoienBueno. Nik, lehenik eta behin, poetatzat dut neure burua. Hiruzpalau poema ere idatzi nituen, gazteleraz, batxilerrean. Gero, baina, kontzientziazio prozesu baten bidez, euskara lehenetsi, eta horrela idatzi nituen, hogei bat urte nituela, neure lehen poemak, euskaraz, denborarekin poema-liburu bat osatzera eraman nindutenak: Hutsetik esperantzara. Baina egia da, poema-liburua idatzi ez beste —edo harekin batera: ez dut ongi oroitzen—, nobela bati ekin niola —Oilarraren promesa—. Zergatik? Kontua da garai hartan bazegoela euskal idazle eta literaturazaleen artean iritzi nagusi bat, hitzokin laburbil daitekeena: gaur egungo Euskal Literaturaren benetako apustua prosa da, ez poesia. Horregatik idatzi nuen neure lehen nobela hura, errealismo magikoaren eraginpean idatzi ere. Hura idazteak bazuen, hala ere, beste helburu bat, nire kasuan: nire euskara eskasa aberastea… bazterrera sekula utzi ez dudan helburua, hizkuntza batean beti baitago zer ikasia.

Oraingo liburu hau, baina, berezia da oso, ezta? Kontaiguzu.

Bai. Hauxe izango da, idatzi nituenetatik, libururik bereziena. Zuk badakizu albo esklerosi primarioa sendatzen ez den gaitza dela. Bada, hasieran, aski ongi hartu nuen berri gaiztoa. Are gehiago: etxekoei eta lagunei testu bat idaztea bururatu zitzaidan, gutun moduko bat —ironikoa, alde batetik; sutsua, bestetik—, nire erreakzioaren isla izan zitekeena. Gero, badakizu: esan eta egin. Nik, artean, ez nuen liburu bat idazteko asmoa, baina nork esango zidan niri, denborarekin, orri haietan aurkituko nuela poema-liburu bat idazteko abiapuntua?; are gehiago: orri haiek osatuko zuten nire poema-liburuaren lehen partea. Baina, ondorio horretara iristeko, urte erdia pasatu behar izan zuen. Esan dezadan, haatik, urte erdi hura aski ongi joan zitzaidala, nik uste: nik ez nekien, ordea, nire ustekizun hark ezusteko bat izango zuela osagarri… alimaleko depresio batean erori bainintzen orduan. Hasteko, esan beharra dut depresioa ez dela “deprea”. Jende askok erabiltzen baitu hitz hori era ezin arinagoan, erdi jolasean bezala: “Aizank: depreak jota nagonk, eta gaur ez naunk aterako: etxean baditi(n)at, gainera, birra batzuk, eta…”. Gauza bat da bolada batean tristurak jota egotea, guztioi gertatzen zaiguna… baita txiste-kontalariei ere, eta bestea depresioa. Depresioa, izan ere, gaitz ezin gaiztoagoa da: alua, nazkagarria, desesperantzagarria… eta antzeko mila kalifikatibo erantsiko nizkioke: pasa egin behar bertatik gaitz hori zer den jakiteko! Eta orduan, nola ni ere gaitz madarikatuak jota sentitu bainintzen —ez depre dexxxpektibo batek, baizik eta diplodocusaren tamainako depresiotzarrak—, zerbait egitea otu zitzaidan: ni zientzietakoa naiz, eta badut neure burua aztertzeko trebetasun hori, nire nitasunari lotutako kontuak objektibatzeko ahala ematen didana. Horrela hasi nintzen depresioari buruzko kronika poetiko bat egiten, zirriborro bat ere egin nuen, utzi nion Koldo Izagirreri, harekin urtean bizpahiru aldiz ateratzeko ohitura baitut, paseotxoren bat egiteko… hark animatu ninduen, eta horrela ibili nintzen denbora batean depresioari buruzko zati horrekin, batean puska bat kentzen niola, bestean eransten… zuzentzen eta zuzentzen… baita poema-liburuaren bigarren zatia osatuz ere, bide batez, ordurako garbi bainuen nire ahalegin haietatik poema-liburu bat sor zitekeela. Ni, baina, naizen bezalakoa naiz, setatia eta tematia kontu batzuetan: esan nahi dudana zera da, behin koadro beltzik beltzenean sartuz gero, berehala hasten naizela, handik edo hemendik, argi-izpi baten ehizan, liburu honetan ere berdin… argiaren bilaketa horrek liburuari zentzua emango balio bezala. Horregatik idatzi nuen hirugarren parte bat, argi berezi horren bilaketa laburbiltzen duena.

Esklerosiaren eta depresioaren kronika moduko bat egin duzu, beraz; zerk egiten du, hala ere, testu bat poetiko?

Ene ustez, kadentziak eta erritmoak ematen diote nire testuari poetikotasun kutsua. Eta tonuak.

Hiru partetan zatitzen da liburua: azaldu iezaguzu, laburki, zer kontatzen duen edo zer berezitasun daukan bakoitzak.

Lehen zatia esklerosiari lotuta dago; baina ez dut kronika zehaztu bat egiten (ezingo nuke, bestalde, esklerosiak bere prozesua baitarama: esan dezakedan bakarra zera da, prozesua oso motel doala, zorionez… etorkizuna, berriz, inkognita hutsa), zerbait xumeagoa baizik: gutun bat da, funtsean, nire lehen erreakzioaren berri ematen duena, neurologoak gaitzaren nondik-norakoak eman zizkidanean. Bigarren partea, kronika moduko bat ere badena, bete-betean dago lotuta depresioarekin. Hirugarren partean, berriz, bi poema doaz: azkenean, nik amets dudan argia azaltzen da, inozentziarena, gure biloba Mottirena.

Liburua aski gordina da, eta artifizio askorik gabea…

Nik esklerosia harrapatu nuenean, garbi nuen ez nintzela ezkutatuko: horregatik idatzi nien gutun hura etxekoei eta hainbat eta hainbat laguni. Eta depresioarekin, berdin. Badakit, bide horretatik, estimatzen nauen hainbat eta hainbat irakurleri gogorra egingo zaiola. Baina beraiek ere ulertuko dute —susmoa dut— nire argudioa. Nik, izan ere, momentu batera iritsita, obligazio moraltzat hartu dut neure egiteko hau, gaixoekiko solidaritate sentimendu erabatekoa erakusgai. Irizpide horrek biluzte eta barne-huste bat eskatzen zidan, artifiziorik eta apaingarririk gabeko jardunean garatuko nuena, gaia ere halakoa baitzen eta ez baitago minezko minaz era erretoriko batean idazterik. Bide batez, agerian jar nitzakeen gure burmuinetako ezkutalekurik ezkutuenetan gauzatzen diren sentipen mugimendu nahasiak —zergatik sentitzen gara maiz errudun, baita errurik ez dugun egitekoak egiten ditugunean ere?—… ni sinetsia bainago badagoela gure inkontziente kolektiboan halako beldur moduko bat (normala), baita lotsa sentimendu bat ere (normala izango zena garai batean, baina nik anormaltzat hartzen dudana gaur egun, XXI. mendean), gure baitan gorpuzten direnak, baita bere neurria hartzen ere, halako kontu triste eta mingarriak gugana heldu orduko… Izan ere, zergatik lotsatu? Gure gaitz horietaz ere lotsatu egin behar ote dugu, bada, jakin badakigunean guztiak goazela mundu honetatik, gaitzen batek edo besteren batek jota? Halabeharrak jotzen gaitu kolpe izugarri batez, eta kolpeaz gain, beste kolpe bat jasan behar ote dugu, geure inkontziente kolektiboaren kolpe moraltzat ere har dezakeguna eta nik amoraltzat dudana? Kafe-kikararik hartu nahi ez, eta kikara eta erdi…? Ez horixe! Egia esango dizut: nik gero eta gehiago sinesten dut errukian, jakin badakidan arren errukia modu adimentsuan erabili behar dela, hartzailea gehiegikeriaren gehiegikeriaz ez aspertzeko eta ez mintzeko. Depresioaren kasuan, gainera, agerian jarri nahi nuen, halaber, gaitzaren larritasuna… baita gaixo daudenei esperantzaren salbagerrikoa luzatu ere: “Depresioa gaitz latza da, / larria, / ezin gogorragoa, / baina, / tratamendu egokia medio, / sendatu egiten da / eta sendatzen da! / Eutsi!”.

Zutaz mintzo zara obran zehar, baina gogoan dituzu hortik pasatu direnak, bai egoera gainditu dutenak, bai ezin izan dutenak ere…

Batzuak eta besteak izan ditut gogoan. Eta maitasunez eta eskuzabaltasunez tratatu ditut guztiak, nik uste. Gogoan dut lagun bat, kuttun-kuttuntzat nuena: bada, hura ere joan zen mundu honetatik, bere barne-deabruen aurkako borrokan ezinean ibili zelako, eta, hala ere, ez nabilkio kargu-eske, eta inoiz baino gehiago maite dut: mila aldiz gehiago maite dut, ehun mila aldiz gehiago… Ni, neure borroka haietatik, garaile irten nintzen (gero gerokoak…), eta pozik nago neure garaipenaz (“geure” garaipenaz, alegia, ez baita nolanahiko suertea izan nire inguruan hain jende maitagarria topatzea…): garaipen horrek nire bilobei ehunka musu lapurtzeko aukera eman dit behintzat, ehunka eguzki txiki, eta hori ez da gutxi…

Oro har, baikortasun mezu bat transmititzen duzula esan liteke, ezta?

Bai. Bestela ez nuke inoiz idatziko ez argitaratuko liburu hau. Baina gauzak diren bezala jasotzen ahalegindu naiz, bere gordintasunean, tranparik egin gabe. Izurri izugarriak irits dakizkiguke, bai, baina parametro horien barruan ere zer edo zer egin dezakegu batzuetan, egoera horiei zukua atera… Ni behintzat horrela ibili naiz liburu honetan. Eginda gero, berriz, eskerrak emateko gogoa geratzen zaizu hainbat jenderi: emazteari, semeari, senideei, lagunei eta inguruko guztiei. Beraiek hor egon dira beti, hitz askorik egin gabe, bai —agerian dagoena agerian dago, eta testuinguru horretan hitzak soberakoak ohi dira—, baina beti laguntzeko prest…

Badakigu poesia liburu honen ondotik beste bat ere kaleratuko duzula aurki; beste zer edo zer badaukazu esku artean, une honetan?

Bueno. Badaukat nobelatxo bat, bere bidea egiten ari dena. Baina elkarrizketa hasi baino lehenago esan dizudan bezala, lehen makina nekagaitz bat nintzen; orain, ordea, mugak iritsi zaizkit, eta neurriz ibili beharko dut aurrerantzean…

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario