Katixa Agirre – “Atertu arte itxaron” – elkarrizketa

Katixa AgirreBi ipuin-liburu eta haur eta gazte-literaturako hainbat istorio idatzi eta gero, helduentzako bere lehenengo eleberriarekin datorkigu Katixa Agirre: Atertu arte itxaron. Errepide eta bidaiei buruzko istorio honetan, bikote baten inguruko gora beherak ehundu ditu unibertsitateko irakasle gasteiztarrak. Euskal Herrian zehar errepide sekundarioak eta bide malkartsuak zeharkatuz, harremanen arrakalak aurkituko ditugu kontatzailearen trebezia erakusten duen liburu honetan; komunikazio-arazoak, ongi gordetako sekretuak edo ama-alaba arteko tirabirak.

Zure lehen eleberria idaztera animatu zara. Nolakoa izan da genero berrirako jauzia? Zailtasun berezirik aurkitu al duzu?

Bai, alde izugarria somatu dut. Ipuinak 3-4 astetan idaztera ohituta nengoen, liburu oso bat osatu nahi baduzu ere, atalka egiten den lana da, ipuin bat amaitu eta satisfazio txiki bat lortzen duzu, edo ez, baina porrot egin baduzu ere ez da drama handirik gertatzen, zaborrontzira doa ipuin hura eta listo. Eleberria idaztea prozesu luzea izan da, etsigarria maiz, etenaldi luzeekin, eta gainera epe luzerako balizko satisfazio batean oinarritu behar zara. Nobela bat idaztea denbora eta ahalegin inbertsio arriskutsu samarra da. Dena den badu alde onik, niri konpainia handia egin dit istorio honek, nirekin egon delako urteetan, idazten ez nebilenean ere buruan nerabilen, nolabaiteko konstantea izan da nire bizitzako aro aldakor samar batean.

Ikus-entzunezko komunikazioan doktore zara, eta ezaguna da zinearekiko duzun zaletasuna.

Road movie tankerako eleberri honek ere badu halako kutsu zinematografikoa.

Egia da zine zalea naizela, baina konturatu naiz ez dagoela eleberrian zineari egindako erreferentziarik apenas, eta bai literaturari, eta batez ere musikari. Kutsu zinematografikorik ote duen… ba seguruenik. Gaur egun idazten den guztia gure ikus-entzunezko kulturaren eraginpean idazten –eta irakurtzen– da. Egia da zineak baduela tradizio luzea road movie delako generoa garatuz, baina tradizio hori are luzeagoa da literaturaren historian, eta asfaltozko errepideak existitu aurreko garaira luzatzen da gainera; nobelan bertan egiten da horren errepaso txiki bat. Baina egia da grazia egiten zidala road novel-etako klixeetako batzuk –normalean Estatu Batuetako paisaiarekin imajinatzen duguna, gasolindegiak, motelak eta abar– Euskal Herriko errepideetara ekartzeak.

Hiru plano ezberdin aurkitzen ditugu narrazioan, garai ezberdinetan kokatuak. Istorio nagusian, bikote batek autoz Euskal Herrian zehar egiten duen bidaia kontatzen zaigu. Izenburuak dioen bezala oporraldi lasaia da itxuraz, euren harremana bezalakoxea (“…turista langidoak, gogogabeak, hilduak”…), ezer gertatzen ez dela dirudi. Baina bi protagonistek daramatzaten zamek, gordetzen dituzten sekretuek, eztanda egiten dute azkenean, eta antsietateak hartuta, ihes bat bihurtzen da. Zer adierazi nahi izan duzu?

Bidaia lasaia nahi dute, eta hala ematen du (bapo bazkaltzen dute, itsaso aurrean txakolina edaten dute…) baina ezin dute barneko bidaia saihestu. Bidaiak aurrera egin ahala, ezkutuan eraman izan dituzten auziak azaleratuz joango dira. Etxetik kanpo egon behar izan dute, kotxe batean sartuta egon behar izan dute azkenean beren arteko kontuak garbitzen hasteko.

Bigarren plano batean Ulia protagonistaren amaren bizitza ezagutuko dugu, eta aldi beran, ama-alaben arteko harreman korapilatsua. Amak bizitzaren aurrean jarrera ausarta eta borrokalaria erakutsi duen bitartean, emakume gaztea zalantzatiago, koldarrago azaltzen da.

Ez dut uste amak jarrera borrokalariagoa izan duenik. Egia da “borrokalari” baten bikotekidea izan dela, baina zer-nolako papera bete du emakumeak? Ba “borrokalariaren atsedena” baino ez da izan, gizonaren zain etxean geratzen zena bihotza estututa…, emakumearen rol historikoa beraz. Egia da akaso aurreko generazioak –esaterako nire amaren belaunaldikoak, baina ez guztiak, noski, politikoki inplikatuta zeudenak, ezkertiarrak eta abar– feminismoaren inguruko nozio handiagoa zutela maila teorikoan, baina praktikei begira ez dakit nik diferentzia handirik topatuko ote genukeen.

Bidaian zehar behin eta berriz modu misteriotsuan azaltzen den Sarah kazetari erdi-britainiarraren pertsonaia, lehen eta bigarren planoen arteko lotura da nolabait. Hari buruz diozu: “bera izan zen gure deux ex machina partikularra”… Zein paper jokatzen du zuretzat istorioan?

Bikotearen ispilu lana egiten du nolabait, biek beren sekretuak ikusten dituzte Sarahren aurrean kokatzen direnean. Bestalde, atzerritarra izanik, beti aukera ona da Euskal Herriari buruz kanpo begirada –ustez neutral– bat eskaintzeko.

Euskal Herria atzerritarren begiradatik erakusten zaigu (Gustavo madrildarra, Sarah britainiarra), bere topiko guztiak barne. Haien begiradaren bitartez ikusten dugun hori ere gure herria al da, nolabait?

Aurten ariketa kuriosoa egin dut ikasleekin. Euskaldunen inguruko ikus-entzunezko irudikapenak aztertzen ibili gara, kanpoan egindakoak –McGyver, kasu–, Espainian egindakoak -Ocho apellidos vascos– eta baita Euskal Herrian bertan egindakoak ere – adibidez EiTBren autopromoziorako spotak. Eta konturatu gara topikoetako asko guztietan errepikatzen direla berdin-berdin: txapela, irrintzia, jarrera basatia, sukaldearekiko miresmena… Guk sinistu dugu kanpotik gutaz esaten dena edo oso arrakastatsuak izan gara auto-irudi bat esportatzen? Horra galdera.

Euskal gatazka, ETA eta borroka armatuaren ingurukoak presente daude eleberrian. Saihestezina, gure herria ezagutzera ematerakoan? Zaila izan al da posizionatu edo iritzirik eman gabe gaia ikuspuntu ezberdinetatik azaltzea?

Ikasle atzerritar asko ditut orain, Euskal Herriko Unibertsitatera Koreatik, Lituaniatik edo Danimarkatik etorri direnak lauhileko batez, eta konturatu naiz ez dakitela ezer edo apenas ezer ETAri buruz, eta ni pozten naiz, beste gauza positiboagoetan zentratuta daudelako. Hiper-atrofiatuta egon da ETAren kontua gure bizitzetan, medioetan, politikaren eguneroko jardunean… eta hori apalduz joango da eta laster ez da gai saihestezina izango. Baina istorio honetarako behar nuen, eta agian azken aldiz jorratu dut gaia, auskalo. Ez posizionatzea ez da zaila izan, zailena kontrakoa izango litzateke niretzako, alegia posizio argi bat edukitzea gaiaren inguruan, eta gainera pontifikatzen ibiltzea: nik ez daukat posizio irmorik, gure inguruan gertatu diren gauza asko ezin ditut ulertu ere egin, beraz hausnarketa apur bat egiteko idatzi dut eleberria, nire konfusioa apur bat argitzen saiatzeko. Noski, batzuek esango dute printzipio kontua dela, baina printzipio oso argiak edukita ere –esate baterako, biolentziaren kontra egotea– kontradikzioak saihestezinak izango dira, eta printzipio horiek maila abstraktutik errealitatearen ur lohietara jaitsita gatazkatsuak bihurtuko dira, halabeharrez.

Beste gudu bat ere agertzen da hirugarren plano batean, Bigarren Mundu Gerra. Eta honekin batera, kronologikoki eta geografikoki eleberrian urrunen geratzen den Benjamin Britten konposatzailearen istorioa. Pazifismoak Brittenen musikan izandako eraginaz idazten ari da protagonista doktoregaia. Zergatik erakutsi nahi izan diguzu haren bizitza?

Alde batetik, neska protagonistaren ikerketa lana da, neskaren iraganarekin konektatzen dena, zehazki bere iraganeko pasarte traumatiko batekin. Eta, bestetik, Britten oso interesgarria da aurreko erantzunean esan dudanagatik. Bakezalea zelako eta Bigarren Mundu Gerra bizitzea egokitu zitzaiolako. Kontzientzia eragozlea egin zen eta ez zuen frontera jo behar izan, bere belaunaldikide askok bezala. Oso kritikatua izan zen eta lagunak galdu zituen bere erabakiagatik, ezin zuten ulertu nolatan geratu zitekeen besoak antxumaturik Hitlerren mehatxuaren aurrean. Izan ere, bi aldetatik begiratu ahal zaio kontuari: moralki izaki gorena zen Britten, bere printzipio bakezale eta laudagarri horiek muturrera eramateagaik, ala arduragabe jokatu zuen, edo modu koldarrean, jakinda gainera bere herrikide askok bizitza emango zutela gerra hura irabazteko, eta berak ere disfrutatuko zuela gero bake eta garaipen horretaz? Beste galdera bat.

Esan izan duzu insatisfakzioa dela munduaren motorra, baita literaturarena ere. Pertsonaia ziur eta gogobeteekin ez dagoela istoriorik. Oraingoan ere ederki saiatu zara.

Bai, baina kasu honetan bikote protagonista perfektua da besteen begietara. Akaso ispilu aurrean paratu eta haiek ere perfektuak direla sinetsi nahi dute, eta horregatik ezkutatzen dute zabor guztia altzarien azpialdean. Baina egiaz bikote usteldu samarra da, konplikatua, denok garen moduan. Tira, eleberrian esaten da, konplikatuak garela gure sinpletasunean, ze egia da gehienok nahi ditugula gauza berdintsuak, baina gero gertutik begiratzen diozu jendeari eta konturatzen zara misterio bat direla, are gertukoak ere, nola jakin zehazki barnetik gertatzen zaiena?

 Ulia nerabeak Asierrekin, abesbatzako zuzendariarekin duen harremana, Lolita mitoari nolabait keinu bat dela esan daiteke?

Bai, mito horrek –gizon zaharragoen atzetik doan neskato seduzitzailearenak – egin duen minari keinua, hobe esanda. Uliak ezkutuan du iraganeko pasarte hori, gertatu zena bere letra guztiekin esatera ere ez da ausartu, alegia, bortxaketa bat izan zela, zergatik? Ba uste duelako nolabait berak probokatu duela, Asierrekin maiteminduta dagoelako eta begiradak bota dizkiolako. Eta, herri jakinduriaren arabera, gizonen sexualitatea kontrolaezina da, munstro bat, munstroa askatzen badugu, gero ondorioak agoantatu beharko ditugu, berdin da gizonezkoa nagusiagoa baldin bada, nerabe baten jokoa geldiarazi beharko lukeena ardura hutsez.

Amaitu duzun liburua ahaztu, eta hurrengo proiektuetan murgiltzeko joera omen duzu. Ba al duzu zerbait esku artean?

Ideiak asko, ez zait ordenagailu aurrean esertzeko tenorea heldu oraindik ordea. Ipuinak idatzi nahiko nituzke, badut liburu oso bat betetzeko adina, baina soilik buruan. Arnasa luzeagoko istorio batekin ere banabil, amatasunaren gaiari heltzeko; zehazki, bere seme-alabak hiltzen dituen ama baten istorioa izango litzateke. Baina auskalo, momentuz proiektuak baino ez dira.

 

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario