Kattalin Minerrek irabazi du Tene Mujika Saria, transexualitateaz ariko den proiektu batekin

Kattalin MinerKattalin Miner kazetari hernaniarrak irabazi du aurtengo Tene Mujika beka, duela hamar urte bere burua hil zuen gazte transexual baten historia eta kasu hark izandako ondorioak aztertzeko egitasmo batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Minerrena eman du irabazletzat Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Aitor Zuberogoitiak osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du kazetariak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Amaia-Aimar Elosegi hernaniar transexualak bere buruaz beste egin zuen 2007an, eta, hamar urteren buruan, haren lagun Minerrek zenbait galdera egin nahi ditu: nor zen Amaia-Aimar? Zer utzi nahi izan zuen ondorengoentzat? Nola oroitzen da, oroirtzen bada, gertakari hura? Nola aldatu da, aldatu bada, transexualekiko ikuspegia hamar urte hauetan? Zein leku eman diogu gure memoria intimo eta kolektiboan gertakari hari? Memoriaz, suizidioaz eta transexualitateaz gogoeta egin nahi du Minerrek, besteak beste, bere oroitzapena eta hainbat jenderen lekukotasuna baliatuz.

Kattalin Miner Hernanin sortu zen 1988an. Kazetaritzan lizentziatua da, eta masterrak ditu literatura konparatuan eta berdintasun alorrean. Mugimendu feministako milintatea da eta eleberri bat kaleratu zuen 2017an: Nola heldu naiz ni honaino (Igartza Saria irabazitakoa).

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario