Koldo Zuazo: “Mendebaleko euskalkiaren ardatza Araba da”

“Arabako euskara” liburua kaleratu berri duzu, baina aspalditik zabiltza zu Arabako euskara aztertzen…
1989an Errenteriako Udalak “Koldo Mitxelena” I. Ikerketa Saria antolatu zuen eta, hain zuzen, Mitxelenak atera zuen Arabako euskara agerira, 1958an Landucci italiarrak egindako hiztegia argitaratu zuenean. Geroago, Arabako beste zenbait gauza azaldu ziren eta bururatu zitzaidan Arabako euskara aztertzea gai egokia zela Sariketa horretara aurkezteko. Horrela sartu nintzen Arabako euskaran eta horrela sartu nintzen Araban bertan.

Garai bateko zure lehen azterlanetatik hona, ze datu eta ze iturri berri azaldu dira?
Alde batetik, Arabako lekuko bi gehiago ezagutzen ditugu: Araiako Julian Garzia de Albeniz eta Joan Perez Lazarraga. Dudarik gabe, aurkikuntza handia izan da Lazarragaren izkribuak ezagutzea. 2004an gertatu zen hori. Bestalde, toponimia ere hobeto ezagutzen dugu. Dena dela, Arabako mugako hizkerak ezagutzea izan da niretako esanguratsuena: Deba ibarrekoak, Goierrikoak eta Nafarroako Burunda, Ameskoa eta Lana ibarretakoak.

Datu berri horiek, lehen ez bezalako ondorioetara eraman zaituzte?
Bai. Hiru urte eman ditut Urdiainen Burunda aldeko euskara ikasten. Mendebaleko gauza asko esaten dira Nafarroako eskualde horretan. Beti uste izan dugu gauza horiek Bizkaian sortu eta handik zabaldu direla inguruetara, baina hori zaila da. Zaila da Bizkaitik Burundara ezer joatea eta, askozaz zailagoa, Bizkaitik Ameskoara edo Lanara ezer joatea. Aldiz, euskalkiaren ardatza Araban kokatuta, errazagoa da zabalkunde hori ulertzea. Mendebaleko ezaugarriak Goierrin aurkitzea ere errazago gertatzen da Arabatik joan direla pentsatuta.

Lehengo eztabaida zen, ea Arabako euskara Bizkaikoaren adar hutsa zen ala nolabaiteko euskalki beregaina. Auzi hori gaindituz, bestelako hipotesi bat proposatzen duzu zuk Mendebaleko euskararentzat.
Hala da. Mendebaleko euskalkiaren ardatza Araba eta, zehatzago esateko, Gasteiz dela uste dut eta handik zabaldu zela inguruetara. Baliteke behin XI. menderako Gasteizen eragina nabaritzen hasita egotea, baina garbi dagoena da eragin hori itzalita zegoela XVI. menderako. Gasteiz oso erdalduntuta zegoen orduko. Gasteizen indarra galtzean, uste izatekoa da gainerako alderdiak euren kasa ibiltzen hasiko zirela eta, beharbada, orduan askatu zen Bizkaia Arabatik. XVI-XVII. mendeetarako behintzat, Bizkaiko euskarak badauka bere nortasuna; orduko “euskalki” beregaina zela esan dezakegu.

Zein dira Mendebaleko euskara Gasteiz inguruan sortu eta bertatik hedatu zela baieztatzeko dituzun froga nagusiak?
Lehena eta esanguratsuena, mendebaleko euskarak egin dituen berrikuntzetako asko Bizkaian ez eze, Araban, Gipuzkoako Deba ibarrean eta Goierrin, Nafarroako Burundan, Ameskoan eta Lanan, eta Burgosko eta Errioxako zenbait alderditan ere badaudela ikustea. Zabalera hori lortzeko, badirudi Arabak izan behar duela nahitaez sorgunea.

Bestetik, XVI. mendeko izkribuak bata bestearekin alderatuta , Arabako euskara Bizkaikoa eta Deba ibarrekoa baino berritzaileagoa agertzen da gauza askotan. Jakina, berrikuntzen sorlekua Bizkaia balitz, hango euskara izango zen berritzaileagoa eta Arabakoa, berriz, gordetzailea, eta alderantziz gertatzen da.

Eta hirugarrenik, berrikuntzak zabaltzeko hirigune indartsuak behar dira eta Erdi Aroan Gasteiz zen mendebal guztiko hirigunerik haziena. Askozaz geroagokoa da Bilboren handitasuna, XIV. mendeaz gerokoa, eta mendebaleko euskalkia egituratuta zegoen orduko. 

Eta Gasteizkoaz gainera, zein izango lirateke Erdi Aroko euskararen beste sorgune nagusiak? Denak aldi berean gauzatu zirela uste duzu?
Orain artean bost sorgune bereizi ditut: a) Iruñea, b) Gasteiz, c) Zuberoa, d) Bizkaiko erdigunea eta e) Gipuzkoako Beterri eskualdea. Denetan antzinakoena Iruñea zela uste dut eta iruditzen zait handik zabaldu zirela gaur egun Euskal Herri osoan aurkitzen ditugun berrikuntza komunak. Ziurrenera, Gasteiz izan zen bigarrena; beharbada Zuberoa hirugarrena, Bizkaiko erdigunea laugarrena eta Beterri azkena. Dena dela, goizegi da oraindik gauzak nola izan ziren ziur esateko. Lanean jarraitu beharra dago.

Liburuan ez duzu gai soziolinguistikorik jorratu, baina noiz hasten da Arabako euskara atzeraka, eta zein dira horren eragileak?
Alde batetik, Arabako hego-mendebaleko toponimia erdalduna da. Horrek esan nahi du edo alderdi hori oso goiz erdaldundu zela edo, bestela, sekula ere ez dela izan euskalduna. Bestetik, Gasteiz XVI. mendean erdaldundu zen eta haren eragina laster zabaldu zen herrialde osoa.

Ea zeintzuk izan ote ziren erdalduntzeko arrazoiak? Ez dakit zehatz-mehatz, baina kontuan eduki behar da Gaztelak Indiak bereganatu zituenetik, Hego Euskal Herria Gaztelara eta Indietara begira jarri zela. Han zegoen lana eta hara emigratu zuen jende euskaldun askok. Espainia inperio zabalaren jabe zen eta ospe handia zeukan eta handitasun horretan leku bat egitea zen euskaldun askoren ametsa. Gaztelania ikasteari eman zitzaion lehentasuna. Euskara bigarren mailan geratu zen, eta askorentzat horretan ere ez.

Zure liburuan bada alderdi berezi bat: euskarak Arabako gaztelanian utzi dituen arrastoak; zenbateraino dago bizirik bertako gaztelania hori?
1970 aldera sartu zen industria Araban. Harrezkero gainbehera egin du nekazaritzak eta herri txikiak ere gainbehera etorri dira. Aldakuntza horren eragina esparru guztietan nabari da. Esango nuke 1970a baino aurretik Arabako herri txikietan jaio ziren lagunek euskarazko hitz asko erabiltzen dituztela euren eguneroko jardunean, baina askotan konturatu gabe euskarazkoak direla. Esate baterako, arabar askok ez dute esaten “ortiga”; “achún” baliatzen dute.

Arabako euskara homogeneoa zen, ala desberdintasunak daude leku batetik bestera?
-Eremu nagusi bi ikusten ditut: mendebala eta ekialdea. Ematen du Arabako ekialdean txikiagoa zela Gasteizen eragina eta handiagoa Iruñekoa, baina hori ere hipotesi bat besterik ez da.

Zure ustez, liburu honek lagunduko du gaurko arabarrek euskara bere ondaretzat sentitu dezaten eta berreskurapenean sakondu?
Hala espero dut. Gaur egun oraindik, arabar zenbaitek uste du euskara kanpotik eraman dutela hara, Bizkaitik edo Gipuzkoatik, eta hori, jakina, ez da inondik inora egia. Beste aldetik, berriz, Araban euskararekin lanean dihardutenek bertako erreferentziak ezagutu behar dituzte. Araban ezin da edozein euskara erakutsi eta erabili; ahal dela behintzat, bertan izan zena hartu behar da gogoan. Jakina, gauza batzuk zaharkituta daude eta ezingo dira atzera berriro berpiztu, baina beste gauza asko naturaltasun osoz erabili daitezke. Esate baterako, nik ez nuke Araban “igorri” hitza erabiliko; “bidaldu” erabili zutelako hango lekukoek  eta “bidaldu” delako Araba inguruetan gaur egun esaten dena.

Urteak daramatzazu hango eta hemengo euskara aztertzen: zein duzu hurrengo proiektua?
“Oraina” bizitzea eta gozatzea gustatzen zait eta orain Araitz-Betelu-Lezaeta-Errazkin eskualdean nabil. Hango euskara ez da, beharbada, ikaragarri berezia, baina lekua ederra da eta jendea, berriz, jatorra eta atsegina. Ni, behinik behin, oso ondo hartu naute eta asko lagundu didate. Beraz, ez daukat handik alde egiteko inolako presarik.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario