Marisol Bastidaren “Memoriak. Mikel Laboaren biografia bat” liburuaren hitzaurrea

MemoriakMikel LaboaLiburu honek 1950tik (Mikelek eta biok elkar ezagutu genuen urtetik) 2008ra arteko (elkarrengandik urrundu behar izan genuen urtea) garaia hartzen du. Dena dela, denboran atzerago ere jotzen du, gure haurtzaroaren eta gizartearen nahiz familia-egoeraren berri emateko, gaingiroki bada ere. Ezinbestekoa iruditu zait hori, gure txikitako garaia eta giroa ezagutzea alegia, hala hobeto neurtzen baita Mikelek hartu zuen bidea, batik bat 1962tik aurrera.

Aspalditik dator honako asmo hau; izan ere, uste dut oharkabean hasi nintzela oroitzapen hauek “eraikitzen” hirurogeiko hamarkadaren lehen partean, Mikel gero eta gertuagotik ezagutu ahala. Nolakoa zen, zer egiten zuen eta, nire iduriko, zer egin zezakeen ikusten hasi nintzenean ekin nion bilketari: hala diskoak, nola dokumentuak eta elkarrizketak (egiten ari zena ongi erakusten zutenak batez ere), artikuluak, gutunak (gutxi, haietako asko galdu baikenituen gure etxe-aldaketa sarrietan) eta beste zenbait lekukotza eta oroitzapen. Lan horretan jarraitu nuen hirurogeita hamarreko hamarkadan, eta gero eta gogotsuago eta sistematikoagoko laurogeikoan.

Hamarkada horren ondoren, nire “artxiboak” ugaritzeaz gainera (kontzertu bakoitzaren datu mordo bat jasoz, kritikak bilduz…), hirurogeiko hamarkadan idazten hasia nintzen oharrak ere osatzen hasi nintzen, esperientziak, iruzkinak, gogoetak… gehituz. Pixkanaka, ohar haiek koaderno bilakatu ziren, eta hantxe jaso nituen gure bizipenak; dokumentuen, lagunen oroitzapenen eta elkarren arteko familia-testigantzen bidez, gure gaztaroari eta garai hartako giro orokorrari buruzko zenbait datu bildu ahal izan nituen.

Zalantzarik gabe, nire historiaren ardatza Mikel zen, eta haren ibilbide profesionala, neu ere tartean izanik beste pertsona batzuekin batera. Baina, ardatz horren inguruan, historia ugari zeuden elkarrekin uztartuak, bereziki nirea eta hirurogeiko hamarkadatik aurrera gu ibiltzen ginen gizarteko, familiako eta batez ere kultura-giroko beste zenbait pertsonenak. Mikel jakinaren gainean zegoen nire jarduera hartaz. Maiz, elkarrekin berritzen genituen kontuak edo berak kontatzen zizkidan zenbait gertaera, batzuk niretzat ezagunak eta beste batzuk ez hainbeste. Modu batera edo bestera, proiektuarekin aurrera jotzera bultzatzen ninduen Mikelek.

2010eko uztail aldera, esku artean nituen beste lan batzuk amaiturik, jasotako material guztiak bateratzen hasi nintzen, oroitzapen hauek idatzi ahal izateko. 2011ko ekainean amaitu nuen lehen idatzaldia. Hortik aurrera, etengabe zuzentzen aritu naiz, eta orain aipatuko ditudan pertsona batzuen laguntza izan dut testua ontzeko. Lan honen lehen bertsioa, 2012ko ekainean Word-ean egina, Verónica Castrillon-i eskertu behar diot. Hortik aurrera, gure alaba Agurtzaneri pasatu nion testua, irakur zezan, Verónicari eta Maite Ansa lankide eta adiskideei, Asun Garikanori, Bernardo Atxagari eta gure seme Izarori. Oro har, eta kasu bakoitzean arrazoi desberdinengatik, haien iruzkinek adoretu egin zidan baikortasun-dosiak. Egin zizkidaten oharrak jaso eta zuzenketak sartzen jarraitu nuen.

2013ko udaberri aldera, Juan Kruz Igerabide Laboa Katedraren zuzendariari pasatu nion testua. Haren zuzenketak, oharrak, iruzkinak…oinarrizkoak izan ziren hurrengo pausoa eman ahal izateko: oroitzapen hauek euskaraz jartzeko enkargua Koro Navarrori ematea Katedrak. Eskerrak biei, berriro. Zuzenketak egiten jarraitu nuen, eta Ana Gandarari eskatu nion testuaren zuzenketa ortotipografikoa. Haren lanak asko lagundu zidan. Zuzenketa haiek eta Koro Navarroren itzulpena irakurrita, zuzentzen jarraitu dut. Eskertzen diet aldez edo moldez idatzia osatzen lagundu didaten pertsona guztiei beren laguntza eta lana.

2011ko lehen idatzaldiari jarraitu dion ibilbide mantsoan, nire kontakizunean ageri diren zenbait pertsona zendu dira: nire anaia Felix, Antxon Eceiza, Surrel, Salvat… Horiek guztiek hutsune handia utzi dute, batzuek bereziki samina eta iraunkorra. Prozesuaren amaiera aldera, zorabioa sentitu dut batzuetan, eta beldurra nahiz zalantza ere bai ea testua argitaratzea komeni ote den. Gure intimitatearen parte bat bistara irtengo da oroitzapen hauek argitaratzearekin batera, eta horrek ezbaian eduki nau neure asmoa bete ala ez. Baina, azkenean, ez argitaratzea baino argitaratzea hobea dela erabaki dut. Oroitu dut nola Mikelek esaten zidan asmo hau aurrera atera behar nuela; eta gogora ekarri dut, halaber, zenbat urtez partekatu genituen hainbat helburu: Askatasuna, Justizia, Egia… ahalik eta gehien hurbildu nahirik haietara. Bestalde, memoria eta historia behar-beharrezko baliabideak dira ezagutzarako, aurrera egiteko eta bidea zuzentzeko. Hala, pentsatu dut, bada, historia txiki hau, eta batik bat Mikelen biografiarik egiazkoena eta osatuena argitaratzea, beharbada lagungarria izango dela gure herriaren azken hamarkadotako bilakabide soziala eta batez ere kulturala ezagutzeko (Oteizak garai batean “fronte kultural” zeritzon hura). Horregatik, oroitzapen hauetan egiara ahalik eta gehien hurbiltzen saiatu naiz, egia txiki horretara noski, kontakizunaren hiru maila txirikordatu hauetan: Lehen maila, oinarri-oinarrizkoa nire ustez, Mikelen ibilbide profesionalari eta lanari dagokio. Maila hori, nire jarduera profesionala bezala, era askotako dokumentuz hornitua dago (ez dira guztiak aipatzen, baina izan badira), eta testigantza partekatuak ere badira, kritikak eta abar; datuei dagokienez, egiazta daitezke; iritziei dagokienez, ikus daiteke zer mailatan partekatzen diren. Gure haurtzaroari eta giro soziokulturalari dagozkien ataletan, gure oroitzapenak daude oinarrian, eta familiakoen testigantzak. Testigantza horiek iturri bakar batetik ez hartzen saiatu naiz, baizik eta bi edo hiru iturri erabiliz osatzen, eta gure oroitzapenekin alderatzen. Historiaren alde intimoenak dira, jakina, egiaztatzen zailenak. Hala ere, badira zenbait pertsona, gure bizitzan zehar edo gure bizitzako zenbait alditan inguruan izan ditugunak, gurea baino ikuspegi kanpokoago bat eskain dezaketenak, noski, eta horrek egiaztatzen du nolabait kontatzen dudanaren zati handi bat.

Lan honetan aurrera egiteko azken arrazoi bat, niretzat oso garrantzitsua, hau izan da: oroitzapen hauek idazteak eta berrirakurtzeak niretzat oso ederra izandako bizi-esperientzia bat “berriro biziko” banu bezala sentiarazi dit. Sarritan esan ohi dudan bezala, “ahal banu, berriro biziko nuke hori bera”. A zer atsegina hori egin ahal izango banu! Batzuetan bizitzak heriotzarako bidea baino ez badirudi ere, bide horixe zen guretzat oinarrizkoa, bizitza bera. Garai zailak bizitzen ari gara planeta honetan. Handigosea nagusi da, gailentzen ari da. Iragarpenak ez dira onak. Baina, arrazoiak (ez haren munstroek), humanismoak, eta haietatik datorren ekintzak utziko ahal die gure alaba-semeei bizitza libreagoa, bidezkoagoa eta beteagoa izaten.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario