Lander Garro: “Emoziotik hitz egin behar du idazleak, ez dogmatik”

Gerra txikiaLander Garro Bere inguruko mundua behera etortzen ikusten duen haur baten bizitza kontatzen digu Lander Garrok (Orereta, 1975) Gerra Txikia (Susa) kaleratu berri duen azken nobelan. 

Errenteriako den baina Iparraldera bizitzera joan den errefuxiatu baten semearen azalean sartzen zara. Zer du zutaz haur horrek?

Asko dauka autobiografikotik liburuak, eta, beraz, asko dauka nigandik Xabi Ugartek ere. Nik nire haurtzaroan bizi izan nituen zenbait gertakari terrible bizi ditu berak ere, tartean heriotza, abandonua eta kartzela. Baina ez da liburu autobiografikoa, nobela da, eta nobelagilearen askatasuna izan dut ni izan nintzen haurrarekin pertsonaia bat sortzeko, nobelaren logikaren baitan ni neu baino hobe egokituko zena, modu interesgarriago batez seguruen.

McCarthy-ren zita honekin abiatzen da liburua: Gogoratu behar ditugun gauzak ahazten ditugu eta ahaztu behar ditugunak gogora ekartzen zaizkigu. Gero, istorio barruan, aitonak esaten du: Hiru urteko gerra eta berrogei urteko isiltasuna. Horra izuaren boterea. Badirudi ahanzturak kezkatzen zaituela, ezta?

Politikaren joko-zelaian hitz gakoa da memoria, eta, ondorioz, balak edo bonbak balira bezala erabiltzen dira, erasotzeko, iraintzeko, umiliatzeko. Eta memoria, ia beti, menperatzailearen esku dagoen kontakizuna da. Beti dago egia ofizial bat, behin eta berriz aditzen duguna, eta beste bat, menperatuon etxeko abaroetan gordetzen dena. Eta nobelagilearen betebeharra abaro edo ezkutaleku horretan sartu eta hango egiak lozorrotik esnatzea da. Egia ofizialak ez dioen hori esatea, alegia. Egia ofizialak ezin du literatura izan. Propaganda da.

Bigarren zita, Faulknerrek esanda, zera da: Bere deabruek menperatutako izakia da artista’. Liburu honekin zure deabru batzuk menperatzen saiatu zara?

Dudarik gabe, bai. Ume nintzela heriotza aurrez-aurre ikusi nuen. Umeek uste dute gauzak gertatzen direla hala gertatu behar dutelako, hala direlako, hala izan direlako betitik. Beraz, gerra bizi duen haurrarentzat, heriotza gauza normala da, hura mingarri izan arren. Ez da denbora asko horretaz ohartu naizela, eta banuen heriotza bere tokira, berez dagokion toki bazterrekora itzultzeko premia.

80 hamarkadan  Iparraldeko euskal errefuxiatuen bizimodua deskribatzen duzu. Baina hau ez da nobela politiko bat, argi dago helburua ez dela izan euskal gatazkan sakontzea. Zein izan da asmoa?

Idazle batek ezin du esan, zinikoa izan gabe, bere nobela bat ez dela politikoa. Liburu guztiak dira politikoak, bereziki politikatik, ustez, oso gutxi daukaten horiek. Eta nireak ere badu asko politikotik. Bestelako kontua da idazleak beti izan behar duela irakurlearekiko errespetua, eta honek esan nahi du idazleak inor bere ideietara ekartzeko tentazio oro uxatu behar duela. Horretarako emoziotik hitz egin behar du idazleak, ez dogmatik. Zer esan nahi du emoziotik hitz egiteak? Bada, pertsonaia guztiak maitatzea, ulertzea, eta haiekin enpatizatzea. Enpatia dago liburu guztien oinarrian.

Protagonistak, liburuaren une puntual batean, ulertzen du ‘ezingo diola inoiz patuari izkin egin’. Gizaki guztien patua idatzita dagoela uste duzu?

Liburu honek narzisismoan betiko bizi nahi eta ezin duen ume baten istorioa kontatzen du. Nahi du ume arrunta izan, arropa ederrak jantzi, maitasuna dastatu, baina gerra behin eta berriz dator bere etxera ate joka, eta ezin du. Uste dut munduko milioika haurrek ikusi dezaketela beren burua islatuta, mundua, gehienetan, halakoxea baita, krudela eta makurra. Inozentziaren galera da kontatzen dena. Eta, zentzu horretan, egia da ezin zaiola patuaren alde horri izkin egin. 

Haurtzaroko aurkikuntza batzuk deskribatzen dituzu: sexua, musika… Baina bizitzaren ezinbesteko une batean ere gelditzen zara: umeak heriotzaren esanahia zein den deskubritzen duenean.

1984ko otsailean hil zituen GALek Bixente Perurena eta Angel Gurmindo. Nik Perurena ezagutzen nuen, eta badut akordua, lausoa bada ere, orduan jabetu nintzela heriotza eta galera gauza bera zirela. Ordura arte heriotza abstraktua zen, hildakoak zerura eta ez dakit nora joaten ziren. Ez zen oso kontu larria. Nahiago nuke heriotzaren berri beste modu batez izan banu.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina