“Gure Jerusalem galdua” liburuarekin Aingeru Epaltzak “Erresuma eta fedea” trilogia osatu du

Aingeru EpaltzaGure-Jerusalem-GalduaIzan zen garai bat, kultura eta trebezia handiko idazleek noizean behin nobela historikoak idazten zituztena: Gore Vidal-en Julian (Juliano el Apóstata gaztelaniaz), Marguerite Yourcenar-en Hadrianoren oroitzapenak (Joxe Austin Arrietak euskaratua), Manuel Mujica Láinez-en Bomarzo… Garai jakin batean murgiltzeaz gain, hizkuntzaz eta estiloz ere irakurleen festa izaten ziren eleberri horiek. Gero, generoaren hedatze izugarri bat gertatu zen, obra, egile nahiz irakurle kopuruan, baina ezin esan inola ere lehengo kalitateari eutsi zitzaionik.

Aingeru Epaltza nobela historiko onenaren tradizio hartan kokatuko nuke, zalantzarik gabe. Narratzaile bikainaren ospea bereganatua zuela (besteak beste, Ur uherrak, Tigre ehizan eta Rock’n’Roll nobelei esker), XVI. mendean kokaturiko eleberri-proiektu handi bati ekin zion, Nafarroaren independentzia-galtzea kontatzeko, fikziogilearen luma trebez bezainbat historiaren ezagutza sakonez. Horrela sortu zen “Erresuma eta Fedea”, orain dela hamar bat urte idazten hasi eta orain amaitu den trilogia, hiru liburuz osaturiko triptikoa: Mailuaren odola (2006), Izan bainintzen Nafarroako errege (2009) eta Gure Jerusalem galdua (2013). Eta horrela sortu zen, orobat, Joanes Mailu, eleberrion kontatzaile eta protagonista, nafar erregeen sasiko semea bi aldiz, Erresumaren eta Fedearen (Eliza katolikoa utzita kalbinista egin baitzen Joana Albretekoa) defendatzaile bipil eta nekagaitza.

Trilogiak bere osoan mende bat kontatzen du, 1512an Gaztelak Nafarroa konkistatzen duenetik 1610ean Henrike III.a Nafarrroako erregea (Frantziako IV.a) Parisen hiltzen duten arte. Lehen liburukiak hartzen du urterik gehien, Joanesen aitatxi Migelen historia kontatuz, bere fideltasun eta borrokarako kemenagatik “Mailu” leinu-izena irabaziko duena, eta berau da, aldi berean, hiruretan epikoena, batailaz beteena.

Bigarrenaren tonua jostalariagoa da eta Parisen gertatzen da gehienbat, urte gutxitan, Henrike errege nafarra Margarita Valoiskoarekin (La reine Margot) ezkondu zen garaitik, San Bartolome gauean amaitu arte (katolikoek hiriburuko higanot guztiak hiltzen saiatzen direnean). Tartean aurkituko ditugu gorteko aretoetako azpikeriak, logeletako lizunkeriak eta beste hainbat trikimailu.

Azkenak, berriz, hainbat estilo biltzen ditu bere baitan: batetik, abenturaz betea da, tartean direla kartzelak eta galerak, Mediterraneotik Pariseraino; bestetik, ilunabarreko western deritzen horien antzera, halako doinu malenkoniazko batez janzten da, Joanes Mailu zahartu, mila jipoi hartu eta bere printzipioei uko egin ez dien bakarra dela konturatu ahala; eta azkenik, badago metaliteraruzko keinu bat ere, Mailuren antagonista, etsai eta aldi berean miresle den Axular euskal apaiz, gero idazle goren izango zenaren bitartez.

Hitzezko monumentu bat jaso du Epaltzak, historia eta istorioa ezin hobeki uztartzen dituena, gure lehenaz interesa duten egungo eta biharko euskal irakurleak liluratuko dituena. Baina, obraren gailentasunaz gain, zenbateraino den dibertigarria azpimarratu nahi nuke, fikzioaren magia guztiaz hornitua eta umorearen erregistro ugariz ondua, ironia finetik algara zabalera.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Utzi zure Iruzkina