Itxaso Araque: “Egun sexualizazioa hutsune existentzialaren parte dela esango nuke”
Itxaso Araque Barriuso 1988an jaio zen Donostian, Gasteizen ikasi zuen Itzulpengintza, eta Ingalaterran jarraitu du lanean eta ikasten, Londresen eta Cambridgen. Ondarroako Augustin Zubikarai sariari esker idatzi du bere lehenengo eleberria, Damutzen ez direnak, eta horri buruz joan gatzaizkio galdezka.
– Beka bati esker eman duzu argitaratzeko pausoa. Idazleei laguntzeko formatu egokia iruditzen zaizu? Presiopean sentitu zara?
Pribilegiatua sentitzen naiz eman didaten aukeragatik. Egun bizi dugun krisi ekonomikoarekin, euskal literaturarekiko konpromiso handia erakusten du idazleen sormena sustatzeko diru-laguntza hau emateak. Formatuari dagokionez, epe bat izateak beti jartzen du nolabaiteko presiopean idazlea, baina hala lan egiten dute munduko beste argitaletxeetan ere; erlojuaren kontra lan egite hori ohikoena da gaur egun. Horrela, ez dut presio erantsirik jaso eleberria idaztean.
– Eta nolakoa izan da sortze-prozesua? Eroso aritu zara?
Lanean eta idazten igaro dut urtea, errealitatea eta fikzioa zein zen identifikatzen saiatzen. Londresko institutu arazotsu batean ibili naiz irakasle lanetan, bertako ikasle eta irakasleekin emozionalki oso inplikatuta. Horregatik, hasieran, berebiziko ahalegina egin behar izaten nuen idazteko, horretarako institutuko errealitatetik ihes egin behar nuela uste bainuen. Gerora, ordea, ulertu nuen eleberria eta errealitatea ezin zirela bi mundu paralelo izan, nire baitan biak fikzio baitziren. Orduan hasi zen eleberria gorpuzten. Zentzu horretan, idazteko prozesuak nire ingurua etengabe zalantzan jartzea eskatu du, eta ezjakintasun horretan asko disfrutatu dut.
– Eleberriak hiru istorio kontatzen dizkigu, protagonista bana dutenak. Zerk egiten ditu hiru historiak bat?
Hiru pertsonaiak oso bestelakoak dira, lan, arazo, inguru eta harreman ezberdinak dituzte. Hala ere, hirurek egoera jakin batzuk biziko dituzte, non azken urteetan hartutako erabakiak zalantzan jarriko dituzten. Horrek euren printzipio eta asmoetan hausnartzera eramango ditu, bere buruari galdetzera bizi duten egoera nahi dutena den ala ez. Printzipio, amets, asmo eta ekintzen arteko desoreka.
– Badago halako kosmopolitismo bat, pertsonaien bizilekuetan, erabili dituzun hizkuntzetan… Zenbateraino izan da nahita bilatua eta zenbateraino berez sortua?
Ez dut uste pertsonaiak kosmopolitak direnik, ez baitira edonon ‘etxean’ sentitzen diren horietakoak. ‘Etxea’ zer den eta non dagoen deskubritu nahi dute eta bilatze horretan hiri eta hizkuntza asko nahasten dituzte. Ez dut inongo sofistikazio kulturalik bilatu nobelan, baizik eta toki ezberdinetan bizi direnen diferentziak eta kointzidentziak islatzea.
Hiru istorio, hiru protagonista
– Aipa ditzagun istorioak banan-banan. Stuart daukagu batetik, Goldman Sachs inbertsio-bankuan ari den exekutibo gaztea. Zein dira bere ezaugarriak eta zein bere arazoa?
Erdi-mailako familia bateko semea, Oxfordera joan zen ikasketak egitera. Unibertsitateak utzitako zorrak ordaintzeko asmoz hasi zen Goldman Sachs inbertsio-bankuan lanean, gogoz kontra. Nahiz eta epe laburrerako dela uste izan, bertan geldituko da lanean zortzi urtez. Gora egingo du enpresan, baina neska-laguna galduko du. Azken hau da istorioaren narratzailea, eta atzerabegiratu eta deskribapen subjektiboen bidez narratzen ditu Stuartek bizitakoak.
– Ekonomia-krisia dela-eta, ezin esan broker horiek fama ona dutenik; ez al duzu izan topikoetan erortzeko beldurrik?
Bai, beti dago topiko eta clichéetan erortzeko arriskua, Wall Street filmak edo American Psychok famatu egindako trajedunen estereotipo horietan erortzekoa. Nire zirkunstantziengatik, mundu hori ezagutzeko aukera izan dut, eta, hortaz, pantailan eta liburuetan ikusitakoa alde batera utzita, halako pertsonekin luze hitz egiteko parada izan dut. Harritzekoa da nola broker eta finantza-mundu horretan bizi diren askok ez duten mundu hori serio hartzen. Askok egunero trajedun baten azalean sartu behar dutela aitortzen dute, arrotza zaien norbaiten jarrera bere eginez. Hori da egiten dutena ulertzeko duten modu bakarra. Batzuek pare bat urtetarako lana dela esaten dute, psikologikoki eramangarria ez dela esanez, beste batzuk ordea oso eroso sentitzen dira dinamika horretan. Askotariko ikuspuntuak daude horien artean ere.
– Goazen bigarren harira: Andreas arkitektoa da Berlinen, Bauhaus berpiztu batekin amets egiten zuena, baina orain…
Orain eraikuntza enpresa batean egiten du lan, gaztetan zituen asmoen kontra doazen proiektuak burutuz. Harresia bota eta gutxira joan zen Andreas Berlinera, unibertsiteko ikasketak hasteko. Berlingo Harresiaren hondarrak bizi izan zituen gazte askoren antzera, ‘beste mundu bat posible da’ lelopean, ekintza berritzaile ugari jarri ziren martxan. Bor-borrean zegoen hiria zen Berlin. Urte gutxiren buruan, ordea, hiria errotik aldatuko da, eta horrekin batera baita Andreasen asmoak eta egintzak ere. Hala ere, gaztetako urteen mamua present izango du, eta horrek egun egiten ari dena ezbaian jartzera eramango du.
– Gentrifikazioaz hitz egiteko balio izan dizu atal honek, Europako hiriburu handietako arazoa.
Bai, aipatu bezala, Berlin gentrifikazioaren eredu krudelenetako bat da (txiroak eta baztertuak zentrotik hurbil dauden auzo hondatuetatik bidaltzea, aberatsentzako auzo berri bilaka daitezen). Londres, Paris edo Bartzelonako kasua baino bortitzagoa iruditzen zait; izan ere, hogei urte pasatxo baino ez dira hiria zatituta zegoela. Beraz, gentrifikazioaren abiada oso nabaria izan da. Kuriosoa iruditzen zait nola hitz egiten den gentrifikazioari buruz: ‘beste’ batzuek egindako zerbait da beti, norbera ez da inoiz gentrifikazioaren parte sentitzen. Jarrera hori oso hipokrita iruditzen zait.
Harreman pertsonaletan katramilatuta
– Azkenik, Naroa, kazetari euskalduna, Bartzelonatik Donostiara eta handik Milanera ibiliko dena. Honen kasuan, bizitza profesionala ez dela horren inportantea eman dezake.
Naroaren bizitza profesionala ez da oso arrakastatsua, baina bigarren plano batean jarriko du, mutil-lagunarekiko harremanak sortzen dizkion buruhausteetan arreta jartzeko. Bartzelonan bizi da mutil-lagunarekin, baina honekin Italiara itzultzeko erabakia hartuko du. Harreman pertsonalen bateraezintasunak sortuko dizkio buruhausteak Naroari, eta mutilarekin, lagunekin edota senideekin dituen harremanek bere burua zalatzan jartzera eramango dute.
– Denen kasuan, hutsune existentzialaz gainera, harreman afektibo eta sexualen koxka nabari da: baten batek ez du batere, beste batek harreman ugari du baina nahi luke bakarrean zentratu, infidelitate istorio bat ere bada…
Bai, iruditzen zait gaur egun harreman sexualak harreman afektiboen epizentroan daudela. Harreman oro sexualizatu dugula iruditzen zait. Eleberriko pertsonaiek sexuarekiko duten harremana gai garrantzitsua da, dela gehiegikeria, ezintasuna, bestelakotasuna… Zentzu horretan, egun sexualizazioa hutsune existentzialaren parte dela esango nuke.
– Nobela luze samar batekin sartu zara literaturaren plazan. Ez ipuin, ez eleberri labur… Pozik izandako esperientziaz? Eta hurrengo pausoa zein izango den aurreratzerik?
Ez diot inongo mugarik jarri sormenari, ez formatu ez hitz kopuruaren aldetik. Hortik eleberri hau sortu da, nik nahita eta nahi gabe. Sormenarekiko konpromiso bat sentitzen dut, erantzukizun bat. Eta hori horrela den heinean, idazten jarraituko dut.