Koldo Izagirre: “Hiria da, zentzu zabalean, liburuaren gai nagusia”
Irrikaz espero dute irakurle askok Izagirreren liburu bakoitza; bere genero maiteenera itzuli da, poesiara, Parisen bizi naiz bildumarekin, modu libre eta iradokitzaile batez gogoeta egiteko gure bizierez, gure bizilekuez.
2006an atera zenituen azken poema liburuak, Teilatuko lizarra kantuen bilduma eta Rimmel aita-alaba harremanean ardaztua. Oraingo hau, azken urteetan ondu duzu? Lehenagotik hasita zeneukan?
Aurten idatzi ditut poema guztiak. Hala ere, apunteak neuzkan hartuak. Irakurrian, ibilian, entzunean jasotako paisaiak, kontzeptuak, iritziak…. Saiakera laburrak egiteko asmoa neukan, artikulu luzexkak. Moldatu nituen bizpahiru, eta ez zitzaizkidan batere gustatu. Utzi egin nuen, baina koadernoa mahai gainean neukan eta pixkanaka hartara bihurtu nintzen ostera, miaka. Poemen forma hartzen hasi ziren apunte haiek.
Gaiak askotarikoak dira: poesia bera, hiria, hizkuntza, bizitza… Nahita bilatutako ugaritasuna da? Libre utzi duzu eskua?
Bai, liburua ez da ideia, irudi edo alegoria baten inguruan eraikia. Bilduma da, eta bilduman ez dut atalketa tematikorik egin, hariak gurutzatu ditut: bizitza eta heriotza, maitasuna eta politika, hirigintza eta pertsonaiak, kalea eta bazterra… Berdin jokatu dut forma aldetik ere, poema narratibo baten ondoan estrofa zorrotz neurtuak ageriko dira. Baina saski-naski antolatua da nolanahi ere, batasun handia dauka liburuak, azpiz.
Berrikuntza eta ausarkeria bat: prentsan publikatuak zeneuzkan iritzi-artikulu zenbait sartu duzu, tarteka. Poesiaren trinkotasunetik atsedentxoak eskaintzeko? Ala zure prosazko lanek poesiatik dutena ere agerian uzteko?
Sei iritzi artikulu txertatu ditudala uste dut. Baina seiek, oro har, hirigintza dute gai nagusia, egunerokoaren antolamendua. Eta oso egoki datoz poemen gaiekin eta tonuarekin. Poemen artean kokatuta, poetikoak direla eman lezake, bai. Artikulu horiek informazio zuzena ematen dute… Esan dizut hasieran saiakera moduko bat nahi nuela egin, gero poemak sortu dira. Lehendik ere zer edo zer esana neukanez gai honetaz prentsan, sartu egin ditut. Atrebentzia logikoa eta koherentea dela uste dut. Hiria eta hirigintza da, zentzu zabalean, poema liburuaren ildo nagusia. Nik horretaz jardun nahi nuen, poemetan izan edo prosan izan.
Lehenari begira, malenkonia-ukitu batzuk baimendu dizkiozu zeure buruari, harrigarriro esango nuke…
Izan liteke adin kontua. Baina izan eta ezin batean bizi denak malenkonia bat izatea normala da, etorkizun baten desioa, bestelakotasun bat. Bizi naizen hirian, alameda paristar dekadente eta polita zena, bere urki zuri eta harri txintxarrarekin, parkin baten estalki bihurtu dute, inon diren traba arkitektoniko ergel eta amorragarrienekin. Merkatuak, bertako produktuen eta bertako hizkuntzaren guneak zirenak, suntsitu egin ditu hiri honek banan-banan, batean macdo bat jartzeko, bestean fnac bat, harakoan etxemultzo askolako bat… Benetako hiriek ez dute horrelakorik egiten. Hirigintzan gertatu duten hori bera gertatu digute artean, musikan, politikan ere. Malenkonia-ukituak, nola ez!
Horri loturik, gure herriari, zeure buruari, orain arteko ibiliari errepaso modukoa egiten diozu. 60 urte bildu berri dituenaren “kopetako zimurrak”?
Bai, album bat zabaldu banu bezala. Albumean ikusten dudana tamalgarria da batzuetan, bestetan barregarria, zenbaitetan harrotzekoa. Iragan zurbila, iragan zurruna, Francoren zakurrak, ilargiaren alde iluna, alderdiko gizakia, hondakinetako bisitaria… Kopetako zimurrak dira, bai, eta ez dira azalekoak.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Los más vendidos de la semana – Asteko libururik salduenak 2013-11-20
- elkarlibbuk bat irabazi nahi al duzu? – ZOZKETA →